Lehen Sektorea Europar Batasunean: Ezaugarriak eta Kontrasteak
Lehen Sektorearen Ezaugarri Orokorrak
Europar Batasuneko lurren % 77 baino zertxobait gehiago landa-lurra da. Lur horien % 47 nekazaritzako jardueretarako erabiltzen da, eta gainerako % 30a basoa da. Landa-eremu horretan bizi da EBko biztanleen % 56, baina EBko biztanleria okupatuaren % 5ek bakarrik lan egiten du lehen sektorean.
Lehen sektoreak garrantzia galdu du Europar Batasuneko ekonomian. Haren ekoizpenaren balioa ez da iristen BPGd-aren % 3ra, nahiz eta kopuru hori % 6koa izan aintzat hartzen badugu nekazaritzako elikagaien industriaren ekoizpena ere, lehen sektorea hornitzaile duena.
Nekazaritza eta Abeltzaintza: Ekoizpena eta Ustiategiak
Nekazaritzako ekoizpena askotarikoa da: zerealak (batez ere, garia, espelta eta artoa), bazka, hazi eta fruitu oleaginosoak, barazkiak, frutak, patatak, esnea eta nagusiki haragia.
Nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerei dagokienez, ustiategi intentsiboak, estentsiboak eta ekologikoak daude. Ustiategi horien batez besteko tamaina 15 hektareakoa da, eta produktibitate handia dute, sektorea oso mekanizatuta dagoelako. Ekoizpenaren zati bat industriara bideratzen da. Europar Batasuna nekazaritzako elikagaien esportatzaile nagusietako bat da, eta era berean, elikagaien inportatzaile nagusia.
Arrantza eta Akuikultura EBn
Arrantzari eta akuikulturari dagokienez, Europar Batasuna munduko bosgarren ekoizle nagusia da; aurretik ditu Txina, Indonesia, India eta Peru. Bolumenari erreparatuz gero, ekoizle nagusiak Espainia, Danimarka, Erresuma Batua eta Frantzia dira. Ekoizpena handia bada ere, EBk arrantzako produktuak inportatzen ditu. Gehien inportatzen duen herrialdeetako bat Espainia da, kontsumo-ohitura handia baitu.
Herrialdeen Arteko Kontrasteak eta Espezializazioa
Europar Batasunean, nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpenak funtsezko beste ezaugarri bat du: eskualdeko espezializazioa.
Eskualdeko Espezializazio Mota Nagusiak
- Atlantikoko Europan, nagusi dira larrez eta bazka-landarez elikatutako abereen ustiategiak.
- Mediterraneoko Europan, lehorreko nekazaritza estentsiboa erabiltzen dute, nagusiki garia, mahatsa eta olibondoa hazteko; eta nekazaritza intentsiboaren bidez etekin handia lortzen dute sail ureztatuetan, barazkiak eta fruta-arbolak landatuta, batik bat.
- Barnealdeko ordokietan, etekin handia ateratzen diote nekazaritza estentsiboari, mekanizazioari eta laboreen txandakatzeari esker. Neguan, zerealak eta patatak landatzen dituzte, eta udan, berriz, abereentzako bazka eta erremolatxa, nagusiki. Eremu horretan esplotazio mistoa egin ohi dute; hau da, nekazaritza eta abeltzaintza.
Europako mendebaldeko herrialdeetan, nekazaritza eta abeltzaintzako sektorea oso mekanizatuta dago, eta Europa ekialdekoetan, berriz, mekanizazioa askoz txikiagoa da. Hegoaldeko eta ekialdeko herrialdeetako eskualde batzuetan, nekazaritza tradizionala egiten dute oraindik, eta etekin txikia lortzen dute.