Lan Prestazioa eta Lanbide Sailkapena: Zehaztapena eta Arauak
Gaia: Lan Prestazioa: Zehaztapena eta Eraldaketa
Lan Prestazioaren Zehaztapena eta Lanbide Sailkapenerako Sistema
Lan Prestazioaren Zehaztapena eta Lanbide Sailkapena
Kontratua baliozkoa izan dadin oinarrizko betekizun bat da kontratuaren objektua zehatza izatea. Lan kontratuaren objektua osatzen dute **lan prestazioak** (langilearen betebeharra) eta **ordainsariak ordaintzeko prestazioak** (enpresaburuaren betebeharra).
Lan Estatutuaren (LE) 22. artikuluak dioenez, langilearen eta enpresaburuaren arteko akordioaren bidez osatuko da prestazioaren edukia. Enpresetan, gehienetan, langileak euren lanbidearen arabera sailkatzen dituen sistema aplikatzen da. Sistema horretan **lanbide talde handiak** daude (adibidez: zuzendariak, langile administrariak, teknikari profesionalak...) eta taldeak, aldi berean, azpitaldeetan sailka daitezke. Azkenik, azpitalde horiek lanbide kategorietan sailkatzen dira (adibidez: antolaketa burua, antolaketako laguntzailea, antolaketako langile gaitua...). Horrela, kategoria bakoitza definituko da bere eginkizunak zehaztuz.
Lanbide Sailkapenaren Baliagarritasuna
Zertarako balio du lanbideak sailkatzeko sistemak?
- Langilearen eginkizunak zeharka zehazteko.
- Langilearen ordainsaria gehienbat lanbide sailkapenaren arabera ezartzen da.
- Beste baldintza batzuk zehaztu ditzake: ordainsariaz gain hartzekoak (bidaia sariak), oporrak eta abar.
Legeak ezarri du eginkizunak zuzenean kontratuan jaso arren ere, kontratuak nahitaez jaso behar duela langilea nola dagoen sailkatuta lanbide sailkapenaren sisteman.
Lanbide Sailkapenaren Inguruko Arauak (LE 22.5 art.)
Lan Estatutuaren 22.5 artikuluan jasotzen dira:
- **Sailkapen bakarraren printzipioa:** Langilea talde, kategoria edo ordainsari-maila bakarrean sailkatu behar da. Lan prestazioaren edukia bat etorri behar da talde, kategoria edo ordainsari-mailarekin.
- **Eginkizunak eta kategoria egokitzeko printzipioa:** Lan harremanak hasi direnetik bat etorri behar dira langilea sailkatuta dagoen taldea, kategoria edo maila eta itundutako lan prestazioa edo eginkizunak.
- **Eginkizun aniztasuna:** Legeak onartu egin du kategoria, talde edo maila bi edo gehiagoren eginkizunak gauzatzeko ituna egitea.
Azkenik, sailkapena, kontratuan ez ezik, enpresak bere aldetik egindako agiri batzuetan ere jasotzen da, hala nola, ordainsari-agirietan, langileen erregistroetan eta abarretan.