Immunitate Sistemaren Disfuntzioak eta Gaixotasunak

Biologia3,74 KB

Immunitate Sistemaren Disfuntzioak

Immunitate sistemak behar bezala funtzionatzen ez duenean, hainbat gaixotasun agertzen dira: gaitz autoimmuneak, hipersentikortasun-erreakzioak eta immunoeskasiak.

Gaitz Autoimmuneak

Sistema immunologikoaren akats bat da, bere molekula propioak ez baititu ezagutzen eta, horren ondorioz, bere buruari eraso egiten dio, gaixotasun larriak sortuz. Autoimmunitatea eragiten duten organismoaren molekula propioei autoantigeno deritze.

Zergatik sortzen dira gaixotasun autoimmuneak? T linfozitoen jarduera okerraren ondorioz:

  • Sistema immunitarioaren garapenean, enbrioi-bizitzan, linfozito batzuek auto- eta heteroantigenoak ez dituzte bereizten (linfozito autoerreaktiboak). Normalean, hautespen-prozesu baten ondorioz timoan suntsituak izaten dira, baina batzuek bertatik ihes egin dezakete eta odolean zehar gorputzeko zenbait organotara iritsi eta autoimmunitatea eragin dezakete.
  • Molekula batzuk oso urrun egoten dira organo linfoideetatik, adibidez kristalinoaren proteinak, garapen enbrionarioan oso azkar bereizten direlako sistema immunitariotik. Kristalinoan zauri bat egitean, proteina horiek aska daitezke eta erantzun immunologikoa eragin dezakete.
  • Mikroorganismo batzuek mimetismo molekularra garatzen dute: gure proteinen antzekoak sintetizatzen dituzte. Adibidez, adenobirus baten kapsidan eta gure mielinazko zorroan antzeko aminoazido-sekuentzia duten proteinak agertzen dira. Animalia-zelula guztiek antigeno proteikoak dituzte beren mintzean: Histobateragarritasun-antigenoak (MHC antigenoak edo HLA gizakian, human leucocyte antigen). Autoimmunitateko gaixotasunak dituzten pertsona gehienek beren zelulen mintzean HLA anomaloak dituzte: proteina horiek mikroorganismoen zati mimetikoekin elkartzen dira eta T linfozitoei aurkezten dizkiete; kasu horretan, linfozitoek ezin dituzte organismoaren molekulak eta mimetizatutakoenak bereizi, eta autoimmunitateko anomalia sortuko da.
  • Tratamendurako immunosupresoreak erabiltzen dira erantzun immunitarioa murrizteko.

Hipersentikortasun-erreakzioak: Alergiak

  • Antigeno baten aurkako erantzun desegokia edo gehiegizkoa da, hanturazko erreakzio orokorra, eta kalteak eragiten dizkie ehunei.
  • Antigeno horiek molekula inokuoak edo arrisku gutxikoak dira, hala nola, polena, akaroak, antibiotikoak, zenbait elikagai...
  • Ez da antigenoarekin lehen kontaktuan agertzen, ondorengoetan baizik.
  • Erreakzio horiei alergia deritze, eta eragiten duten antigenoei alergeno.
  • Alergiak bi fase ditu:
    • Sensibilizazio-fasea

      Alergenoarekin lehen kontaktuan. Ez da sintomarik ematen, baina prozesu biokimiko eta zelularra martxan jartzen da.

    • Mastozitoen Aktibazio-fasea

      Hurrengo kontaktuetan, alergenoa mastozito eta basofiloei lotutako IgE-rekin lotuko da, eta erreakzio multzo bat gertatuko da: mastozitoek eta basofiloek zenbait substantzia basodilatatzaile askatuko dituzte, histamina, besteak beste. Hauek fagozitoak erakarriko dituzte, hanturazko erantzuna eta beste sintoma batzuk eraginez: bronkioloak uzkurtzea, mukia jariatzea, etab.

  • Batzuetan, erantzuna oso bizia izan daiteke eta heriotza ekar dezake. Horrelakoetan, anafilaxia edo shock anafilaktikoa terminoa erabiltzen da.
  • Alergiaren aurkako tratamendua: antihistaminikoak, histaminaren eragina inhibitzen dutenak. Kasu larrietan, bronkozabaltzaileak eta glukokortikoideak (hanturazko erantzuna inhibitzen dute).
  • Batzuetan, txertoak ere erabiltzen dira.

Deskargatu

PDF Word HTML