Independentzia Gerra eta Espainiako Liberalismoaren Jatorria: Historia Gida Osoa

Historia26,62 KB

1.1. Independentzia Gerra eta Jose I.aren Gobernua

Independentzia Gerra (1808-1814)

Gerraren zergatiak eta arrazoiak

Carlos IV.aren ahulezia Napoleon aurrean. 1807an erregeak Fontainebleauko Ituna sinatu zuen, frantziar armadari Espainian sartzeko baimena emanez Portugal inbaditzeko. Napoleonen asmoa Iberiar Penintsula osoa konkistatzea zen.

Aranjuezko Matxinada. 1808ko martxoan, frantziar tropak Espainian sartu eta puntu estrategikoenak okupatu zituzten, eta Godoyk errege-familiaren ihesa Amerikara prestatu zuen. Erregearen semea, Fernando, bere aitaren borondatearen aurka, kleroaren eta gorteko nobleziaren babesarekin herri-matxinada zuzendu zuen, helburua Carlos IV.aren abdikazioa eta Fernando errege bihurtzea zela.

Baionako abdikazioak. Helburua lortu baina Napoleonek ez zuen Fernando errege onartu. Napoleonek 1808ko maiatzean Carlos IV.a eta Fernando VII.a Baionara joateko deitu zituen. Bertan, Napoleonek Espainiako tronuari errenuntziatzera behartu eta Jose Bonaparteri eman zion.

1808ko maiatzaren 2ko Madrilgo Altxamendua. Errege-familia Madriletik Baionara abiatu zenean, madrildarrek pentsatu zuten Napoleonek bahitu zituela. Frantziar tropen aurka altxatu ziren eta errepresioa ikaragarria izan zen (25 frantses eta 25.000 madrildar hil ziren). Honen berria zabaldu eta altxamenduak Espainiako toki askotan zabaldu ziren, Independentzia Gerra hasiz.

Jose I.a Bonaparteren erregimena eta Aginte Iraultzailea

Bi botere paralelo zeuden. Erregimen bonapartista: elite ilustratu bateko kideek (erreformak egitearen aldekoak, neurri iraultzaileen aurkakoak) babesa eman zioten Jose I.ari. Hark erregimen berri bat sortu nahi zuen, oinarriak liberalismoan zituena eta gizarte eta estatuaren modernizazioan oinarrituta. Sistema hau 1808ko Baionako Konstituzioan adierazi zuen erregeak. Hainbat erreforma martxan jarri zituen, baina gerra zela eta ezin izan zituen bete. Espainiar gehienek errege hau gaitzetsi zuten (Pepe Botella ezizenez ezagutu zen), bere kontrako propagandak esaten zuena besterik ez zekiten: armen indarrez jarria zela eta atzerritarra zela.

Aginte Iraultzailea: Batzordeak. Erregea kanpoan zegoela, frantziarren aurkako erresistentzia antolatzeko ardura Tokiko Batzordeen eskuetan jarri zen. Tokiko batzordeen arteko lotura Probintziako Batzordeek egin zuten eta 1808ko irailean Batzorde Zentral Nagusia osatu zen, botere-hutsunea betetzea eta gerra antolatzea helburu zutela. 1810ean Erregeordetza Kontseilua bihurtu zen, Fernando VII.aren izenean gobernatzeko. Cádizen ezarri zen, Espainiako hiriburua bihurtuz (britainiarren defentsari esker okupatu gabe).

Gerraren faseak

Lehen garaipena espainiar tropek lortu zuten Bailénen (Jaén) 1808an. Napoleonek bere armada buruan jarri eta egoerari buelta eman zion, baina 1812an Napoleonek bere tropen zati handia Errusiako frontera bidali zuen. Espainiarren gerrilla taktika (Euskal Herrian Francisco Javier Espoz y Mina Nafarroan eta Sebastián Fernández de Leceta "Dos Pelos" Araban) eta britainiarren laguntza (Wellington buruan) garaipena ekarri zioten britainiar-espainiar armadari. Bi gudu nagusi izan ziren 1813an: Gasteizkoa eta San Martzialgoa, geratzen ziren frantziar tropak alde egitera behartuz. 1813ko abenduan Napoleonek Valençayko Ituna sinatu zuen Fernandorekin, Espainiako tronua itzuliz.

