Ilustrazioaren Oinarrizko Kontzeptuak: Askatasuna, Aurrerapena eta Gidaritza

Filosofia eta etika2,38 KB

Erabilera Pribatua eta Publikoa

Erabilera pribatua pertsona batek ezagutzen edo kezka gisa duen gai bati buruz ari denean gauzatzen da, baina ez bere izen propioan mintzo denean, baizik eta duen kargutik edo erakunde bateko partaide gisa ari denean. Kanten ustez, halakoetan, arrazoiaren erabilera muga liteke, askatasun gutxitze horrek Ilustrazioari kalterik egin gabe. Erabilera publikoa eta pribatua bata bestearengandik oso urrun badoaz, erabaki beharra izaten du pertsonak: erakunde hori utzi, barruan segituz aldatzen ahalegindu... (kanporatua ere izan liteke). Zenbaitetan, ez da erraza izaten erabilera bat non bukatzen den eta bestea non hasten den zehaztea.

Askatasuna

Kanten ustez, Ilustraziorako ezinbesteko baldintza da askatasuna. Gizakiak askatasuna behar du bere kabuz eta gidaritza arrotzik gabe pentsatzeko. Hau ez da erraz lortzen. Izan ere, iraultza politikoek eta ekonomikoek ez dituzte gizarte osoaren pentsatzeko erak eta mendetako ohiturak gauetik goizera aldarazten. Askatasuna behar da, hasteko, kontzientzia kontuetan, eta, gerora, arlo denetan. Askatasun hori baliatuz, herriak parte har dezake errepublikaren gidaritzan (despotismo ilustratuaren akabera).

Aurrerapena

Aurrerapena Ilustrazioaren oinarrietako bat da, askatasunak eta arrazoiaren sendotzeak era guztientzako hobekuntza ekarriko duen itxaropena. Funtsean, gizakiaren ustezko ontasun naturaletik abiatzen den ustea da hau. Etengabeko aurrerapenaren ideia XVII. mendeko arrazionalismoaren, sekularizazioaren eta garapen zientifikoaren emaitza da, gaur egun oraindik arrakastatsu irauten duena. Ilustratuen usteetan, arrazoiaren erabilera egokiak honako hauek ekarriko zituen: natura probestea, gizakiaren bizimodua hobetzea (elikadura, lana, osasuna...), kultura hedatzea, eta abar.

Gidaritza (Tutoretza)

Arrazoiaren garapen autonomoa eragozten duena da gidaritza, edo tutoretza. Tutore "onguratsuak" arlo denetan aurki daitezke: erlijioan, politikan... Tutoreak nahierara maneia daitezkeen abere otzanak moldatu nahi ditu, eta menekoei "eroso" zaie gidatuak izatea. Denetan tutoretzarik kaltegarriena kontzientzia kontuen gainekoa da, Kanten ustez. Ilustrazioaren egiteko nagusia da banakoari ikustaraztea gidaritza arrotz horien beharrik ez duela; hau da, gai dela bere kasa pentsatu eta erabakiak hartzeko.

Deskargatu

PDF Word HTML