Kasu praktikoa: zor-agiria, abala eta akzio kanbiarioa — Euskal zuzenbide kanbiarioaren analisia
KASU PRAKTIKOA
ALWAYS CYCLING S.L. (Bergara, Gipuzkoa) bizikleta ekoizlea da eta aurtengo urtarrilean bizikleta sorta bat saldu dio KIROLDEGI S.A. kirol-denda kateari. Honek, jasotakoa hiru hilabete ondoren ordaintzeko (25.000 €) konpromezua hartu du. ALWAYS CYCLING S.L. enpresarentzat salmenta garrantzi handikoa da, bere produktuak kirol-denda kate ospetsuan saltzea lortu duelako. Baina, honek ordaintzeko ezarri dion epea dela eta erabaki dute zor-agiria igortzea, ordainketa Nafarroako Rural Kutxa erakundeko 3008 1234 56 1212341234 zenbakia duen kontuan helbideratuaz.
Ondoren, ALWAYS CYCLING S.L.k, lehenagotik zuen zor bat kitatzeko, zor-agiria Eibarko GOOD BIKE S.L. enpresari entregatu dio. Gero, azken honek, Eibarko BBVA sukurtsalean deskontatu nahi izan du, baina bankuak bere administratzaile den Ander Arantzabal jaunak abala eman dezala eskatu dio eta hala egin du. Mugaeguna iristear, BBVAk zor-agiria ordainketarako aurkeztu du Nafarroako Rural Kutxan, baina sinatzaileak ordainketa arbuiatu egin du, esanez salgaiak kalitate txarrekoak zirela eta horrek bezero ugari galtzea ekarri diola. Bankuak, protestorik altxa gabe, Arantzabal jaunaren kontrako akzio kanbiarioa jarri du.
Bete ezazu zor-agiria, esandako datuen arabera.
*
Galderak
Kasua eta demanda aztertuta, zein salbuespen balia dezake demandatuak zor-agiriaren ordainketa galarazteko? Orduan, demandak aurrera egingo du? Idatz ezazu Arantzabal jaunak aurkeztuko lukeen aurkapen-demanda.
Sinatu gabeko endosua: Lehenik eta behin, komeni da abalistaren egoera argitzea, eta horri dagokion salbuespena azaltzea. LCCh-ko 37. artikuluak dioen moduan, abalistak abalatuaren era berean erantzungo du, bigarren honek balia ditzaken salbuespenak erabil ezin dituelarik. Abal-emailearen figura autonomoa da, eta, beraz, abal hartzailearen eta edukitzailearen arteko harremanetik eratorritako salbuespenak ezin ditu baliatu. Gainera, Anderren erantzukizuna mantenduko da, nahiz eta GOOD BIKE S.L.ena nulua izan, kasu batean ezik: forma akatsa dagoenean. LCCh-ko 16. artikuluan ikus dezakegu endosugilearen sinadura galdatzen dela baliozkoa izan dadin (gure kasuan falta dena). Ondorioz, burututako azken endosu hau ez da baliozkoa izango.
Hemendik datorkigu Arantzabal jaunak burutuko duen lehen salbuespena. Azken endosua baliozkoa ez izatean, esan dezakegu endosu katea ez dela erregularra. LCCh 19. artikuluan hartzekodun legitimoa definitzen zaigu: endosu kate erregular baten ondorioz izandako azken edukitzailea. Aipatutako formazko akats honen ondorioz, zor-agiriaren eta endosuaren itxura juridikoa lausotuta agertu dira, eta ezin dugu BBVA hartzekodun legitimo bezala kontsideratu. Honen ondorioz, eta LCCh 67.2. artikulura eutsiz, demanda aurkatuko dugu BBVAren legitimazio falta osoa argudiatuz.
