Lehen Mundu Gerraren Kausak eta XIX. Mendeko Ideologiak

Historia4,01 KB

Lehen Mundu Gerraren Kausak

Lehen Mundu Gerraren kausak bi bloke nagusitan bana ditzakegu: politikoak eta ekonomikoak.

Kausa Politikoak

Itunak

Bismarckek, Frantziaren aurkako gerran garaile izan ondoren, Frantzia isolatuta mantentzeko aliantza sistema bat sortu zuen. Horrela eratu zen Aliantza Hirukoitza (Alemania, Austria-Hungariako Inperioa eta Italia).

Horri erantzuteko, Frantziak, Errusiak eta Erresuma Batuak Entente Hirukoitza osatu zuten.

Balkanetako Auzia

Otomandar Inperioaren ahultzeak tentsioak sortu zituen Balkanetan. Errusiak eta Austria-Hungariako Inperioak lurralde horiek bereganatu nahi zituzten, Erresuma Batuak oreka mantentzen saiatzen zen bitartean, bere interesak babesteko.

Kausa Ekonomikoak

  • Bigarren Industria Iraultza: Ekonomiaren hazkunde izugarria ekarri zuen, premia berriak sortuz eta munduko ekonomia eraldatuz.
  • Lehengaien beharra eta kolonialismoaren areagotzea: Industria garatzeko lehengaiak eskuratzeko beharra handitu zen.
  • Merkatu berriak eta estatuen arteko lehia: Produktuak saltzeko merkatu berrien bilaketak potentzien arteko lehia areagotu zuen.
  • Potentzia berrien sorrera: Alemania, AEB, Italia, Errusia eta Japonia potentzia industrial eta ekonomiko gisa finkatu ziren.
  • Aldaketa sozio-ekonomikoak estatu industrializatuetan.
  • Armamentu-lehia: Potentzien arteko mesfidantzak armamentuan inbertsio handiak egitera eraman zituen.

Kolonialismoa eta Nazionalismoaren Gorakada

Estatu industrializatuek, beren premia ekonomikoak asetzeko (batez ere lehengaiak lortzeko), jarrera kolonialista indartu zuten. Adibidez:

  • Frantziak Afrikako iparraldean zuen presentzia zabaldu zuen.
  • Erresuma Batuak India osoa bereganatu zuen, ustiapen helburu argiekin.

Afrikako kolonizazioa antolatzeko, Otto von Bismarck kantzilerrak Berlingo Konferentzia (1884-1885) deitu zuen. Helburua kontinentearen banaketa ordenatua egitea eta potentzien arteko gatazkak saihestea bazen ere, praktikan tentsioak areagotu eta herrien arteko arazoak larriagotu zituen.

Testuinguru honetan, estatu kolonialisten gastu militarra handitu egin zen, eta, horrekin batera, sentimendu nazionalistak indartu ziren Europako herrialdeetan.

XIX. Mendeko Ideologia Nagusiak

Frantziako Iraultzaren ondoren, Europan inperio zaharrak nagusi baziren ere, bi ideologia-mugimendu indartsu hedatu ziren, Antzinako Erregimenarekin ia erabat amaitu zutenak:

Liberalismoa

Ilustrazioaren ondorio zuzena da. Ideologia honek industrializazioa bultzatu zuen arlo ekonomikoan, eta iraultza burgesak arlo politikoan. Liberalismoaren oinarria askatasuna da, bai politikoa, bai ekonomikoa.

Printzipio Nagusiak:

  • Arlo ekonomikoan: Jabetza pribatuaren defentsa, merkataritzaren eta industriaren garapena.
  • Arlo politikoan: Legearen aurreko berdintasuna, sufragioa (hastapenetan zentsitarioa, gero unibertsalerantz jo zuena), botere-banaketa eta konstituzio baten aldarrikapena.

Gaur egun, liberalismoaren bilakaerak neoliberalismora eraman du askotan. Joera horretan, helburu ekonomikoek lehentasuna hartu dute politikoen gainetik, batzuetan multinazionalak gobernuen gainetik jartzeraino. Sozialki, desberdintasunetan oinarritutako gizarte mailakatu bat sustatu dezake, pobre eta aberatsen arteko aldea handituz.

Nazionalismoa

Frantziako Iraultzan du jatorria, nazio kontzeptuari lehen aldiz esanahi politikoa eman zitzaionean. Nazioa subiranotasunaren jabe bihurtu zen, erregearen botere absolutuaren aurkako egitura gisa. Nazionalismoa, gainera, Lehen Mundu Gerraren eragileetako bat izan zen.

Gaur egun ere, nazionalismoak presente dirau. Gure inguruan, abertzaletasuna da horren adibide argia, Euskal Herria nazio eta aberri gisa aldarrikatzen duena.

Deskargatu

PDF Word HTML