Kant: Autonomia Morala, Ilustrazioa eta Agindu Kategorikoa
Autonomia Morala: "Caesar Non Est Supra Grammaticos"
Ilustratuen helburu nagusia antzinako erregimenaren eredua ordezkatuko zuen ideia eta balio eredu berria sortzea zen, eredu moral autonomo eta arrazionala.
Arrazoiaren Erabilera Praktikoa
Kanten arabera, giza arrazoiaren beste funtzio bat arlo praktikoa da. Arrazoiaren erabilera teorikoak ezagutzara garamatza. Horrez gain, gizakiak baloratu egiten du, eta hor agertzen da arrazoiaren erabilera praktikoa.
Kanten arabera, ez dago moralaren “egia” edo egokitasuna frogatzerik, teoria zientifiko bat frogatzen den bezala. Arrazoiaren esparru desberdinaz ari gara, arrazoiaren arlo praktikoak bere ezaugarri propioak dituelako. Arrazoiaren erabilera praktikoaren abiapuntua kontzientzia morala da. Moralaz hitz egiteko, Askatasunaren Postulatua behar dugu. Arrazoiaren erabilera praktikoan, gizakia bere ekintzetan librea da.
Kanten Etikaren Kritika
Kantek bere etika defendatzeko, beste eredu batzuk kritikatzen ditu:
- Heteronomiaren kritika: Kanpoko aginduetan oinarritzen direnak. Kantek Autonomia defendatzen du (arauak geuk jartzen ditugu).
- Etika Hipotetikoen kritika: Baldintza baten menpekoak dira (ongi/egoera bereizi baten menpe). Kantek agindu Kategorikoak defendatzen ditu.
- Etika Materialen kritika: Edukidunak edo a posteriori direnak. Adibidez, baldintzapeko adibidea: “Zuri ez bazaizkizu gezurrak gustatzen, zuk ez esan gezurrik”. Kantek etika formala defendatzen du.
Agindu Kategorikoa
Kanten etika betebeharraren etika da (*deontologikoa*), agindu kategorikoan oinarritzen dena. Egoera guztietan aplikatzeko forma hutsa da, edukirik gabekoa eta gizakiari autonomia morala ematen diona.
Agindu kategorikoaren formulazio nagusia hau da: «Jokatu, zure ekintzara bultzatzen zaituen printzipioa lege orokor bihurtzea nahi izango bazenu bezala». Edozein legek guztientzat balio behar du, hau da, orokorra izan behar da.
Lege moralak guztien interesa bilatu behar du, eta ez partikularra. Agindu kategorikoaren bigarren formulazioa gizakia helburutzat hartzea da, eta ez bitarteko bezala (gizakia da gure interesak lortzeko bitarteko gisa erabili ezin dugun gauza bakarra).
Horrela, gizakiak bere autonomia morala lor dezake. Inork (ezta estatuburuak ere) ez dio inposatu behar nola pentsatu edo moralki nola epaitu. Zuzenbide Estatuaren printzipiorik garrantzitsuena pentsamendu askatasuna izango da; estatuburuaren ideologia ez dago adituen ideologiaren gainetik: «Caesar non est supra grammaticos».