Protesto falta: Bigarren salbuespenera jotzeko baliatutako akzioaz aritu behar gara lehendabizi: atzerabidezko akzioa. LCCh 49 eta 50. artikuluetan araututa dago, eta esaten da endosatzaileen, igorlearen eta behartutako gainerako pertsonen aurka tarteratuko dela, behin letra mugaeguneratuta, ordainketa egin ez denean. Akzio honek zenbait baldintza bete behar ditu, 51. artikuluan zerrendatzen direnak, eta horietatik hirugarren paragrafokoa interesatzen zaigu. Atzerabidezko akzioa tarteratu ahal izateko, hartzekodunak protestoa altxatu beharko du notarioaren aurrean, mugaeguna heldu eta 8 lanegun igaro baino lehen. BBVAk ez du inolako protestorik tarteratu, eta ondorioz, 63. artikuluko b) atalean ikusten dugun bezala, endosatzaileen eta bestelako obligatu kanbiarioen aurkako akzioak galduko ditu, legez esaten den protesto altxatzeko prozedura jarraitu ez delako.
Bi arrazoi hauetan oinarrituz (67.2. eta 63.b), demandak ez du aurrera egingo, eta Arantzabal jaunak ez du zor-agirian zehaztutako ordainketarekin aurrera jarraitu beharko.
Bankuak GOOD BIKE S.L. enpresaren aurka jo izan balu, salbuespenik baliatu ahal izango luke? Eta ALWAYS CYCLING S.L.k? Eta KIROLDEGI S.A.k? Erantzunak kontuan izanda, bankuarentzat kanbiarioki noren aurka ekitea izango litzateke komenigarriena? Eta zor-agiria ‘agindura ez’ klausularekin igorri balitz?
Bai GOOD BIKE S.L. eta bai ALWAYS CYCLING S.L. enpresek, Ander Arantzabalek baliatutako salbuespen berberak tarteratu ahal izango dituzte, beraien aurka atzerabidezko akzio bat aurkeztu baita (horretarako galdagarria den protestoa altxatu gabe) eta legitimaziorik ez baitu BBVAk (endosu kate erregularra apurtu delako).
KIROLDEGI S.A. berriz, zor-agiriaren igorle izatean, posizio desberdin batean kokatzen dugu. LCCh-ko 49. artikuluan aipatzen da edukitzaileak akzio zuzena baliatu ahal izango duela, baina igorlearen aurka bakarrik (kasu honetan KIROLDEGI S.A.). Berezitasun bat du akzio honek: ez dela protestorik eskatzen hau tarteratzeko, eta, ondorioz, BBVArentzat onuragarria litzateke. Baina, berriro ere sinatu gabeko endosuaren eta legitimazioaren arazora jotzen dugu. BBVA ez da hartzekodun legitimoa, beraz ezin dio KIROLDEGI S.A.ri ere ordainketa eskatu.
Ikusitakoan oinarrituz, bankuarentzat ez da komenigarria inorren aurka akzio kanbiariorik aurkeztea, legitimazio falta eta itxuran emandako akatsa guztiei eragiten dietelako, eta alderdi guztiek salbuesteko gaitasuna dutelako.
‘Agindura ez’ klausularekin igorritako zor-agiriari dagokionez, legean araututa ikus ditzakegu artikulu ezberdinetan. 14. artikuluan ikusten dugu ‘agindura ez’ edo bestelako antzeko esaldiak jasotzen dituzten zor-agiriak ezin direla endosu bidez transmititu, eta 120. artikuluan azaltzen da transmisio hori gauzatzeko modu bakarra kreditu lagapen baten bidez izango dela. Ondorioz, xedapen hauek eremu kanbiarioa albo batera uzten dute, eta Kode Zibileko kreditu lagapen arruntean oinarritzen dira. Beraz, lagapena egiten den bakoitzean, hartzekodun berriak aurrekoaren lekua hartuko luke, eremu kanbiarioak ematen duen posizio autonomoa baztertuz.
Alderdi praktikoetan, honek esan nahi du igorlearen eta lehen edukitzailearen artean gertatutakoak inter partes izatetik inter tertios izatera igarotzen direla. Kreditu lagapenaren bidez eskubidea transmititzen da, lehen harremanak dakartzan gorabehera eta karga guztiekin batera. Azken finean, salerosketan sortutako arazoen ondorioz (MK 345. artikuluaren ez betetzea) KIROLDEGI S.A.k ALWAYS CYCLING S.L.ri aurka jarri ahal izango zizkion salbuespenak edozein edukitzaileri aurka jarri ahal izango dizkio.