Gerraren ezaugarriak

Gerrak hondamendi demografikoa eta ekonomikoa ekarri zuen. Milaka hildako izan ziren, gehienak espainiar herritarrak. Frantziarren okupazioa gogorra izan zen eta errepresalia bortitzak egin zituzten haien aurka. Antzineko Erregimeneko botereak indartu ziren. Erregearena eta Eliza Katolikoarena. Patriotismoa atzerakoia bihurtu zen, frantziarren ideia berrien aurka. Ez zen, beraz, iraultzailea. Nazioarteko gerra izan zen: Frantzia eta Espainiaren arteko gerra, nazioartekoa ere bada, Britainiarren laguntzagatik, eta gerra zibila: pentsaera desberdineko jendea elkartu zen etsai komun bati aurre egiteko, eta abertzaletasun sentimendua piztu zen herritarren artean frantsesen aurka.

1.2. Cadizko Gorteen lan iraultzailea eta 1812ko Konstituzioa

Gorteen sorrera

Aginte iraultzaileek gerra irabazteko boterea zentralizatzea erabaki zuten, horretarako Junta Zentrala sortuz 1808ko irailaren 25ean, Amerikako kolonietako ordezkariak barne. Frantziarrek lurraldearen zati handiena okupatu zutenez, Junta Cadizera joan zen, 1810ean desegin eta bost kideko Erregeordetza batek ordezkatu zuen.

Cadizeko Gorteak 1810eko irailaren 24an bildu ziren, Penintsulako eta Amerikako ordezkariekin. Bi joera nagusi zeuden: liberalak, erreformen aldekoak, eta absolutistak, monarkia absolutuaren aldekoak. Liberalek nagusitasuna lortu zuten, erdi mailako klaseetako eta intelektualen artean.

Independentzia Gerran, espainiar askok frantsesen aurka borrokatu arren, Cadizeko Gorteek ideia liberalak eta berritzaileak defendatu zituzten, atzerritarren esku-hartzea onartu gabe. Nazio-subiranotasuna aldarrikatu zuten, iraultza liberala hasiz, ordezkariek nazio osoa ordezkatzen baitzuten, eta ez bakarrik noblezia, Eliza edo hiriak.

Gorteen lanak: dekretuak eta 1812ko konstituzioa

Cadizeko Gorteek, gehiengo liberalari esker, Antzinako Erregimena desegiteko oinarriak jarri zituzten, dekretuen eta 1812ko Konstituzioaren bidez.

Dekretuak: Neurri berritzaileak ezarri ziren: inprenta eta prentsa askatasuna, erregimen feudala eta estamentuzko gizartea ezabatzea, Inkisizioa indargabetzea, Elizaren ondasunak desamortizatzea, gremioak desagerraraztea eta merkatu librea sustatzea. Horrez gain, lurralde-antolamendu berria eta zentralizazioa bultzatu ziren.

1812ko Konstituzioa: 1812ko martxoaren 19an onartu zen, San Jose egunean, eta Cadizko Konstituzioa (La Pepa) izenez ezagutu zen. Espainiako lehen Konstituzioa izan zen, eta Europako hirugarren konstituzio liberala.

Subiranotasun nazionalean oinarritu: boterea nazioarena zen, ez erregearena edo Jainkoarena. Espainiar nazioa Europako eta Amerikako 25 urtetik gorako gizon askeek osatu zuten. Gorteetako diputatuek legeak egin zitzaketen, diputatu izateko errenta eskatuz.

Konstituzioak botere-banaketa ezarri: botere legegilea Gorteek zuten, betearazlea erregeak (mugatua) eta judiziala epaitegi independenteek. Gizonezkoen zeharkako sufragio unibertsala eta barne-aduanarik gabeko merkatua ezarri ziren. Erlijio katolikoa estatuko erlijio bakarra zen.

Konstituzioak denbora gutxi iraun zuen indarrean, Fernando VII.a itzultzean, baina liberalismoaren oinarri eta erreferente bihurtu zen etorkizunerako.

1.3. Liberalismoaren garaipena: Estatuaren egituraren eraikuntza

Fernando VII.aren erregealdia 1814tik 1833ra luzatu zen, eta absolutistak eta liberalak txandakatu ziren. Hil ondoren, Antzinako Erregimena baztertu eta liberalismoa ezarri zen Espainian.

