Industrializazioa Euskal Herrian: Bizkaia eta Gipuzkoa

Historia2,53 KB

Industrializazioaren hasiera Euskal Herrian

Berrezarkuntzaren garaian, bai Espainian baita Euskal Herrian ere, nahiko berandu hasi zen industrializazioa. Hala ere, estatuaren barruan, gehien industrializatu zen lurraldea Euskal Herria izan zen, Kataluniarekin batera.

Bizkaiko eredua: Siderurgia eta enpresa handiak

Batez ere Bizkaia izan zen industria-iraultzaren protagonista; bertako burdin erauzketek monopolizatu zuten, ia-ia, hasierako garapen ekonomikoa. Siderurgia izan zen Bizkaiko ahalmen ekonomikoa oinarritu zuen industria mota nagusia. Lurralde honetatik hedatu zen gainontzeko eskualdeetara, Gipuzkoara bereziki.

Bi industrializazio modeloak ezberdinak izan ziren: lehenengoan, Bilbo izan zen aitzindari eta enpresa oso handiak izan ziren motore nagusiak, siderurgikoak batez ere. Garapen hau hainbat faktoreri esker gertatu zen:

  • Atzerriko kapitala.
  • Portu eta banku-sare berriak.
  • Trenbideak sortutako azpiegitura berriak.

Bizkaiko industriaren mugarri nagusiak

Bizkaia azkar garatzen hasi zen eta 1841ean Euskal Herriko lehenengo burdin faktoria modernoa sortu zen. 1859an, Barakaldon Altos Hornos sortu zen eta, ia jarraian, Bilbo inguru osoa industrializatu zen. 1870erako, Bizkaia Europako burdin esportatzaile handiena zen.

Burdin esportazioek eta trenbide-konpainiek Bizkaiko burgesia industrialari aberastasuna eta boterea eman zioten. Merkataritza-jarduera sustatu zen eta mende amaieran ontziola garrantzitsuak sortu ziren Sestaon (Astilleros de Sestao eta Euskalduna de Construcción y Reparación de Buques). 1902an, Altos Hornos de Vizcaya altzairu-fabrika handia sortu zen. Ondorioz, XIX. mende amaieran eta XX. hasieran, jende asko joan zen Bizkaiko industriaguneetara bizitzera.

Gipuzkoako eredua: Enpresa txiki eta ertainak

Gipuzkoan, industrializazio prozesua bestelakoa izan zen. Industrializazioa probintzia osoan hedatu zen eta zernahi produktu landu ziren enpresa txiki eta ertainetan. Zenbait burdingintza-lantegi baziren ere, ekoizpen-eredu horrekin lotutako beste industria batzuk agertu ziren.

Industria gehienak XIX. mende amaieratik aurrera sortu baziren ere, beste batzuk mende erdialdean abiatu ziren. XX. mendeko lantegiek ezaugarri hauek zituzten:

  • Tamaina txikikoak ziren, oro har.
  • Bertako kapitalarekin sortzen ziren.
  • Langileak gipuzkoarrak izaten ziren.

Deskargatu

PDF Word HTML