Langileen Mugimendua eta Kultura XIX. Mendean Espainian

Historia3,97 KB

Langileen Mugimendua XIX. Mendean

Gizarte kapitalista berriak desoreka handiak sortu zituen. Gizarte honek kaltetutako klaseek, nekazaritza esparruko eta industriako proletarioek, hain zuzen ere, 1835etik aurrera gizarte gatazkak burutu zituzten eta gatazka horiek areagotu egin ziren langileek, sozialismoa hedatuz joan zen heinean, klase kontzientzia hartu zutenean. 1835 eta 1868 artean industriako proletalgoa osatuz joan zen, batez ere Katalunian. Langileek lehenengo borroketan makinak suntsitu zituzten, grebak egin zituzten, soldatak jaistearen kontra borrokatu ziren eta gobernuak, bere aldetik, gogor zapaldu zituen. 1839an langileek elkarri laguntzeko, gaixotasunerako, langabeziarako, elbarritasunerako eta abarrerako elkarteak sortzeko zuten eskubidea onartu zen. Hortik sortu ziren lehenengo langile elkarte edo sindikatuak. Sindikatu horiek erabateko askatasuna eskatzen zuten langileek euren interes ekonomikoak defendatzeko asmoz elkartu ahal izateko. 1850 eta 1855 artean erakunde horiek sendotu egin ziren eta lehenengo greba orokorrak burutu zituzten Katalunian, elkartzeko askatasuna eta lanegunaren murrizketa eskatzeko. Une horretatik aurrera, langileen mugimendua, Fourier, Cabet eta Proudhon-en, ideia sozialistetan oinarritzen zena, politizatu egin zen. Gainera, egonezina Espainiako beste ingurune batzuetara eta nekazaritza munduko proletarioengana hedatu zen. 1868tik aurrera Espainiako langileen mugimendua nazioarteko bilakatu zen eta Italiako anarkismoaren eraginaren menpe garatu zen. 1870. urtean, Langileen Nazioarteko Elkartea (LNE) deritzonaren sekzio espainiarra sortu zen. Horrek errepublikanismoa eta kooperatibismoa baztertu eta Bakunin-en Ideologia anarkista bereganatu zuen. 1872an Pablo Iglesias-ek zuzendutako Madrilgo sekzioak tesi marxistak jarraitu zituen eta LNE erakundetik bota egin zituzten. Garai honetan langileen asoziazionismoak eragin txikia izan zuen euskal proletarioen artean; langileak, Bilboko industri eta meatze guneetan bilduta zeuden. 1872an Espainian zeuden ehun eta hogeita hamar elkarteetatik hiru baino ez ziren Hego Euskal Herrikoak. Lan harremanetan gatazkak beranduxeago sortu ziren, Bilboko industri garapenaren garaian zehazki.

Kultura XIX. Mendean

1830tik aurrera, kultura eta zientziaren adierazpenen dinamizazioa gertatu zen. XIX. mendean gobernu liberalak Espainiako analfabetismo maila handia murrizten saiatu ziren eta hezkuntza sistema arautua eta sekularizatua ezarri nahi izan zuten. Hala ere, 1851n Vatikanoarekin egindako Konkordatuari esker Eliza katolikoak hezkuntzaren kontrola beregain hartu zuen. 1857ko Moyanoren Legeak derrigortu egin zuen lehen mailako irakaskuntza mutil zein neskentzat, baina horrek ez zuen analfabetismoa desagerrarazi. Euskal Herrian, oso jende gutxik izan zuen euskaraz alfabetatzeko aukera, ahozko hizkuntza baitzen nagusiki. Hezkuntza arloko agintaritzak gaztelerazko alfabetizazioari eman zioten lehentasuna, eta garai hartan hizkuntza hori kulturaren sinonimo bihurtu zen; hala, euskararen erabilera familiarteko girora eta lagunartera murriztua geratu zen. Hiriguneetan, gazteleraren erabilera nagusitu zen, ez bakarrik harreman administratibo eta judizialetarako, baita lanean eta etxean ere. Europan iraultza liberalak bata bestearen atzetik gertatzen ari ziren bitartean, kultur arloan erromantizismoa eta errealismoa garatu ziren. Mugimendu erromantikoa Europa osora zabaldu zen eta balio handia eman zien giza sentimendu eta emozioei, baira herrien tradizio eta ohiturei ere. Ondorioz, kulturaren eta literaturaren susperraldia gertatu zen Katalunian, Euskal Herrian eta Galizian; izan ere, tokian tokiko hizkuntzen, ohituren eta kulturaren garrantzia aldarrikatzen baitzuten. Bestetik, XIX. mendearen erdialdera, pentsamenduaren joera berri bat sortu zen, positibismoa, zientziari eta teknikari lehentasuna ematen ziona, mundua errealismoz ezagutzeko. Gainera, 30eko hamarkadatik aurrera prentsak garrantzi handia hartu zuen eta indar politikoen adierazpide gisa erabiltzen hasi ziren.

Deskargatu

PDF Word HTML