Jainkoaren existentzia: San Agustin eta Santo Tomas
Jainkoaren existentzia San Agustin eta Santo Tomasen arabera
San Agustin: Hiru printzipio eta froga ontologikoa
Agustinek hiru printzipio onartzen zituen bere teologiaren abiapuntutzat:
- Jainkoa unibertso osoa sortu duen izaki gorena da.
- Jainkoa gauza ororen arrazoia da.
- Jainkoa ontasun absolutua da.
Beraz, Agustinen sistema filosofikoan Jainkoak hausnarketa ontologiko, epistemologiko eta etikoaren gailurra hartu zuen. Jainkoaren existentzia agerikoa den arren, bere obran froga klasiko guztiak erabili zituen hura frogatze aldera.
Frogarik ezagunena BETIEREKO IDEIENA da, Aukeramen askeari buruz bere idazlanean garatua. Froga hori gizakiaren beraren barnetik abiatzen da, giza arimaren egia betiereko, unibertsal eta beharrezkoen presentziatik, hain zuzen. Halako egiak, betiereko, aldaezin eta beharrezkoak izanik, ez dira giza arrazoimenaren menpekoak, giza arrazoimena mugatua, aldakorra eta kontingentea baita. Egia horiek betiereko, aldaezin eta beharrezkoa den izaki batetik datoz, eta izaki hori Jainkoa da.
Santo Tomas: Bost Bideak (A posteriori frogak)
Santo Tomasen ikuspegitik Jainkoaren existentzia, berez, nabaria bada ere, eta hortaz horren frogapena beharrezkoa ez den arren, arrazionalki frogatzen saiatu zen. Baina Agustinen argudioak ez bezala, bere argudioak ez dira a priori-koak, baizik eta a posteriori-koak.
BOST BIDE garatu zituen. Bostak esperientziatik abiatzen dira, kausalitatearen printzipioa aplikatuta kausen katea ezin dela amaigabea izan ondorioztatzen da, eta azkenik kausen katearen kausa lehena Jainkoa dela onartzen da. Prozedura bera izanik, bakoitzak bere abiapuntu berezia du:
- Mugimenduaren bidea: Munduan mugimendua dago, eta mugimendu orok bere kausa du. Kausen katea ezin denez amaigabea izan, azkenean beharrezkoa da mugimenduaren kausa geldi bat, eta kausa hori Jainkoa da.
- Kausa eragileen bidea: Izaki guztiek beren existentziaren kausa bat dute. Kausen katea ezin denez amaigabea izan, kausarik ez duen izaki batek egon behar du, eta izaki hori Jainkoa da.
- Kontingentziaren bidea: Munduko izakiak kontingenteak dira. Kausen katea amaigabea ezin denez izan, beharrezkoa den izaki batek existitu behar du, eta izaki hau Jainkoa da.
- Perfekzio mailen bidea: Munduan perfekzio maila ezberdineko izakiak daude. Guztiz perfektua den izaki bat egotea beharrezkoa da, eta hau Jainkoa da.
- Teleologiaren bidea (Helburuaren bidea): Munduko izaki orok helburu baterako joera du. Baina helburuzko kausen katea amaigabea ezin denez izan, azken helburu batek egon behar du, eta hau Jainkoa da.