Isabel II.aren Erregealdia eta Liberalismoa

Historia5,26 KB

Isabel II.aren Erregealdia

Espartero jeneralak alde egin zuenean, Gorteek adin nagusitasuna ezagutu behar izan zioten Isabel II.ari, 1843ko azaroaren 11n, nahiz eta hamahiru urte besterik ez zituen. Bere erregealdian, behin betiko finkatuta gelditu zen estatu liberala, zentralista eta joera moderatukoa, nekazaritza eta finantza arloko oligarken interesekin bat zetorrena. Euskal Herrian, Foruak Konstituzio-erregimen berriari egokitzeko negoziazioak egiten jarraitu zuten.

2.1. Hamarraldi Moderatua

Isabel II.aren erregealdiko lehenengo hamar urteetan, moderatuak egon ziren agintean, bereziki Narváez.

Gobernu moderatua sendotzea

Liberalismo moderatuaren jardueran, honako ekimen hauek izan ziren aipagarrienak:

  • 1845ean, Konstituzio berria eman zen, erabat moderatua.
  • Ogasunari dagokionez, Alejandro Mon-ek erreforma sakona egin zuen, zerga-sistema arrazionalizatzeko eta liberalizatzeko.
  • 1845ean, Udalerrien Lege berria onartu zen, tokiko agintea gobernuaren ordezkari ahaltsuei aitortzen ziena.
  • 1851n, Vatikanoak bere ondasun guztiak desamortizatzea onartu zuen.
  • Prentsari zentsura ezarri zitzaion, 1844an Guardia Zibila sortu zuten eta progresisten Milizia Nazionala desegin zuten.

Euskal lurraldeetan, Pedro Egañaren lanari esker, berriro indarrean jarri zituzten Foru Aldundiak eta Batzar Orokorrak, eta erakunde bikoiztasuna gertatu zen berriro; hala ere, muga-zergak ez zituzten berriro barnealdera eraman.

Moderatuen kontrako oposizioa

Gobernuaren jarrera errepresiboa eta moderatuek hauteskundeak manipulatzen zituztela ikusita, oposizioko kideek 1849an progresista ezkertiarrenak Alderdi Demokrata sortu zuten: erregimenaren goitik beherako aldaketa eskatzen zuten; gizakiaren eskubideen aitorpen zabala, biltzeko eta elkartzeko erabateko askatasuna, gizonezkoen sufragio unibertsala eta gizarte-erreforma zabala. Gainera, 1846 eta 1849 bitartean, Bigarren Karlistaldia gertatu zen, bereziki Katalunian. Mugimendu horiek guztiak gogor zapaldu zituen Narváezek. Ondoren eratu ziren gobernuek ez zuten egonkortasunik lortu, eta haserrea zabaldu zen progresisten, demokraten eta errepublikarren artean.

2.2. Biurteko Progresista

1854an, Antonio Cánovas del Castillok Manzanaresko Agiria idatzi zuen, erreforma erradikalagoak eskatuz. Iraultza-mugimenduarekin bat egin zuten progresistek, demokratek eta errepublikarrek eta Batzorde Iraultzaileak eratu zituzten.

Gobernu progresistaren egonkortasun eza

Isabel II.ak Espartero jeneralari agindu zion gobernua zuzentzeko. 1837ko hauteskunde-sistema jarri zuten indarrean berriz, baina Biurteko Progresistan egonkortasunik ezak jarraitu zuen politikan: batetik, karlistak zeuden, erreforma progresisten kontra, eta, bestetik, demokratak, errepublikarrak eta sozialistak, aldaketa iraultzaileagoak eta gizarte-erreforma zabalagoak nahi zituztenak. 1856an, Esparterok dimisioa eman ondoren, erreginak O'Donnelli agindu zion gobernua eratzeko; horrela, moderantismo-ziklo berria hasi zen.

Erreforma progresistak

Agintean luzaroan egon ez ziren arren, progresistek garrantzi handiko ekimenak egin zituzten legegintzan, administrazioan, ekonomian eta finantzetan, baina haien hainbat helburu ezin izan ziren aplikatu. 1856ko Konstituzioa idatzi zuten; Konstituzio horri non nata izena jarri zioten, ezin izan baitzuten aldarrikatu. Nolanahi ere, finantzetako eta ekonomiako neurriak izan ziren esanguratsuenak: 1855ean, desamortizaziorako lege bat sustatu zuten, Estatuaren eta udalen ondasunei eragiten ziena; finantza-sistema zabaldu eta atzerriko kapitala erakarri zuten legeak arautu zituzten, eta trenbidearen eraikuntza sustatu zuten. Neurri librekanbista haien bidez, estatuko ogasunaren diru-sarrerak handitzea, azpiegiturak hobetzea eta industriaren garapena sustatzea bilatzen zuten.

2.3. Moderantismoaren Itzulera

1856 eta 1868 bitartean, 1845eko Konstituzioa ezarri zen indarrean berriro ere, eta Hamarraldi Moderatuko legedia ezarri zuten berriro. Baina 1863tik aurrera, politikan egongaiztasuna nagusitu zen, berriro ere, alderdien zatiketa gero eta nabarmenagoaren ondorioz. Hauteskunde-iruzurra zela eta, progresistak eta demokratak joko politikotik kanpo gelditu ziren, eta muturreko jarrera politikoak hartzen hasi ziren. Euskal Herrian, foruzaletasuna gero eta erro sakonagoak egiten joan zen liberal moderatuen eta progresisten artean. Bai burgesentzat, bai lur-jabe aberatsentzat, oso mesedegarri ziren Foruetatik eratortzen ziren autogobernua eta zerga-arloko berezitasunak. Europan 1866an hasitako krisi ekonomikoak, kiebra eta hornidura-krisiak eragin zituen eta horrek egoera politiko eta sozial liskartsua gehiago gaiztotu zuen. Azkenean, progresistak, demokratak, errepublikarrak eta Batasun Liberalekoak Primen zuzendaritzapean elkartu ziren, Isabel II.aren erregimena erorarazteko.

Deskargatu

PDF Word HTML