Estatu liberalak botere-banaketa, nazio-subiranotasuna eta eskubide eta askatasunak defendatu zituen politikan; ekonomian, kapitalismoa eta jabetza pribatua; eta gizartean, indibidualismoa. Hala ere, desberdintasun sozialak handitu ziren aberatsen eta pobreen artean.

Espainiako liberalismoa ahula izan zen, herrialdea atzeratua zelako: nekazaritza modernizatu gabe eta klase ertaina oso txikia. Gainera, sufragio zentsitarioak nekazariak, langileak eta klase ertain gehienak politikatik baztertu zituen, boterea nobleziaren eta goi-burgesiaren esku utziz.

Ondorioz, Espainiako liberalismoa ahula, oinarri sozial gutxikoa eta kontserbadorea izan zen. Horrek bi ondorio nagusi ekarri zituen: militarren protagonismoa politikan, pronuntziamendu militarren bidez gobernuak aldatuz; eta gobernuen ahultasuna eta ezegonkortasuna.

Erreginordetzaren aldia (1833-1843)

Fernando VII.a 1833an hil zenean, bere alaba Isabel II.a, hiru urtekoa, erregina bihurtu zen, eta bere ama María Cristina erreginorde izendatu zuten. Fernando VII.aren anaia Carlos María Isidrok ez zuen Isabelen erregetza onartu. Horrela, bi alde sortu ziren: isabeldarrak (liberalak) eta karlistak (absolutistak eta tradizionalistak), azken hauek ez zutelako onartzen Fernando VII.ak emandako Santzio Pragmatikoa, Lege Salikoa ezabatzen zuelako.

Lehen Gerra Karlista (1833-1839)

Bi aldeak aurrez aurre jarri ziren. Karlistek katolizismoa eta Foruak edo Lege Zaharrak defendatu zituzten. Apaiz askoren, nekazarien eta lurjabe txikien babesa izan zuten, batez ere Nafarroan eta Euskal Herriko hiru probintzietan. Isabeldarren alde, goi-noblezia eta funtzionario asko zeuden.

Isabelen tronua bermatzeko, María Cristinak liberalen laguntza behar izan zuen, eta absolutismoari eta Antzinako Erregimenari amaiera eman, sistema liberala ezartzeko. Nazioartean, Austria, Prusia eta Errusiak Carlos babestu zuten; Frantziak eta Britainia Handiak, Isabelen alde.

Karlistek hasieran ez zuten armada ondo antolatua, eta gerrilla taldeak sortu zituzten. Borrokak Euskal Herriko mendietan gertatu ziren. Zumalakarregi jenerala buruzagi karlista garrantzitsua izan zen, baina Bilboko setioan hil zen.

Denborarekin, karlistak ahuldu ziren, eta haien artean desadostasunak sortu ziren: batzuek liberalekin akordioak egin nahi zituzten, eta beste batzuek gerrarekin jarraitu.

1839an, Bergarako Ituna sinatu zuten Maroto jeneral karlistak eta Espartero jeneral liberalak. Karlistek Isabel Espainiako erregina legitimotzat onartu zuten, eta haien armadako kideak armada liberalean sartu ziren errepresaliarik gabe. Gainera, Foruak errespetatzeko konpromisoa hartu zen.

Karlista talde batzuek Levanten borrokan jarraitu zuten, baina 1840an garaituak izan ziren. Ondorioz, Isabelen tronua bermatu eta sistema liberala ezartzeko prozesua bultzatu zen.

Maria Cristinaren erreginordetza (1833-1840)

Fernando VII.a 1833an hil zenean, Isabel II.a, hiru urtekoa, erregina bihurtu zen, Santzio Pragmatikoari esker, emakumeek tronua heredatzen baitzuten. Isabel adingabea zenez, María Cristinak hartu zuen erreginordetza (1833-1840). Bere boterea sendotzeko, liberalen laguntza bilatu zuen, eta liberalismoa ezarri. Liberalismoan bi joera zeuden: moderatuak eta aurrerakoiak.

María Cristinak Cea Bermúdez absolutista moderatua izendatu zuen gobernuburu. Javier de Burgosek Espainia 49 probintziatan banatu zuen, administrazioa errazteko eta lurraldea uniformizatzeko, baina ez zen aldaketa politiko handirik izan.

