Ilustrazioa Kanten arabera: Arrazoia, Askatasuna eta Aurrerapena

Filosofia eta etika4,33 KB

Ilustrazioa Kanten arabera

Adingabetasuna

Gizateriaren egoera Ilustrazioaren aurrean. Arrazoiak bakarrik gida dezake gizakia bere betetasun eta nagusitasunera. Gizakia adin txikian dirau arrazoiaren erabilpen kritikoa eta autonomoa egiten ez duen artean. Adingabetasuna, besteren gidaritza gabe nor bere arrazoiaz baliatzeko ezintasuna da. Kanten ustetan, gizakia bera da egoera horren erruduna, koldarkeria eta alferkeria erasoan jausi baita, inoiz ez zaiolako eman aukera adin txikitik irteteko, eta bere eskuetan bakarrik dago konponbidea.

Arrazoia

Gizakion berezko dohain naturala den gaitasuna. Kanten arabera, arrazoimena bakarra izanik, bi erabilera edo funtzio ditu: ezagutza eta jokabide gidaritza. Erabilera teorikoa, zeinaren bidez gizakiak gauzak nolakoak diren jakin dezakeen. Erabilera praktikoa, zeinaren bidez gizakiak bere jokaera gida dezakeen. Arrazoi teorikoak "Zer jakin dezaket?" galderari erantzuten dio eta izanaz proposizioak, judizioak formulatzen ditu. Zentzu hertsiago batez, arrazoiak giza ezagutzaren hirugarren maila betetzen du, sentimenena eta adimenaren ostean. Arrazoi praktikoak "Zer egin behar dut?" galderari erantzuten dio, izanbeharrazko aginduak ezartzen ditu, eta ekintzak giza ideala burutzera zuzentzen ditu.

Arrazoiaren erabilera publikoa

Arrazoiaren erabilpen librea, adingabetasunaren uztarretik askatzea. Beste hitzetan, nork bere kabuz pentsatzea, tutore edo gidaritza arrotzetik askaturik. Hertsiago harturik, arrazoimenaren erabilera publikoa, iritzi edota adierazpenerako askatasunean gauzatzen da. Eskubide eta erantzukizun hau Ilustrazioaren baldintza da, zeren eta, kritika, argumentazio eta proposamen publikoen bidez, edozein arlotako sineskera eraldatu eta hobe daitekeen. Kanten ustetan, hauxe da gizarteak duen aurrerapeneko bide baketsua.

Arrazoiaren erabilera pribatua

Hiritar bakoitzari dagokion funtzio soziala betetzean datza. Estatuak eta komunitateak ordenan funtziona dezatela eta interes publikoko xedeak bete daitezela dira bere helburuak. Kanten arabera, askatasunaren murrizketa honek ez du Ilustrazioaren garapena batere oztopatzen, erabilera publikoa zaintzen den artean. Kantek esaldi batean laburtzen ditu arrazoiaren bi erabilerak: "Nahi adina eta nahi duzuenaz arrazonatu, baina obeditu". Filosofia hau berezkoa zaio Despotismo Ilustratuari.

Askatasuna

Kanten arabera, ezinbesteko baldintza da Ilustraziorako. Ez da mugagabea edo zehaztugabea, baizik eta arrazoiaren erabilera publiko egiteko askatasuna, hau da, pentsatu eta adierazteko askatasuna. Gizakiak askatasuna behar du bere kabuz eta gidaritza arrotzetik gabe pentsatzeko, eta horrela ilustratzen da. Iraultza politiko edo ekonomikoek, Kantek dioenez, ez dute pentsaera erraz aldatzen, baina askatasun honek gizakia atera dezake adingabetasunetik. Testuan, Kant erlijio askatasunaz mintzatzen da batez ere, arrazoitik pasaturiko sinesbide eta erlijio arazoetan estatuaren aginte ezaz. Hain zuzen ere, erlijioarena da tutoretzarik kaltegarriena. Baina legegintza arrazoiaren erabilera publikoaren bidez ere hobe daitekeela esaten du. Kantek askatasuna baieztatuko du arrazoi praktikoaren postulatu gisa, modu horretan gizakia ikuspegi mekanizistatik ateratzen duelarik.

Aurrerapena

Ilustrazioaren beste maxima bat, askatasun eta arrazoiaren baieztapenarekin batera. Gizakiaren ondasun naturaletik abiatzen den azkengabeko aurrerapen ideiak, ezagutzaren mugagabetasuna, baldintza materialen hobekuntza eta gizarte antolaketaren perfektibitatea esan nahi du. Aurrerapen ideia XVII. mendeko Arrazionalismo, Sekularizazio eta Zientzien goraldiaren emaitza da. XVIII. mendean, aurrerapen ideiaren inguruan, betiereko bakeaz eta kosmopolitismoaz mintzatzen ziren utopiak ugaldu ziren. Arrazoimena egoki erabiliz gero, natura kontrolatzea eta, ondorioz, giza bizimodua hobetzea lortuko da.

Pentsamendu askea

Ingalaterra ilustratuan hasi zen erabiltzen, non pentsalariek beraien buruari librepentsalariak deitzen zioten. Seguruenik, Kantek handik hartu zuen, baina bere filosofiaren barne, eta pentsamendu askea Ilustrazioa definitzen duen "Sapere aude" lemaren sinonimotzat har liteke. Gainera, Kantek dio pentsamendu askearen zabalkuntzak, poliki-poliki, jarduteko askatasun bihurtzen dela gizakiontzat. Beraz, pentsamendu askeak zentzu teoriko eta praktikoa du Kantentzat.

Deskargatu

PDF Word HTML