Hominizazioa, Humanizazioa eta Sozializazioa: Gizartearen Eraikuntza
Hominizazioa
Gizaki eta primate antropomorfoen artean dauden desberdintasun biologikoak eragin zituen prozesua da. Prozesu horrek, besteak beste, honako eraldaketa hauek ekarri zituen: bipedoak izatea, aurpegia eta hortzen aldaketa eta burmuina handitzea.
Humanizazioa
Komunikatzeko eta elkartzeko era berriak garatzen hasteko prozesua: jokamoldeak eta garapena eraldatuko zituen prozesua, hain zuzen ere. Hizkuntza eta kultura erabiltzen ditugu komunikatzeko.
Sozializazioa
Definizioa: Gizarte sarean sartzeko eta bertan bere lekua aurkitzeko, gizabanakoak gutxieneko egokitze bat jasan behar du, inguruan bera bezalako beste asko daudela ohartzeko, eta aurrerantzean egingo dituen gauza guztiak inguruan dituenak kontuan hartuta egin behar dituela ikasteko. Izan ere, gizarte ingurunera moldatzeko, gizabanakoak kultura-ohiturak eta jarraibideak bereganatzen ditu. Jabetze prozesu horri sozializazioa deritzo. Horren bitartez, gizabanakoa aldatuz doa, bere nortasuna osatzen du eta bizikidetzarako arauak barneratzen ditu. Prozesu hau haurra jaio berria den unean hasten da.
Sozializazioaren Faseak
- 1. Maila: Haurtzaroan gertatzen da. Modu inkontzientean, alboko afektibitate harremanak lantzen hasten dira. Senideekin, lagunekin, eskolakideekin izaten dituzten harremanek oinarrizko gaitasunez hornituko dituzte. Giza ohituretara moldatzen hasiko dira. Helduen jokabideak imitatzen dituzte, eta helduek jokabide horiek onetsi edo gaitzetsi egiten dizkiete, sari edo zigorrez baliatuz. Fase hau, haurra, bere familiak erakutsitako balioak euren gizarteko balioak direla ulertzen duenean amaitzen da. Identifikazio mekanismoak lehentasuna hartzen hasiko dira, pertsonekiko nahiz azpitaldeekiko.
- 2. Maila: Fase hau modu kontzientean gertatzen da. Norberaren interesak eta gurariak sartzen dira, eta printzipioen eta ohituren gaineko eztabaida kritikoak egiten ere hasiko dira nerabeak. Ikaste prozesu honetan, gizabanakoak lanaren banaketaren arloan jardun ahal izateko gizarte-irizpideak bereganatuko ditu. Gizabanakoa elkarlanean nahiz besteekin lehiatzen ikasiko du. Bestalde, gizarteak goi-mailakotzat hartzen dituen balioak ere bereganatuko ditu (disziplina, konpromiso etikoa, eraginkortasuna...). Imitazioen mekanismoa indargabetu egiten da nerabezarora iristean, eta arauak eta jarraibideak espezifikoki komunikatzen zaizkie.
Sozializazio Eragileak
Sozializazio eragileak sozializazio prozesuan eragiten duten edo hura goratzera eramaten duten osagai guztiak dira.
1. Mailakoak
- Familia: Senitartekoek hizkuntza eta kulturarako oinarrizko balioak erakusten dizkiote gizabanakoari. Familiak aztarna sakona uzten du. Afektibitate loturak bitarteko garrantzitsua dira.
- Lagunak eta koadrila: Errealitatearen eta arazoen gaineko bestelako ikuspegiak eskainiko dizkiote haurrei. Nortasuna eraikitzen joateko tresna da koadrila. Lagunak norberaren borondatez aukeratzen dira.
2. Mailakoak
- Eskola: Bertan hasten da haurra lehenengo harremanak edukitzen. Jakintzak edo ezaguerak ez ezik, gizartean egoki moldatzeko trebetasunak eta bizikidetzarako arauak ere helaratzen zaizkio gazteari.
- Hedabideak: Prentsa idatzia, internet, telebista... gure egunotako informazio-ekarle garrantzitsuenetakoak dira. Albisteak edo mundu hurruneko esperientziak ez ezik, jarrerak eta balioak ere proposatzen dizkigute. Hedabideen eraginez, gizabanakoa homogenizatu egiten da.