Martínez de la Rosa liberal moderatuak 1834ko Errege Estatutua ezarri zuen. Konstituzio baten antzekoa zen, baina erregeak emana, Gorteek parte hartu gabe. Parlamentuak botere gutxi zuen, eta herritar gutxik zuten hauteskundeetan parte hartzeko aukera. Horregatik, ez moderatuak ez progresistak ez ziren asetu.

1836an, La Granjako sarjentuen pronuntziamenduaren ondorioz, María Cristina Errege Estatutua indargabetzera behartu zuten. Liberal progresistak gobernura iritsi ziren, eta Mendizabalek Elizaren ondasunen desamortizazioa hasi zuen. 1812ko Konstituzioa berrezarri zen behin-behinean.

1837an, Konstituzio berria onartu zen. Nazio-subiranotasuna aldarrikatu zen, sufragioa zabaldu, eskubide zibilak jaso eta bi ganberako Gorteak sortu ziren: Diputatuen Kongresua eta Senatua. Erregearen boterea mugatu zen.

Armada antolatzeko, kinten sistema ezarri zen: 18 eta 25 urte arteko gizonen artean zozketa egin soldadutza derrigorrezkoa izateko. Dirudunek ordezko bati ordaintzeko aukera zuten, eta horrek aberatsak soldadutzatik libratzea ahalbidetu zuen.

Moderatuen eta progresisten arteko gatazkak eta ezegonkortasun politikoak zirela eta, María Cristinak erreginordetzari uko egin zion 1840an, eta Espartero jeneral progresistak hartu zuen lekua. Lehen Gerra Karlista amaituta zegoen.

Esparteroren erregordetza (1840-1843)

Esparteroren erregeordetza laburra izan zen, modu autoritarioan gobernatu zuen, militar gutxi batzuen laguntzarekin. Horregatik, liberal moderatuen eta progresisten aurka jarri zen.

Bere agintaldian, Nafarroako foruak murriztu ziren, Elizaren desamortizazioa azkartu eta librekanbismoa bultzatu zen. Politika istiluak eragin ziren Bartzelonan 1842an, eta Esparterok gogor zapaldu zituen. Horrek bere erorketa bizkortu zuen.

1843an, Narváez jeneral moderatuak Esparteroren aurkako altxamendua gidatu zuen, eta agintetik kendu zuen.

Isabel II.aren erreginaldia (1843-1868)

Isabel II.ak adin nagusitasuna lortu ondoren hasi zen erreginaldia. Bere amak bezala, liberal moderatuekin gobernatzeko joera izan zuen. Aldi honetan, militarrek gero eta protagonismo handiagoa hartu zuten Espainiako bizitza politikoan.

Hamarkada moderatua (1844-1854)

1844an, Narváez jeneral moderatua gobernuburu izan zen, eta Isabel II.a erregina izendatu zen. Moderatuek zentralismoa, kontserbadurismoa eta ordena defendatu zituzten.

1845ean Konstituzio berria ezarri zuten. Subiranotasun partekatua ezarri zen, Gorteen boterea murriztu eta erregearena handitu, erlijio katolikoa estatuko erlijio bakarra bihurtu eta inprenta-askatasuna mugatu zen.

1851n, Vatikanoarekin Konkordatua sinatu zen, Elizarekin harremanak hobetzeko. Desamortizazioagatik galdutako ondasunengatik Elizari kalte-ordainak ematea adostu zen.

Administrazioa zentralizatzeko, udalen legea eta gobernadore zibilaren figura ezarri ziren. Gobernadore zibilak gobernuaren ordezkariak izan ziren probintzietan, eta alkateak kontrolatu zituzten. Ogasuna erreformatu zen, zergak bateratuz eta kobrantza erraztuz, nahiz eta iruzurrak jarraitu.

Ordena bermatzeko, Milizia Nazionala desegin eta Guardia Zibila sortu zen 1844an. 1845ean, Eskola Nazionala sortu zen.

Liberalen arteko zatiketak gertatu ziren: Demokratak (1849): progresistengandik banandu ziren, eskubide politiko eta sozialen hedapena defendatzeko. Batasun Liberala (1851): moderatuen barruan sortu zen, eta gero progresistekin elkartu zen gobernu moderatuaren aurka.

