Lehen Mundu Gerra: Historia, Faseak eta Bilakaera

Historia2,81 KB

Lehen Mundu Gerra (1914-1918)

Lehen Mundu Gerra 1914tik 1918ra bitartean gertatu zen. Lau urte hauetan hiru fase nagusi bereizi ziren:

  • Hasierako mugimenduen gerra.
  • Lubakietako gerra luzea.
  • Amaierako krisialdia.

Gerraren hasiera eta mugimenduen gerra

Gerra 1914ko uztailean piztu zen, Austria-Hungariako artxidukea, Franz Ferdinand, Sarajevon hil zutenean. Austria-Hungariak Serbia eraso zuen, eta Errusiak Serbia babestu zuenean, Alemaniak Austria-Hungariaren alde egin zuen. Alemaniak Frantzia ere eraso nahi zuen, eta horretarako Belgika neutrala inbaditu zuen; ekintza horrek Britainia Handia gerran sartzea ekarri zuen.

Hasieran guztiek uste zuten gerra laburra izango zela, baina ez zen horrela izan. Lehenengo fasean, Alemaniak Frantzia azkar garaitzeko Schlieffen plana jarri zuen martxan. Alemaniar tropak Belgikan sartu eta Frantziako iparraldean aurreratu ziren, baina Marneko guduan frantziarrek eta britainiarrek geldiarazi zituzten.

Lubakietako gerra eta fronteak

Ordutik aurrera, Mendebaldeko frontea guztiz blokeatu zen: Suitzatik itsasoraino lubaki-lerro erraldoi bat sortu zen, kilometro askoko luzerarekin, eta bi aldeak lubakietan itsatsita geratu ziren. Hurrengo urteetan, gerra lubakietan borrokatu zen batez ere. 1916an bi gudu ikaragarri gertatu ziren, Verdun eta Somme, non ehunka mila soldadu hil ziren metro gutxi batzuk aurrera egiteko.

Ekialdeko frontea ez zegoen hain geldirik; Alemaniak eta Austria-Hungariak Errusiaren aurka borrokatzen zuten, eta han mugimendu gehiago zegoen. Itsasoan, Britainia Handiak Alemaniari blokeoa jarri zion, eta Alemaniak urpeko ontziekin erantzun zuen, merkantzia-ontziak eta bidaiari-ontziak hondoratuz. Lusitania ontzia hondoratzeak AEBen haserrea piztu zuen.

1917: Erabakigarria izan zen urtea

1917an bi gertakari erabakigarri gertatu ziren:

  • Estatu Batuak gerran sartu ziren, Alemaniak urpeko gerra berrabiarazi zuelako eta Mexikori AEBen aurka egiteko eskatu ziolako, telegrama sekretu bat harrapatu zutelako.
  • Errusia gerratik irten zen, Errusiar Iraultza gertatu zelako eta boltxebikeek bakea sinatu zutelako Alemaniarekin.

Gerraren amaiera eta armistizioa

1918an, Alemaniak azken erasoa jo zuen mendebaldeko frontean, baina tropa estatubatuar berriak iritsi ziren eta Alemania indarrik gabe geratu zen. Herrialde barruan kaosa eta gosea zeuden. Azaroan, Alemaniak amore eman zuen, eta 1918ko azaroaren 11n armistizioa sinatu zuten, gerra amaituz.

Gerraren ondorioak

Gerra honetan milioika soldadu hil ziren, Europa suntsituta geratu zen eta lau inperio desagertu ziren, baina hori beste kontu bat da.

Deskargatu

PDF Word HTML