Humanismoa: Erdi Aroaren amaierako pentsamolde aldaketa
Humanismoa: Pentsamolde aldaketa
Erdi Aroaren amaieran, Europak aldaketa politiko, sozial eta ekonomiko sakona hasi zuen. Aldaketa horiei esker agertu zen humanismoa. Filosofia- eta kultura-korrontea zen humanismoa: XIV. mendean sortu bazen ere, XV. mendearen amaieraren eta XVI.aren hasieraren artean izan zuen une gorena.
Humanisten ezaugarri nagusiak
- Antropozentrismoa: Erdi Aroko pentsamolde nagusiaren kontra —bizitzako alderdi guztiak Jainkoaren araberakoak direla dioena (teozentrismoa)—, gizakiaren garrantzia defendatu zuten. Fedea utzi gabe, humanistek uste zuten giza adimena zela unibertsoa ezagutzeko eta interpretatzeko funtsezko tresna.
- Arrazoia eta esperimentazioa: Arrazoiaren eta esperimentazioaren bidez lortutako ezagutza eta egiaren bilaketa interesatzen zitzaien. Metodo zientifikoaren oinarriak ezarri zituzten: natura behatzen hasi ziren, fenomenoetan eragiten zuten kausen eta ondorioen arteko harremanak aztertzen, bai eta esperimentatzen ere.
- Jakin-mina: Jakin-min handia izan zuten mundu fisiko eta espiritualarekiko. Dena jakin nahi zuten; ez zuten gai batean adituak izan nahi, benetako jakintsuak baizik.
- Antzinatearekiko interesa: Antzinateko literatura, filosofia eta artea izan zituzten oinarri. Konstantinopla turkiarren esku geratu zen 1453an; greziar jakintsu askok Europako hainbat lekutara emigratu zuten, eta antzinatearekiko interesa piztu zuten testu greko eta erromatarrak ekarri zituzten.
- Herri-hizkuntzen sustapena: Latinaren erabileraren kontra —Erdi Aroko idatzietan gailentzen zena—, herri-hizkuntzen erabilera sustatu zuten literatura-lanetarako, herrialde bakoitzaren berezko hizkuntzarena, alegia.
Humanismoaren hedapena
Humanismoa asko hedatu zen hainbat bideri esker:
- Inprenta: 1440 inguruan liburuak azkarrago argitaratzen ziren Gutenbergek inprentan eginiko hobekuntzei esker; izan ere, une horretatik aurrera ez zen ale bakoitza eskuz kopiatu behar. Gainera, liburuen salneurria jaitsi egin zen, eta horrela, jende gehiagorentzat ziren eskuragarriak.
- Humanisten arteko harremanak: Maiztasun hori bidaiek eta gutun-trukeak errazten zuten.
- Akademiak: Kultura-guneak ziren; humanistek ideiak eta ezagutzak partekatzen zituzten haietan. Platondar Akademia nabarmendu zen, Cosimo Medicik 1459an Florentzian sortua.
- Unibertsitateak: Hala nola Vienakoa, Krakoviakoa, Boloniakoa eta Alcalá de Henareskoa. Klasikoen azterketa sustatu zuten.