Biurteko aurrerakoia (1854-1856)

1854an, Vicalvarada altxamendu militarrak, O'Donnell eta Serrano jeneralek gidatuta, gobernu-aldaketa eragin zuen. Isabel II.ak Espartero progresistari eman zion gobernua.

Konstituzio berri bat egiten saiatu ziren, baina ez zen indarrean jarri. Iritzi eta erlijio askatasuna bultzatu zen, eta ideia demokratikoak, errepublikanoak, sozialistak eta federalistak zabaldu ziren.

Ekonomian, 1855eko Madozen desamortizazioa egin zen, eta Bankuen eta Kreditu Elkarteen legeak eta Burdinbideen Legea onartu ziren, ekonomia eta garraioak sustatzeko.

Biurtekoatasun liberala gobernuan (1856-1863)

O'Donnell liberalismo zentrista ezartzen saiatu zen, egonkortasun politikoa eta hazkunde ekonomikoa lortuz. Hauteskundeetako emaitzak faltsutu zituen Parlamentuan gehiengoa ziurtatzeko.

1863an, gobernu barruko desadostasunengatik eta oposizioaren presioagatik, O'Donnellek dimititu zuen, eta Isabel II.ak moderatuei eman zien gobernua.

Moderatuak gobernuan (1863-1868)

Narváez modu autoritarioan gobernatu zuen, Gorteak eta oposizioko taldeak baztertuz eta aurkariak gogor zapalduz.

1866an, krisi ekonomiko sakona hasi zen, langabezia, biziraupen-arazoak eta zergen igoera eraginez. Herritarren haserrea handitu zen, eta Isabel II.aren gortekoen ustelkeria eta ospe txarra gogor kritikatu ziren.

Isabel II.aren erreginaldiaren bukaera

Oposizio progresista eta demokratak, behe-klaseen eta hirietako burgesiaren babesarekin, Isabel II.aren erregealdia amaitzea eta herrialdea demokratizatzea bilatu zuten.

Ostendeko Ituna (1866): San Gil kuarteleko altxamenduaren zapalkuntza ondoren, Juan Prim jeneral progresistak eta Francisco Serrano jeneralak zuzendutako oposizioko taldeek ituna sinatu zuten. Helburua altxamendu baten bidez gobernu moderatua eta Isabel II.aren erregealdia amaitzea zen.

Iraultza Loriatsua (La Gloriosa) (1868): Topete almiranteak, Prim eta Serrano jeneralekin batera, altxamendua hasi zuen Cadizen. Herrialde osoan batzorde iraultzaileak sortu ziren, eta altxamenduak arrakasta izan zuen. Isabel II.a Frantziara ihes egin zuen, eta gobernuak dimititu zuen. Isabel II.aren erregealdia amaitu zen.

1.4. Seiurteko demokratikoa (1868-1874)

Behin behineko gobernua (1868-1871)

1868ko Iraultza liberalaren ondoren, Borboien dinastia kanporatu eta behin-behineko koalizio-gobernua osatu zen, progresistek, unionistek eta demokratek osatua. Serrano jenerala erregeorde izendatu zen, eta Prim jenerala gobernuburu.

Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeak egin ziren, gizonezkoen sufragio unibertsalarekin. Hauteskunde horietatik 1869ko Konstituzioa sortu zen, oso aurrerakoia. Monarkia konstituzionala eta demokratikoa ezarri zuen, nazio-subiranotasuna, botere-banaketa, eskubide eta askatasun zabalak eta erlijio-askatasuna aldarrikatuz. Pezeta ezarri zen Espainian.

Amadeo I.a Savoiakoa (1871-1873)

Erregimen berrirako errege bat bilatu zen, eta Amadeo I.a Savoiakoa aukeratu zen. Espainiara iritsi baino lehen, Prim jenerala hil zen, eta Amadeo babes politiko garrantzitsurik gabe geratu zen.

Amadeok monarkia demokratikoa finkatu nahi zuen, baina aurkari asko izan zituen: aristokrazia, Eliza, karlistak, Alfontso Borboikoaren aldekoak, errepublikarrak eta demokrata gehienak. Armadako sektore batzuek ez zuten onartu.

