Ilustrazioa: Ausartu Pentsatzen
Kanten hitzetan, gizakia, bere erruagatik, adingabetasunean dago, eta adingabetasun horretatik irtetea da Ilustrazioa.
Adingabetasuna
Adingabetasuna deitu zion norberaren adimena erabili eta baliatzeko ez gaitasunari, inoren esanetara makurtuta bizitzeari. Egoera hori, gainera, norberaren erruzkoa dela dio, ausardia faltaren ondorio delako, eta ez adimen faltarena. Gizakiak adingabe dira bera kabuz pentsatzera ausartzen ez direlako.
Ilustrazioa
Hori dela eta, ilustratzea pentsatzera ausartzea da, norbere buruaz baliatzeko kemena izatea, norbere arrazoitik kanpoko autoritateetara jo gabe. “Sapere aude!”, ausart zaitez pentsatzera! Eduki ezazue zuen adimenaz baliatzeko kemena! Pentsamendu kritiko eta askerako deia da sapere aude hori: bere arrazoiari jarraitzen dion gizaki burujabe eta autonomo izateko deia.
Ilustraziorako Oztopoak
Ilustraziorako oztopoak bi motakoak dira, Kanten ustez.
Barne Oztopoak
Batetik, barne oztopoak ditugu, hots, gizakien alferkeria eta koldarkeria; izan ere, erosoagoa baita beste batzuen esku uztea pentsatzearen lana.
Kanpo Oztopoak
Bestetik, kanpo oztopoak ditugu: tutoreak. Gizakiei zer eta nola egin esaten diete tutoreek, eta beldurra zabaltzen dute nork bere kabuz pentsatzeak dakartzan arriskuekin mehatxatuz. Tutoreek, beraz, arrazoiaren garapen autonomoa oztopatu egiten dute, eta beharrezkoa da horiek baztertzea ilustratu ahal izateko. Kanten iritziz, tutoretza erlijiosoa da bere garaiko tutoretza kaltegarriena, gobernariei gehien interesatzen zaien tutoretza baita eta kontzientzia askatasuna zapaltzen duelako, gizakien autonomia morala ezabatuz.
Ilustraziorako Baldintza
Oztopo horiek guztiak direla eta, adingabetasunetik irteten zaila dela dio Kantek, adinarenganako aurreiritziak gizartean zehar hedatzen dira, eta ondorioz, uko egiten diote beren kabuz pentsatzeari. Hala ere, Kanten ustez, gizakiak ilustratzeko baldintza bakarra dago: askatasuna. Pentsatzeko eta pentsatzen duena adierazteko askatasuna behar du gizakiak bere kabuz eta tutorerik gabe pentsatzeko, hots, ilustratzeko.
Norberaren Eginkizuna
Horretaz gain, gizaki bakoitza berak ere ekin behar diola bere askatasuna lortzeko jabetu behar da, utzi egin behar diola adin txikikoak bezala jokatzeari, uneoro zaintza, aginduak eta laguntza eskatzeari. Gizakien barneko iraultza garrantzitsuena da, beraz, gizakiak adin nagusitasunera heltzeko.
Ondorioa
Ausartu pentsatzen, dio Kantek, baina ez da ezaguera kontua soilik, batez ere, jarrera praktikoa da, adin nagusitasunera iristea, agindupetik eta inposaketatik askatzea, hau da, nork bere bizitza erantzukizunez bere gain hartzen ausartzea.