Induktibismoari egindako kritika eta faltsazionismoa
Induktibismoari egindako kritika
Filosofo askok uste dute induktibismoa ez dela zientziaren funtzionatzeko moduaren deskribapen onargarria.
Zenbat aldiz errepikatu beharko litzateke esperimentua ondorioak unibertsalak izateko? Hamar aldiz? Ehun aldiz? Mila aldiz? Noski, ezin dugu etengabe errepikatu; uneren batean gelditu behar dugu prozesua. Eta ziur jakin al dezakegu ez dugula ahaztu, hain zuzen, arauaren salbuespena den kasua? Zailtasun horri indukzioaren arazoa esaten zaio, eta filosofo asko beste interpretazio batzuk bilatzera bultzatu ditu, zientziak nola funtzionatzen duen azaltzeko. Indioilar induktibistaren kasuak, modu argian eta atsegingarrian azaltzen du indukzioaren arazoa, eta lagungarria da arazo hori zertan datzan ulertzeko.
Faltsazionismoa: Popperren ikuspegia
Faltsazionismoa Karl Popper (1902-1994) filosofoak sorturiko irizpide epistemologikoa da, bere arrazionalismo kritikoaren baitan, eta bereziki induktibismoaren, positibismo logikoaren eta berifikazionismoaren aurkakoa dena, eta metodo hipotetiko-deduktiboaren aldekoa.
Horren arabera, ezagutzaren eta zientziaren aurrerapena ez da gertatzen hipotesi baten alde dauden kasu partikularrak bilduz, baizik eta hipotesi horiek faltsutu edo gezurtatu egiten dituzten kasuak aurkituz, eta hipotesi berriak planteatuz eta garatuz egiazkoak diren (faltsutzen ez diren) bitartean.
Ildo horretatik, hipotesi zientifikoetarako faltsugarritasunaren irizpidea planteatu zuen, faltsugarriak ez diren proposizio eta hipotesiak zientifikoak ez direla adieraziz. Adibidez:
- "Badago kolore gorrixka bat pertsona autisten artean ikara sorrarazten duena", ez da proposizio faltsugarri bat, kolore gorrixka asko probatuta ere, beti argudiatu daitekeelako ikara sorrarazten duen kolore zehatza ez dugula aukeratu.
Karl Popperren (1902-1994) ekarpena
Popperren ekarpen teoriko nagusia, Ikerketa zientifikoaren logia liburuan azaldu zuena, Vienako Zirkuluaren neopositibismotik aldentzen da. Popperren ustez, zientziako aurrerapena ulertzeko gakoa ez da egiaztapena, faltsazioa baizik.
Teoria zientifiko bat faltsugarria da proba esperimentalen mende jar badaiteke soilik. Teoria faltsugarriak baino ez dira benetan zientifikoak, haiek soilik jar daitezkeelako kontraste enpirikoaren mende. Popperren ikuspegitik, zientziak aurrera egiten du teoria faltsugarri bat gai denean (aldi baterako, betiere) proben mende jarri eta haiek gainditzeko.