Industria Iraultzaren Gakoak: Gizartea eta Langile Mugimenduak
Klase-gizartea
Industria Iraultzaren ondorioz sortutako gizarte mota da, aberastasunean oinarritua. Bi talde nagusitzen dira:
- Burgesia: Gizarte horretan nagusi dira, botere politiko eta ekonomikoa baitute. Ekoizpen-bideen jabeak dira.
- Proletarioak: Beso-indarrik besterik ez dute eta soldata baten truke burgesiari saltzen diote.
Kontzeptu Gakoak
- Mitina: Bilera edo batzarra. Politikoek edo sindikalistek beren jarraitzaileei hitz egiteko egiten duten bilera, helburu politikoak dituena.
- Proletarioa: Terminologia marxistan, soldatapeko langileari esaten zaio eta, hedaduraz, langileria osoari.
Falansterioa eta Alternatibak
Charles Fourierrek gorrotatzen zuen Industria Iraultzarekin sortutako industria-enpresa kapitalista; haren ustez, langileen esplotazioa, miseria gorria eta lan monotonoa eragiten zituzten. Horregatik, falansterio izeneko kooperatibak sortzea proposatu zuen. Hauek, nork bere administrazioa izateaz gain, autosufizienteak ziren nekazaritzan eta industrian. Fourierrek gizarte harmonizatu eta justuagoa lortzea zuen helburu, eta gizonen zein emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatu zuen.
Langile Mugimenduaren Hasiera
Ludismoa
Langile-mugimenduaren lehenengo etapako fenomenoa da. XVIII. mendearen amaieran Ingalaterran sortu eta gero Europara zabaldu zen. Makinak apurtzearen aldeko mugimendua zen, langileek pentsatzen zutelako makinek arriskuan jartzen zituztela lanpostuak. Errepresioaren ondorioz, mugimendua desegin zen.
Kartismoa
1838an sortutako izaera politikoa zuen langile-mugimendua. Parte-hartzaileak langileria eta behe-mailako burgesia ziren. Lan-baldintzak hobetzea eta eskubide politikoak eskatzen zituzten. Eskaerak Ingalaterrako Parlamentuari egin zizkioten "Herriaren Gutuna" izeneko dokumentu baten bidez. Besteak beste, sufragio unibertsala, zortzi orduko lanaldia eta pobreentzako legeak berrerabiltzea eskatzen zuten. Parlamentuak uko egin zion eskaerari eta kartisten erantzuna grebak, sabotajeak eta protestak izan ziren.
Trade Union
1834an Robert Owenek Britainia Handian sortutako lehen sindikatu nazionala izan zen. Nekazaritzan zein industrian milioi erdi langile afiliatu zituen. Azkenean, greba ugariek sindikatuaren funtsak agortu eta zenbait buruzagi prozesatu zituztenez, desagertu egin zen.