Joaquín Costa, Oligarkia eta Kakizismoa: Errestaurazioaren Krisia
Sarrera: Costa eta Erregenerazionismoa
Aztergai dugun testua 1901. urtean Joaquín Costak, Erregenerazionismoaren aitzindariak, Madrilen idatzitako “Oligarquia y caciquismo como forma actual del gobierno de España” saiakeraren pasarte bat da. Testu literario baten aurrean gaude, Errestaurazioko sistema politikoa aztertu eta kritikatzen duena.
Oligarkia eta Kakizismoa: Boterearen Egitura
Testuaren azterketari dagokionez, Costak Errestaurazioko sistema politikoaren osagaiak honako mailetan banatzen ditu:
- Oligarkak: Boterean txandakatzen ziren alderdi bietako buruzagiak, hiriburuan bizi direnak.
- Jauntxoak (Kakikeak): Probintzietan bizi zirenak.
- Gobernadore Zibilak: Aurreko bi taldeen arteko bitartekaritza lana egiten dutenak.
Egileak dio oligarkek eta jauntxoek osatzen dutela talde gobernatzailea. Gaineratzen du, ordea, talde horrek ez duela benetan nazioa ordezkatzen, nazioa zapaltzen duen “gorputz arrotza” baino ez dela. Costaren arabera, talde gobernatzaileak bere posizioaz baliatuz, hauteskundeetan iruzurra egiten du.
Errestaurazioaren Testuinguru Historikoa
Testu hau idazterakoan, Maria Kristinaren erreginaordetza amaitzear zegoen eta Errestaurazioko sistema krisian. Seiurteko Iraultzaileak porrot egin eta I. Errepublikak finkatzeko saioak ezerezean gelditu ondoren, Borboien monarkia berrezarri zen, Isabel II.aren seme Alfontso XII.a tronuan jarriz.
Errestaurazioa horrela hasi zen, eta erregimen hau 1923ra arte egon zen indarrean. Xede nagusia egonkortasun sozial eta politikoa bermatzea izan zen. Tarte horretan, Alfontso XII.a, Maria Kristina (erreginaorde gisa) eta Alfontso XIII.a egon ziren tronuan.
Cánovas eta Errestaurazioaren Oinarriak
Errestaurazioko sistema politikoa Cánovas del Castillok eratu zuen. Honek Alderdi Kontserbadorea sortu eta sistemaren oinarriak finkatu zituen:
1. 1876ko Konstituzioa
Ideologia moderatukoa zen, 1845ekoaren oso antzekoa baina malguagoa, liberalismoaren bi joerentzat balio izan zuelako.
2. Txandakatze-Sistema (Turnismoa) eta Iruzurra
Cánovasek alderdien arteko batasuna bilatzen zuen, eta horretarako bere Alderdi Kontserbadorea eta Sagastaren Alderdi Liberala agintean txandakatzen zituen (Turnismoa). Sistema honek funtzionatu ahal izateko, agintean egotea tokatzen zitzaion alderdiak hauteskundeak manipulatu behar zituen, Gorteetan nagusitasuna lortzeko. Manipulazio hori jauntxoen (kakikeen) bitartez egiten zen, iruzurrez.
1898ko Krisia eta Erregenerazionismoa
Alfontso XII.a hil zenean, bere ondorengoa zen Alfontso XIII.a oraindik jaio gabe zegoen, eta horregatik bere ama Maria Kristina jarri zen erreginaorde. Bere erreginaordetzan txandakatze-sistemak jarraitu zuen.
Hala ere, 90eko hamarkadan, bi alderdi nagusiek zailtasun handiak izan zituzten eta krisi politiko eta sozio-ekonomikoan murgildu ziren. 1895ean, Espainiari gelditzen zitzaizkion kolonia bakarrak (Kuba, Filipinak eta Puerto Rico) altxatu ziren independentziaren alde, kolonietako gerrari hasiera emanez. 1898an, Estatu Batuen laguntzaz, Espainiak gerra galdu eta koloniak ere galdu zituen.
98ko Porrotaren Ondorioak
Estatu Batuek eragindako porrotak pesimismoa ekarri zuen Espainiara, eta Errestaurazioko sistemaren aurkako kritika areagotu zen. Kritika horiek Erregenerazionismoaren mugimenduaren eta 98ko Belaunaldiaren sorrera ekarri zuten.
Erregenerazionismoa eta 98ko Belaunaldia
Erregenerazionismoaren aitzindaria Joaquín Costa izan zen, Errestaurazioaren sistemari kritika sakona eginez. Costak sistema liberala eraberritzea proposatzen zuen, helburu hauekin:
- Politikari duintasuna ematea.
- Gizartea modernizatzea.
- Atzerapen kulturala gainditzea.
Kutsu hori hartu zuten zenbait idazle eta artistak, hala nola, Unamuno, Azorín eta Pío Barojak, eta Espainia atzeratua kritikatuz eta modernizazioa bultzatuz 98ko Belaunaldia eratu zuten.
Errestaurazioaren Amaiera
Alfontso XIII.aren erregealdian krisian jarraitu zuen Errestaurazioko sistemak. Egoera honek Primo de Riveraren diktadura ezartzera bideratu zuen, eta horrekin Errestaurazio sistemari amaiera eman zitzaion.