Langile Mugimendua eta Sozialismo Utopikoa (XIX. mendea)
Gizarte Industrialaren Arazoak: Langile Mugimenduaren Sorrera
Langile mugimendua langileek lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko burututako borroka da. Pixkanaka, egoera hura gizakiak sortutako arazo bat zela ohartu ahala, irtenbidea gizakiak jarri behar zuelako ideia zabaldu zen. Horretarako, ordea, ezinbestekoa zen langileen batasuna.
Langile Mugimenduaren Sorrera eta Garapena
1. Etapa (1842 arte): Ludismoa
Mugimenduaren lehen ekintzak oso bortitzak izan ziren. Langile mugimenduaren baitako joera nagusia ludismoa izan zen. Helburua makinak deuseztatzea zen, langileen zorigaiztoaren eragiletzat baitzituzten. Belgikan, Alemaniar Estatuetan, Frantzian eta Espainian barrena zabaldu zen joera hura, baina gobernuek gogor zapaldu zuten.
2. Etapa (1825etik aurrera): Sindikalismoa eta Kartismoa
Fabrika bereko langileen artean langile elkarteak osatzen hasi ziren, lan-baldintzak hobetzeko. Hasieran, ezkutuko erresistentzia elkarte edo elkarri laguntzeko elkarte modura jardun zuten.
Asoziazionismoa baimendu zenean, laster zabaldu zen Great Trade Union, milioi erdi kidetik gora zituen elkartea. Haren helburua lan-baldintzak hobetzea zen, baina gobernuak legez kanpo utzi zuen.
Britainia Handian, 1836an, William Lovetek Londresko Langile Elkartea sortu zuen, eta hortik jaio zen mugimendu kartista. Lovetek Herriaren Karta igorri zion parlamentuari, eta hortik datorkio kartista izena. Gutun hark milaka sinaduraren babesa jaso zuen, eta gizonezkoen sufragio unibertsala aldarrikatzen zuen.
Kartismoaren barruan bi joera bereizi ziren:
- Erradikala: Greba orokorraren eta ekintza bortitzen alde zegoen.
- Moderatua: Hobekuntza ekonomikoak eta sozialak lortzeko metodo baketsuak aldarrikatzen zituen.
Kartismoa XIX. mendearen erdialdera desagertu zen, barne-liskarren eta gobernuaren zapalkuntzaren ondorioz. Hura desagertu ondoren, sindikatuek bideratu zituzten langileen aldarrikapenak, langileen interesak defendatuz.
Sozialismo Utopikoa
Sozialismoa jabetza publikoa defendatzen duen doktrina da, eta aurrez aurre kontrajartzen zaio liberalismo kapitalistari. 1848ra bitartean, lehen sozialismo garaikidea garatu zen: sozialismo utopikoa deritzona. Kide haiek ezaugarri komun hauek zituzten:
- Ideologo gehienak jatorri burgesekoak ziren.
- Gizartea eraldatzeko irrika zuten.
- Mundu hobe bat lor zitekeelako sinesmena; haien ustez, jabeek eta burgesek beren jokabideak zuzendutakoan lortuko zen mundu hobe hori.
- «Sozietate perfektuak» sortzen zituzten, hala nola falansterioak eta kooperatibak.
Sozialismo Utopiko Ingelesa: Robert Owen
Robert Owen enpresaburu eta filantropoa izan zen Ingalaterrako sozialismo utopikoaren aitzindari nagusia. Estatu Batuetara bidaiatu zen eta nekazaritza kooperatiba bat sortu zuen han. Kooperatiba hura modu demokratikoan antolatuta zegoen, langile guztiek soldata bera zuten, eta ez zegoen jabetza pribaturik. Ekimen hark huts egin zuenean, Ingalaterrara itzuli zen.