Bankuak ba al du GOOD BIKE S.L. enpresaren aurka akzio kausala baliatzeko modurik?
Bankuak, ikusita bide kanbiariotik ez lukeela ibilbide zabalik lortuko, baliteke akzio extrakanbiarioen bidea hautatzea, hau da, akzio kausalak. Hemen garrantzitsua da Kode Zibileko 1170. II artikulua: zor-agiriak ordainketaren efektuak izango ditu igorleak ordaintzen duenean edo hartzekodunak kaltetzen duenean (preskribitu direnean ere bai). Gure kasuan, BBVAk protestoa ez altxatzearen ondorioz, bide kanbiarioa agortu zaio eta amaiera txarra eman zaio zor-agiriari. Ez litzateke bidezkoa izango bankuak atzerabidez zor-agiria endosugileetako bati itzultzeko ahalmena izatea (ordaindutakoa berriz jasoz) ondoren zor-agiri horrekin ezer ezin bada egin. Horregatik ezartzen da muga hau. Hartzekodunak agiria kaltetzen badu (protestoa ez altxatzean, adibidez), harreman kanbiarioa gauzatutzat joko da, ordaintzeko betebeharrik geratzen ez delarik eta akzio kausaletako eskubidea oztopatzen delarik. Beraz, ez, GOOD BIKE S.L.ren aurka ezin luke BBVAk akzio kausalik aurkeztu.
DEMANDA KANBIARIOA
EIBARKO LEHEN INSTANTZIAKO EPAITEGIARI
Ana Santamaria Andereak, auzitegietako prokuradoreak, BBVA erakundearen izenean jardunez, zeinaren ordezkaritza egiaztatzen dudan honekin batera azaltzen den eskuorde-eskrituraren bitartez, Epaitegiaren aurrean agertzen naiz eta, zuzenbidean bidezkoa den moduan,
SUSTATZEN DUT:
Demanda kanbiarioa Eibarren helbidea duen Ander Arantzabal Jaunaren kontra, zor-agiria kobratzeko exekuzio-manamendua eta ondoko errematezko epaia lortzeko, idatzi honetako eskakizunean esaten denaren arabera eta honako egitate eta zuzenbidezko funtsetan oinarrituta:
I. EGITATEAK
LEHENA. GOOD BIKE, S.L. enpresak erakunde honetan zor-agiri bat deskontatu zuen, aurtengo urtarrilaren 15ean igorritakoa. Bera edukitzaile gisa agertzen zen, KIROLDEGI S.A. igorlea eta ALWAYS CYCLING S.L. endosatzailea (1 Dok.).
BIGARRENA. Dokumentuaren kobrua bermatzeko, nire ordezkatuak, bere kaudimen ezagunagatik, GOOD BIKE S.L. enpresako administratzaile den Ander Arantzabal jaunari berme ematea eskatu zion eta hala egin zuen.
HIRUGARRENA. Zor-agiriaren mugaeguna iristear, nire ordezkatuak ordainketarako aurkezpena egin zuen Nafarroako Rural Kutxan 3008 1234 56 1212341234 zenbakia duen kontuan. Baina ordainketa ukatu egin zitzaion, sinatzailearekin izandako akatsengatik, nahiz eta nire ordezkatua gorabehera horiekiko erabat arrotza izan.
LAUGARRENA. Nire ordezkatuak judizioz kanpo ezin izan du GOOD BIKE S.L. enpresaren berdeskonturik lortu. Gainera, konturatu da honek egindako endosua sinatu gabe dagoela, horregatik, bere abal-emailearen aurka akzio kanbiarioa baliatzea erabaki du.
II. ZUZENBIDEKO OINARRIAK
PROZESALAK
1. ESKUMENA. LEC 45. artikuluaren arabera, judizio honen izapidetza jurisdikzio arruntaren esku dago, eta, zehazki, Eibarko Lehen Instantziako Epaitegiaren esku, demandatuaren helbideari dagokiona delako, LEC 820. artikuluak dioen legez.
