Indeterminismoa eta Askatasuna: Kontzeptu eta Motak

Filosofia eta etika4,28 KB

Indeterminismo motak

Indeterminismoak dioenez, geure helburuak ez daude determinatuta; hau da, ez daude zehazturik. Ondorioz, geure gogoak erabakitzen dituela sinets dezakegu, edo zoriz zehazten direla.

Indeterminismo mota desberdinak daude: teologikoa, etikoa eta fisikoa. Indeterminismoak kritika orokor bat egiten dio determinismoari.

Indeterminismo teologikoa

Indeterminismo teologikoa katolizismoak defendatzen du. Katolizismoak dioenez, Jainkoak gertatu behar den guztia daki aldez aurretik, baina horrek ez dio gizakiari bere askatasuna ukatzen. Tomas Akinokoa (1225-1274) filosofo katolikoak dioenez, gizakiak bere jokaera erabakitzen eta sortzen du; eta hori hala da nahiz eta Jainkoak aldez aurretik ikusi, Jainkoak dena ezagutzeko ahalmena duelako, baita askatasunez erabakiko dena ere, nahiz eta guk ez ulertu Jainkoaren ahalmen hori.

Indeterminismo etikoa

Indeterminismo etikoaren ordezkari garrantzitsuena Immanuel Kant (1724-1804) filosofoa da. Kantek dioenez, erantzukizuna eta morala edukitzeko barne askatasuna eduki behar da; ezin zaiolako norbaiti leporatu berak askatasunik gabe egin duena. Bestalde, ezin dugu errealitatea bere baitan, hau da, errealitatea bera den bezala, ezagutu; gure ezagutzeko moldeen bitartez ezagutzen dugulako beti, eta ezaguera molde horiek ezaugarri berezi batzuk ezartzen dizkiotelako ikusitakoari; ikusitakoa aldatzen duten betaurreko batzuk balira bezala. Orduan, barne askatasuna badela sinets dezakegu, eta morala eraikitzeko hori sinetsi behar dugu. Beraz, askatasunean sinetsiko dugu.

Indeterminismo fisikoa

Indeterminismo fisikoa Fisika Kuantikoaren interpretazio berezi batean oinarritzen da. Fisika Kuantikoa atomoen osagai txikienen mugimenduak aztertzen dituen Fisikaren arlo bat da. Bere sortzaileetako bat Werner Heisenberg (1901-1976) da. Heisenbergen indeterminazio printzipioak dioenez: elektroi baten kokapena geroz eta zehatzago ezagutzen bada, bere abiadura geroz eta gutxiago ezagutuko da, eta alderantziz; bata jakiten bada bestea indeterminaturik gelditzen da. Horri buruz interpretazio desberdinak daude. Niels Bohr (1885-1962) fisikariak dioenez, elektroiaren errealitatea bera indeterminaturik dago, eta bertan zoriak agintzen du neurri handi batean. Horrek leku bat utziko luke gizakion barne askatasunarentzat. Baina Albert Einstein (1879-1955) eta Stephen Hawking (1942-2018) fisikariek diotenez, Fisika Kuantikoa determinista da, eta Heisenbergen indeterminazio printzipioa ez dagokio errealitateari, gure oraingo jakiteari baizik.

Determinatzea, baldintzatzea, zoria eta askatasuna

Determinatzea eta baldintzatzea bereizi behar dira, determinismoak dioenez. Zerbait determinatzea, zerbait hori nolakoa izango den guztiz eta osoki mugatzea da. Aldiz, zerbait baldintzatzea bere gain eragitea da, baina guztiz mugatu gabe. Bestera esanda: determinatzea guztiz baldintzatzea da. Indeterminismoak dioenez, fisikak, biologiak, hezkuntzak, ekonomiak eta horiek baldintzatu egiten dituzte gure ekintzak, baina ez dituzte determinatzen. Honela, gure gogoak askatasunez erabakitzeko eremuren bat eduki dezake, nahiz eta eremu hori murriztua izan.

Zoria eta askatasuna bereizi behar dira. Adibidez, zoriz gertatzen da dado bat botatzearen emaitza. Bereiztu ondoren, zera ikus daiteke: indeterminismoaren arabera gelditzen den zehazgabetasunaren eremua ez da derrigorrez askatasunarentzat; zoriarentzat izan daiteke. Beraz, indeterminismoa onartzeak ez gaitu derrigorrez askatasuna dugula onartzera eramaten. Barne askatasunean sinesteko, indeterminismoa beharrezkoa da, baina ez da nahikoa; horrez gain boluntarismoan sinetsi behar da.

Askatasuna eta kausalitatea loturik daude, Humek azaldu zuenez. Barne zein kanpoko askatasunek kausalitate determinista egotea eskatzen dute, erabaki askeek ezin izango zutelako inolako ondoriorik eduki, kausalitaterik egongo ez balitz. Beraz, askatasunean sinesteak kausalitatean sinestea eskatzen du. Orduan, askatasunean sinesten duenarentzat, askatasunaren eta kausalitatearen eremuak elkar ukitzen egongo dira, baina desberdinak izango dira. Adibidez, askatasunez erabakitzen dut sagar bat jatea, eta hortik aurrera, zergatien (kausen) eta ondorioen kate baten bitartez, besoa luzatzen dut eta sagarra hartzen dut, zeina paralitiko batek ezingo lukeena hartu.

Deskargatu

PDF Word HTML