Lehia Perfektua: Eskariaren Kurbak eta Mozkinen Oreka

Ekonomia3,62 KB

Lehia Perfektua eta Eskariaren Kurbak

Beraz, marka bateko ibilgailuak eta beste marka batekoak ezberdinak direnez, Ford konpainiak badaki ibilgailu batzuk bederen saltzen jarraituko duela, beste marka bateko ibilgailuak baino garestiago saltzen baditu ere. Ekonomia hizkuntzan, horrek esan nahi du Ford konpainiak malda negatiboko eskariaren kurbari aurre egiten diola, eta ez kurba horizontalari, lehia perfektuko enpresek egiten duten moduan.

Lehia perfektuaren alderdi bereizgarria zehazteko, enpresa batek aurre egin beharreko eskariaren kurba eta merkatuko eskariaren kurba bereizi behar ditugu. Tomate merkatuak ez du eskariaren legearen aurka egiten: erosleek merkatuan erosten duten tomate kopurua handitu egingo da tomateen prezioa jaisten bada. Alegia, tomate merkatuaren eskariaren kurbak malda negatiboa du. Hala ere, tomateak ekoizten dituen baserritarrak eskari horizontaleko kurbari egin behar dio aurre, berak duen merkatuko kuota txiki-txikia izanik, ekoizpena aldatu arren ezin baitu aldarazi merkatuaren oreka. Horrela, eskari horizontaleko kurba lehia perfektuko enpresa baten ezaugarri nagusia da. Enpresa batek prezioak igo baditzake bezero guztiak galdu gabe, ez da lehia perfektuko enpresa.

Oreka prezioan oinarriturik, enpresa bakoitzak bere eskaintzaren kurbak prezio jakin horretan adierazten dion kopurua ekoitziko du. Enpresa bakoitzaren eskaintzaren kurba ekoizpen kostuen mendekoa izango da.

Lehia Perfektua eta Mozkinak Epe Laburrean

Lehiako oreka prezioa enpresa guztientzat berdina den arren, mozkinak ez dira berdinak izango. Izan ere, instalazioak, makinak eta antolakuntza eta kudeaketa ezberdinak izango dira, enpresaren kostuak ere bai, eta, beraz, baita mozkinak ere.

Egoera hori epe laburrean gerta daiteke soilik, enpresa birmoldatzea ezinezkoa denean. Izan ere, denbora igaro ahala, mozkin gutxien lortzen dituzten enpresek bi bide hauetakoren bat hartu beharko dute:

  • Ekoizpen prozesuak berregokitu, mozkinak handitzeko.
  • Instalazioak itxi eta beste sektore errentagarriago batean jardun.

Aparteko Mozkinen Desagerpena Epe Luzean

Beste alde batetik, lehia perfektuko merkatuetan, aparteko mozkinak desagertu egin ohi dira; hau da, mozkin arruntak egongo dira: enpresek lortzen dituzten mozkin guztiak kostuak berdintzeko izaten dira, enpresarien ordainsari arrunta barne. Jarraian azalduko dugu lehia perfektuko merkatu batean aparteko mozkinak zergatik desagertu ohi diren. Eman dezagun tomateak ekoizten dituen nekazari batek (eredugarri izan daitekeen bat) mozkinak lortzen dituela.

Egoera horrek epe ertainean iraun dezake, baina beste ekoizkin batzuk lantzen dituzten nekazariak tomateak ekoizten dituzten nekazarien mozkinez ohartu eta tomateak lantzen hasiko dira (baliteke beste sektore batzuetan jarduten duten enpresariek ere tomatea ereitea edo lurrak berritu eta tomateak landatzen hastea). Tomate ekoizle berriak sartzean, tomateen prezioa jaitsi egingo da (eskaintzaren kurba eskuinerantz higituko da).

Sarrera eta Irteera Mekanismoa

Lehia merkatu batean mozkin handiak baldin badaude, beste eskaintzaile batzuk sartuko dira. Lehia industria batean galerak baldin badaude, aldiz, enpresak bertatik irtengo dira. Mozkinak lortzeko aurreikuspenak nolakoak, halakoa izango da merkatu horretan sartu nahi izango duten eskaintzaileen kopurua. Izan ere, tomateen prezioak jaisten jarraituko du, harik eta mozkinak desagertu arte; hau da, kostu guztiak berdindu arte, nekazaritza arloko enpresarien ordainsaria barne, noski. Horrela, bada, merkatu batean mozkin handiak izango direla aurreikusten bada, ekoizle gehiago sartuko dira merkatura.

Deskargatu

PDF Word HTML