Bere erregealdian arazo ugari izan ziren: krisi ekonomikoa, alderdi politikoen arteko gatazkak, Bigarren Gerra Karlistaren hasiera, Kubako gerra eta errepublikaren aldeko matxinadak.

Babes politikorik gabe eta arazoei aurre egin gabe, Amadeo I.a 1873an abdikatu zuen eta Espainiatik alde egin zuen.

I. Errepublika (1873-1874)

Amadeo I.ak abdikatu ondoren, 1873ko otsailaren 11n Lehen Errepublika aldarrikatu zen. Goi-burgesiak, aristokraziak, Elizak eta armadako goi-karguek aurka egin zuten; klase herrikoiek, ordea, ondo hartu zuten. Diputatu gehienak monarkikoak ziren, eta Errepublikaren aldeko bozketa estrategia bat izan zen, gero Borboiak itzul zitezen planak antolatzeko. Errepublikaren barruko desadostasunek lau presidente egotea eragin zuten: Figueras, Pi i Margall, Salmerón eta Castelar.

Gobernuak hainbat erreforma progresista egin zituen, baina Programa erreformatzaile bat aurrera ateratzeko arazoak izan ziren.

1874ko urtarrilean, Pavía jeneralak estatu-kolpea eman zuen eta Gorteak desegin. Serrano jeneralak erregimen autoritarioa ezarri zuen: Konstituzioaren bermeak kendu, prentsa-zentsura ezarri eta alderdi federalistak eta I. Internazionala desegin.

1874ko abenduaren 29an, Martínez Campos jeneralaren altxamenduak Alfontso XII.a errege izendatzea ekarri zuen, eta Borboien monarkia berrezarri zen.

1.5. Foru-auzia

Foruak XIX. mendera arte

Foruak Erdi Aroan sortutako lurralde bakoitzeko lege, eskubide eta pribilegio bereziak ziren. Errege Katolikoekin lurraldeak batu ziren, baina bakoitzak bere erakundeak eta foruak mantendu zituen.

Habsburgotarren garaian foruak baieztatu ziren. Baina Felipe V.ak, Ondorengotza Gerraren ondoren, Aragoiko Koroako foruak kendu zituen, Carlos Habsburgokoaren alde egin zutelako. Euskal lurraldeek, Felipe V.aren alde egin zutenez, foruak mantendu zituzten.

Euskal Foruak

Euskal Foruak Lege Zaharrak ziren, ohituretan eta herritarren eskubideetan oinarritutakoak. Erregeek baieztatu behar zituzten, eta lurralde bakoitzak bere foruak eta erakundeak zituen: Nafarroako Erreinua, Bizkaiko Jaurerria, Gipuzkoako Probintzia eta Arabako Ermandadea. Ezaugarri komun batzuk:

  • Kaparetasun unibertsala: Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako zenbait haranetako biztanleak kaparetzat hartu ziren, jatorria frogatuz; gizartea ez zen berdintasunezkoa.
  • Tronkalekotasuna: Ondasun higiezinak seme bakar bati uzten zitzaizkion, familiaren ondasunak ez zatitzeko eta pobretzea saihesteko.
  • Zerga-salbuespena: Zerga zuzenak ez ordaintzea, baina erregeak aparteko ekarpenak eskatu zitzaizkien.
  • Soldadutzatik salbuespena: Itsas armadan izan ezik, euskal herritarrak soldadutzatik salbuetsita zeuden.
  • Barne-aduanak eta merkataritza askea: Aduanak kostaldean ezartzea debekatuta zegoen, oinarrizko produktuak ez garestitzeko. Portu frankoek merkataritza librea eta atzerriko produktuen inportazioa erraztu zuten.
  • Autogobernu mugatua eta Foru Baimena: Erregearen eta euskal agintarien boterea orekatu zen. Foru Baimena: foruen aurkako errege-legeak ez betetzea erabaki zitekeen.
  • Erakunde politiko nagusiak: Batzar Nagusiak ziren ordezkaritza-erakunde nagusiak. Lege administratiboak egiten zituzten, zergak erabakitzen zituzten eta aurrekontuak prestatzen zituzten. Batzarrak elkartu ez zirenean, Diputazioek edo Aldundiek hartzen zituzten erabakiak; denborarekin, gero eta botere handiagoa lortu zuten.

Deskargatu

PDF Word HTML