Kant: Arrazionalismoa, Enpirismoa eta Filosofia Kritikoa
Kanten Filosofia: Arrazionalismoa, Enpirismoa eta Kritizismoa
Arrazionalismoaren eta Enpirismoaren Sintesia
Immanuel Kantek, Arrazoi Hutsaren Kritikan eta Ilustrazioaren ildotik, arrazoimenaren ezagutzarako mugak eta ahalmenak aztertu zituen. Horretarako, ezagutzari buruzko bi ikuspegi kontrajarrien arteko sintesia gauzatu zuen: arrazionalismoa eta enpirismoa.
Arrazionalismoa
Arrazionalismoaren arabera, arrazoi soilak, esperientziarik gabe, egia absolutua ezagut dezake, bere baitan aurkitzen dituen a prioriko ideietatik abiatuz, dedukzioak eginez (Descartes, Wolff). Metafisikaren gaiak ere (Jainkoa, arima) ezagutu daitezkeela uste zuten. Jarrera dogmatikoa hartu zuen.
Enpirismoa
Enpirismoak, aldiz, esperientziara murrizten du ezagutza oro. Ez dira a prioriko ideiak existitzen; beraz, esperientzia sentigarritik kanpoko objektu metafisikoei buruz jarrera eszeptikoa hartzen dute. Gainera, lege unibertsalak ezin dira esperientziaren bidez justifikatu.
Kanten Sintesia eta Idealismo Transzendentala
Kantek bien arteko sintesia egin zuen. Enpiristekin bat eginez, objektuak emandako datu enpirikoaren garrantzia azpimarratu zuen (zientziak exijitutako ezagutza berria ematen duena). Arrazionalistengandik, subjektuaren garrantzia eta a prioriko formak (espazioa eta denbora) hartu zituen, ezagutzaren unibertsaltasuna eta beharrezkotasuna ahalbidetzen dutenak.
Honela, sentimena, ulermena eta arrazoimena aztertuz, ondorio garrantzitsuetara iritsi zen: subjektuak objektua eraikitzen du (Idealismo Transzendentala), eta metafisika (noumenoak) ezagutezina da. Jarrera kritikoa da hau.
Kanten Kritizismoa: Hiru Galderak
Kanten filosofia (Kritizismoa) hiru galdera nagusitan laburbiltzen da:
Zer ezagut dezaket? (Arrazoi Hutsa)
Galdera hau Arrazoi Hutsaren Kritikan landu zuen nagusiki. Giza ezagutzaren ahalmenak eta mugak aztertzea du helburu. Aurreko interpretazioak gaindituz, arrazoia bera epaitzea proposatzen du. Ezagutzaren hiru ahalmenak aztertu zituen:
- Sentiberatasuna: Datu enpirikoak jasotzen ditugu, subjektuaren a prioriko formetara (espazioa eta denbora) egokituak. Honek ezagutzaren unibertsaltasuna eta beharrezkotasuna ahalbidetzen du.
- Ulermena: Datu horiek kontzeptuen bidez antolatzen ditu.
- Arrazoimena: Ezagutza bateratzen saiatzen da, baina metafisikaren eremuan (noumenoak) mugak ditu.
Ondorio nagusia da subjektuak objektua eraikitzen duela (Idealismo Transzendentala) eta metafisika ezagutezina dela.
Zer egin behar dut? (Arrazoi Praktikoa)
Galdera honek, Arrazoi Praktikoaren Kritikan landuak, moralaren arazoa jorratzen du. Nola jokatu behar dugun adierazten digu: betebeharrez. Norberak bere buruari, kritika eginez eta arrazoimena erabiliz, aginduak eman behar dizkio: inperatibo kategorikoa. Honek honako ezaugarriak ditu:
- Unibertsala
- A priorikoa
- Kategorikoa (baldintzarik gabea)
- Autonomoa (norberak emana)
Bizitza pribatuan betebeharrez jokatu behar da; publikoan, kontratutik ateratako legeak bete behar dira; eta mundu mailan, jarrera kosmopolita hartu behar da.
Zer itxaron dezaket? (Erlijioa)
Erlijioaren gaia azaltzen da, batez ere Erlijioa arrazoimenaren mugen barnean liburuan. Kantek erlijio naturalaren alde egiten du, ez erlijio errebelatuaren alde. Kristautasunaren interpretazio arrazionalista proposatzen du. Deismoa da bere jarrera: dogmarik eta eliza antolaturik gabeko erlijioa, arrazoimenean oinarritua.