2. PROZEDURA KANBIARIOA. LEC 819. artikuluaren arabera, demanda honek prozedura kanbiario bereziaren izapideak jarraitu beharko ditu, LCCh 94. artikuluan ezarritako ukanbeharrak betetzen dituen zor-agiriari buruzkoa baita.
3. LEGITIMAZIOA. Demandatzailea den nire ordezkatuak legitimazio aktiboa du horretarako, LCCh 96 eta 19. artikuluaren arabera, bera baita zor-agiriaren edukitzaile legitimoa.
4. KOSTUAK. Judizioko kostuak demandatuari ezarriko zaizkio, LEC 822 artikuluaren arabera.
SUSTANTIBOAK
LEHENA. Demandatuak GOOD BIKE, S.L. enpresari abal eman zion eta, ondorioz, obligatu kanbiarioa da, LCCh 37 artikuluaren tenorez.
BIGARRENA. LCCh 57. artikuluko solidaritate kanbiarioaren printzipioari so eginez, zor-agiria ordainketarako aurkeztu eta ordainketa ukatu ondoren, edukitzaileak kanbiarioki edozein obligatuen kontra ekin dezake, baita abal-emailearen aurka ere. Hauxe da nire ordezkatuak erabaki duena, LCCh 49. artikuluan oinarrituta, haren kontra atzerabideko akzio kanbiarioa jartzea.
Horregatik,
ESKATZEN DIOT Epaitegiari
1. Onar dezala idazki hau eta aurkeztu izan diren dokumentuak.
2. Har nazala jarduketa hauetarako agertutzat eta alderditzat, aipatutako ordezkaritza horren izenean.
3. Formulatutzat eman dezala judizio kanbiarioaren demanda hau Ander Aranzabal Jaunaren kontra, onar dezala, enbargoa burutu eta, bere kasuan, exekuzioa agindu, honako kopuruen arabera: zor-agiriko 25.000 €, gehi gastu, interes eta kostuengatik beste 500 €.
4. Errematezko epaia eman dezala, exekuzioa aurrera eramatea aginduz, esandako kopuruak demandatuaren ondasunekin kobratu arte, eta berari sortutako kostuen ordainketa ezarriz.
OROBAT DIOT:
Erregelamendu Hipotekarioko 154. artikuluaren arabera, enbargatutako ondasunak higiezinak eta auzipetua ezkondua izatearen kasuan, jakinarazi dakiola ezkontideari prozeduraren izantza.
ESKATZEN DIOT Epaitegiari
Egindakotzat eman dezala aurreko azalpen hori ondorio guztietarako.
AURKAPEN-DEMANDA KANBIARIOA
EIBARKO LEHEN INSTANTZIAKO EPAITEGIARI
Joseba Tena Zuazolacigorraga Jaunak, auzitegietako prokuradoreak, Eibarren helbidea duen Ander Aranzabal Jaunaren izenean jardunez, zeinaren ordezkaritza egiaztatzen dudan honekin batera azaltzen den eskuorde-eskrituraren bitartez, Epaitegiaren aurrean agertzen naiz eta, zuzenbidean bidezkoa den moduan, DIOT:
Nire mandatu-emaileak exekuzio-deia jaso duenez, LEC 824.1 artikuluan ezarritako hamar eguneko epearen barruan BBVA S.L. sozietateak nire mandatu-emailearen kontra hasitako 54 zenbakia duen judizio kanbiarioaren jarduketan, exekuzioari aurka jartzen diot.
I. EGITATEAK
LEHENA: GOOD BIKE, S.L. enpresak BBVA S.L. erakundean zor-agiri bat deskontatu zuen, aurtengo urtarrilaren 15ean igorritakoa. Bera edukitzaile gisa agertzen zen, KIROLDEGI S.A. igorlea eta ALWAYS CYCLING S.L. endosatzailea (1 Dok.).
BIGARRENA. Dokumentuaren kobrua bermatzeko, nire ordezkatuak, GOOD BIKE S.L. enpresako administratzaile delarik, entitatearen abal-emaile izatea erabaki zuen, zor-agiria bermatuz.
