Italiar Batasuna eta Errestaurazioa Europan
ITALIAR BATASUNA
XIX. mendearen erdialderako, identitate kulturalari atxikitako sentimendu sendo bat zabaldu zen Italian, baina lurralde bakoitzak politika jakin bat zuen. 1830eko eta 1848ko Italiako iraultza nazionalistek huts egin ondoren, Piemonteko Erresumak gidatu zuen Italia bateratzeko prozesua, Viktor Emanuel II.aren zuzendaritzapean.
Gudarostea sendotu zuen, eta hobetu egin zituen Ingalaterra viktoriarrarekiko eta Frantziako Bigarren Inperioarekiko harreman diplomatikoak.
FASEAK
1. Austria-ren Kontrako Gerra
AUSTRIAREN KONTRAKO GERRA: 1858an, Cavourrek Plombièresko Ituna sinatu zuen Napoleon III.arekin. Akordio haren arabera, Niza eta Savoia eman zizkion, babes militarraren trukean; eta, babes hura lortuta, gerra deklaratu zion Austriari. Garaipena lortu zuten Magentako eta Solferinoko guduetan. Piemonteko Erresumak Lonbardia bereganatzea lortu zuen Zuricheko Bakean.
2. Italiar Erresumaren Sorrera
ITALIAR ERRESUMAREN SORRERA: Ondoren, matxinada iraultzaileak antolatu zituzten Erromainako aitasantutzaren lurraldean. Piemonterekin bat egin baitzuten beren borondatez, erresumako lehen parlamentu zabala elkartu zen Turinen. Garibaldiren eta haren «mila atorra gorrien» aurrerapenei esker, bertan behera gelditu zen Napoliko Borboikoen agintaldia, eta Viktor Emanuel II.ak bereganatu zuen boterea. Era berean, Piemonteko erregeak Aitasantutzaren Estatuen atxikimendua lortu zuen, Erromarena izan ezik. Viktor Emanuel II.a Italiako errege izendatu zuten Turinen.
3. Veneto eta Erroma Atxikitzea
VENETO ETA ERROMA ATXIKITZEA: Italiako Erresumak, Prusiarekin bat eginik, Austriaren kontrako gerra irabazi zuen (1866) eta Veneto eskuratu zuen.
ERRESTAURAZIOA ETA VIENAKO BILTZARRA
Napoleonek hondoa jo ondoren, iraultzaren kontrako joera bat zabaldu zen Europan: Errestaurazioa. Iraultza olde berriak sortu arte egon zen indarrean erregimen hura. Vienako Biltzarrean (1814-1815) finkatu ziren haren oinarriak: monarkia absolutuaren eredua berrezartzea eta Europako mapa berregituratzea.
Vienako Biltzarraren Printzipioak
Honako printzipio hauek aplikatu zituzten:
- Legezkotasuna: Jatorri jainkotiarreko monarkiak berrezarri zituzten.
- Oreka: Europako mapa berrantolatu zuten, potentzia batek beste baten gaineko nagusitasunik ez izateko moduan.
- Interbentzionismoa: Indarrean jarritako ordenari eusteko edozein herrialdetan esku hartzea justifikatu zuten. Alexandro I.a tsarraren ekimenez, Aliantza Santua sortu zuten Errusiak, Prusiak eta Austriak; eta Frantziak haiekin bat egin zuen aurrerago. «Tronuaren eta Aldarearen baterako defentsa» zen aliantzaren helburua, eta esku-hartze militarra zuen horretarako metodoa.
Lurralde Aldaketak eta Ondorioak
Frantzian, monarkia konstituzionala ezarri zen. Luis XVIII.a izendatu zuten errege, eta gutun aitortua* eman zien bere mendekoei (1814).
Vienako Biltzarra zela-eta, lurralde aldaketa handiak gertatu ziren Europan:
- Frantzia 1789 aurreko mugekin gelditu zen.
- Austriak uko egin zion Belgikari –Herbehereen parte bihurtu zen–, baina Balkanetako Iliriako lurraldea eta Lonbardia-Venetoko Erresuma eskuratu zituen.
- Errusiak Finlandia, Besarabia eta Poloniaren parte bat anexionatu zituen.
- Suediak Norvegia bereganatu zuen.
- Erresuma Batuak itsasoko nagusitasuna sendotu zuen (Malta, Joniako uharteak, etab.).
Hala, Prusia eta Austria agertu ziren Europako potentzia nagusi gisa.
*Gutun aitortua: Erregeak emandako oinarrizko legea, zeinaren bidez adierazten baitu bere botereak mugatzen dituela bere borondatez.