Kant: Ezagutza, Morala eta Autonomiaren Garrantzia
Kant: Planteamendu Orokorra eta Ezagutza
Kantek gizakiaren funtsezko lau arazoak honela formulatzen ditu:
- Zer ezagut dezaket? Ezagutzaren arazoaz ari da. Arrazoimen Hutsaren Kritika.
- Zer egin behar dut? Moralitatearen arazoaz dihardu. Arrazoimen Praktikoaren Kritika.
- Zer itxaron behar dut? Erlijioa eta Historiaren arazoa. Erlijioa, Arrazoimenaren Mugen Barnean.
- Zer da gizakia? Aurreko hiru galderek gizakia subjektuarekin erlazionatu nahi dute. Antropologia Idatzia eta Historia Unibertsalaren Ideia.
Zer Ezagut Dezaket?
Kantek hiru ezagutza-ahalmen edo gaitasun bereizten ditu: sentsibilitatea, adimena eta arrazoia. Sentsibilitatea pasiboa da, eta adimena, aktiboa. Kontzeptu hauek esperientzia-objektuak ezagutzeko eta ordenatzeko erabiltzen ditu Kantek. Kanten teoria hau enpirismotik bereizten da. Enpirismoaren arabera, gure kontzeptu guztiak esperientziatik eratortzen dira. Baina kontzeptu hauek ezin dira aplikatu metafisikaren edukietan, eduki horiei buruzko datu sentigarriak falta zaizkigulako. Horren ondorioz, metafisika ezin da zientziatzat hartu.
Ezagutza: Bi Osagaien Arteko Sintesia
- Objektuak emana: esperientziak eskaintzen dizkigun datuak. Ezagutzaren elementu materiala osatzen dutenak.
- Subjektuak ipinia: ezagutzaileak jartzen dituen ezagutzeko forma edo moldeak; ezagutzaren elementu formala osatzen dutenak. Kantek pentsatzen du zerbaitekin jaiotzen garela eta horri esker ezagutza unibertsala lor dezakegula.
Caesar Non Est Supra: Moralaren Autonomia
Subjektuak berak bideratu behar du bere ekintza, arrazoimena kanpoko ezeren mende jarri gabe. Lege morala ezin da gizabanakoaren gainetik dauden elementuetatik eratorri, arrazoimenaren autonomiatik bertatik baizik. Horregatik, ezerk ezin dio gizabanakoari aginpide moralik inposatu, agindu moralak ezartzeko. Hori gertatzen bada, ez da benetako agindu morala, Kanten ustez.
Beraz, erregeak ere ez du eskubiderik moralari edo erlijioari lotutako kontuetan bere mendekoei ezer agintzeko. Horrela, «irain egingo lioke bere maiestateari, dela bere iritzia larriesteagatik –eta orduan: Caesar non est supra grammaticos aurpegiratuko litzaioke arrazoiz– dela bere aginte gorena laidoturik, tirano batzuen beste mendeko guztien aurkako despotismo espiritualari lagundu nahi izateagatik. Caesar non est supra grammaticos», hau da, Erromako enperadoreak erabaki politikoak edo ekonomikoak inposa ditzake, bere eginkizuna delako; aldiz, Zesarrek ez du inolako ezagutza eta aginpiderik mendekoei latindar hizkuntza era batean edo bestean erabili behar dela esateko. Zeregin hori ez dagokio enperadoreari, gramatikariari baizik, eta haiek dira latinaren erabilera zuzena zein den erabaki behar dutenak. Moralarekin antzeko zerbait gertatzen da. Subjektu bakoitza da bere buruari agindu morala ezarri behar diona, ezeren eta inoren inposiziorik gabe. Beraz, agindu morala ez da heteronomoa, autonomoa baizik.