HIRUGARRENA. Zor-agiriaren mugaeguna iristear, BBVA S.L.k ordainketarako aurkezpena egin zuen Nafarroako Rural Kutxan 3008 1234 56 1212341234 zenbakia duen kontuan. Baina ordainketa ukatu egin zitzaion, sinatzailearekin izandako akatsengatik.
LAUGARRENA. Zor-agiria epemugatu eta zortzi lan egunetako epean, banku-entitateak ez zuen protestorik altxatu.
BOSGARRENA. BBVA S.L.k akzio kanbiarioa baliatu du nire ordezkatuaren aurka, nahiz eta GOOD BIKE S.L.k burututako endosuak duen forma-akatsaren inguruan ezagutzen zuen.
II. ZUZENBIDEKO OINARRIAK
PROZESALAK
1 eta 2 zenbakidun atal prozesalekin ados egonik, beste biak ukatzen ditut. Demanda ezarri duen BBVA S.L. kreditu-erakundea ez da LCCh 19. artikuluan aipatzen den zor-agiriaren hartzekodun legitimoa, eta ondorioz ez du inolako zilegitasunik akzio kanbiario hau tarteratzeko. Endosuen etengabeko serie batengatik bere eskubidea justifikatzeko modurik ez du, serie horretako azken endosuari oinarrizko elementu bat falta baitzaio: sinadura (LCCh 16). BBVA S.L.k akzio kanbiarioa baliatzeko zilegitasunik ez duenez, nire bezeroak LCCh 67.2. artikuluak aipatzen duen salbuespena egikarituko du, demandatzaileak aurreikusitako kanbio-akzioaren indar oro azkenduz. Kostuei dagokienez, haien osoko ordainketa alderdi demandanteari dagokiola azpimarratzen dut.
SUSTANTIBOAK
LEHENA. Ander Aranzabal ez da obligatu kanbiario. Abalatua den GOOD BIKE S.L. bezala erantzungo luke Aranzabal jaunak, bermatutako betebeharra deuseza izan balitz forma-akatsa ez den edozein arrazoirengatik (LCCh 37). Ostera, jadanik aipatutako sinadurarik gabeko endosua forma-arazo bat da guztiz, eta, ondorioz, nire bezeroak abal-emaile gisa hartu nahi izan zuen erantzukizuna indargabetu egiten da. Formazko akatsa duen zor-agiri bat bermatu nahian egindako abalak deusezak dira.
BIGARRENA. Atzerabidezko akzioa tarteratu nahi izan da, beharrezkoak diren prozesu formalak errespetatu gabe. Atzerabidezko akzioa endosatzaileen, igorlearen eta behartutako gainerako pertsonen aurka tarteratuko da, behin letra mugaeguneratuta, ordainketa egin ez denean (LCCh 50). Hala eta guztiz ere, Legeko 51. artikuluaren hirugarren paragrafoak ezartzen duen forma-baldintza ez du bete BBVAk, ez baitu protestorik altxatu, mugaeguna heldu eta 8 lanegun igaro baino lehen. Ondorioz, 63. artikuluko b) atalean ikusten dugun bezala, Arantzabal jaunaren aurkako akzioak galdu ditu, legez esaten den protesto altxatzeko prozedura jarraitu ez delako.
III. BIDEZKO ERABAKIA
LEC 827. artikuluaren arabera, bidezkoa da exekuzioarekin aurrera jarraitzerik ez dagoela adierazten duen epaia ematea.
IV. KOSTUAK
Bere ausarkeria eta fede txarragatik auzi-jartzaileari egozteko arrazoi nahikoa dago (LEC 822 art. a contrario).
Horregatik,
ESKATZEN DIOT Epaitegiari
Onar dezala idazki hau, har nazala jarduketa hauetarako agertutzat eta alderditzat, aipatutako ordezkaritza horren izenean, eta eman dezala demandaren izapidetza ukatzen duen epaia, LEC 821.2.2 artikuluaren arabera, prebentziozko enbargoa kenduz eta kostuak demandatzaileari ezarriz.
Onar ditzala proposatutako moduan aurkeztutako frogak, beren egokitasuna deklaratuz.
Eibarren, 2024ko uztailaren 3an.