Iberiar Penintsulako Klima Motak: Kontinentala, Lehorra eta Mendikoa

Geografia2,41 KB

Klima Mediterraneo Kontinentalizatua

Klima mediterraneo kontinentalizatuaren eremua Iberiar Penintsularen barrualdea da. Prezipitazioak urriak edo moderatuak dira, urtean 300 mm eta 800 mm bitartean. Iberiar Penintsulako mendebaldeko sektorean, prezipitazioak ugariagoak dira borraska atlantikoen maiztasuna handiagoa delako. Gaztelako eta Ebroko Sakonuneen erdian, prezipitazioak urriagoak dira, mendikateen artean sartuta daudelako.

Tenperatura tarte termiko handia dute, itsasoaren eragina iristen ez delako. Aldaketa termikoei dagokienez, hiru azpimota klimatiko bereiz daitezke:

Azpimota Termikoak

  • Ipar goi-lautada eta Guadalajara, Teruel eta Cuencako goi-lurrak: Udak freskoak eta neguak hotzak dira.
  • Hego goi-lautada eta Ebroren haranaren ertzak: Udak beroak eta neguak hotzak dira, baina izozteak ez dira oso ugariak.
  • Extremaduran eta Andaluziako barrualdean: Udak oso beroak eta neguak moderatuak dira.

Klima Mediterraneo Lehorra (Subdesertikoa edo Estepakoa)

Klima mediterraneo lehorraren (subdesertikoa edo estepakoa) eremua Iberiar Penintsularen Hego-ekialdea (HE) eta Ebroren haranaren erdiko zatia da. Prezipitazioak oso urriak dira, 150 mm eta 300 mm bitartean.

HEan idortasuna dago, ingurua borraska atlantikoetatik babestuta dagoelako Mendikate Betikoen erliebeen eraginez. Ebroren haranaren erdiko zatian, mendien artean dagoenez, idortasuna dago. Tenperaturak aldatu egiten dira latitudearen eta itsasora dagoen distantziaren arabera. HEko kostako estepa beroan urteko batez besteko tenperatura 17 edo 18 gradukoa da.

Mendiko Klima

Mendiko klimaren eremuak 100 metroko altitudetik gorako lurraldeak hartzen ditu. Klima horren ezaugarriak altuerak zehazten ditu: gora egin ahala, prezipitazioek gora eta tenperaturek behera egiten dute.

Prezipitazioak oso ugariak dira: urtean 1.000 mm-tik gorakoak izaten dira. Tenperaturei dagokienez, urteko batez bestekoa txikia da eta neguak hotzak dira.

Mendiko Klimaren Aldaerak

  • Klima ozeanikoaren inguruko mendietan: Ez dago hilabete lehorrik eta udak freskoak izaten dira.
  • Ingurune mediterraneoko mendietan: Prezipitazioek behera egiten dute udan, eta, horren eraginez, hilabete bat edo bi lehor izaten dira. Udako tenperatura handiagoa da, sektore batzuetan 22 gradutik gora egiten du.

Deskargatu

PDF Word HTML