Hiri-Morfologia: Kontzeptuak eta Garapen Historikoa

Geografia3,69 KB

Hiri-Morfologia

Hiri-morfologia hiriak duen kanpoko itxura da, eta hainbat faktorek dute eragina:

  • Kokalekua: hiriak hartzen duen espazio zehatza da, topografiaren araberakoa. Adibidez, defentsarako sortutako hiriak muinoen gainean zeuden.
  • Kokapena: hiriak inguru geografiko zabalean duen posizio erlatiboa da, hiriak inguruan duen eginkizunarekin lotuta dagoena.
  • Planoa: hirian eraikitako azalerak eta azalera libreek osatutako multzoa da: eraikinak, parkeak, plazak... Hiru mota nagusi daude: plano irregularrak, plano erradiozentrikoak eta ortogonalak.
  • Eraikuntzak eta Hiri-bilbea: hiri-bilbea eraikinen antolaketa da. Itxiak dira eraikinak bata bestearen alboan badaude, eta irekiak, berriz, leku asko badago haien artean. Eraikin kolektiboak edota indibidualak daude.
  • Lurzoruaren erabilerak: hiri-espazioaren erabilerak dira, merkataritza eta negozioak eraikitzeko, etxebizitzak eraikitzeko, besteak beste.

Industria Aurreko Hiria: Alde Zaharra

Alde Zaharra XIX. mendean, industrializazioa iritsi arte, urbanizatutako hiriaren zatia da. Gaur egungo hiriaren azalera txikia hartzen du, baina balio kultural handia duena.

Ezaugarriak:

  • Hiri gehienak harresiz inguratuta zeuden.
  • Planoa irregularra izan ohi zen, kale estu eta bihurriekin.
  • Hiri-bilbea itxia zen.
  • Eraikuntzak familia bakarreko etxebizitzak izan ohi ziren.
  • Lurzoruaren erabilera askotarikoa zen (etxebizitzak, dendak, lantegiak...).
  • Gizarte-arloan, hirian zenbait talde bizi ziren: erdigunean hiriko elitea, periferian langileak eta auzo bananduetan gutxiengo etniak, besteak beste.

Industria Aldiko Hiria

XIX. mendearen erdialdean eta XX. mendearen lehen herenean, hiriek nekazari asko erakarri zituzten. Hiri gehienek harresi zaharrak bota eta errondako pasalekuak ezarri zituzten. Hiri berri hauetan burgesentzako zabalguneak sortu ziren, baita industria-auzoak eta lorategi-auzoak ere.

Zabalgune Burgesa

Espazio berria da, burgesiaren nahiei erantzuten diena, burgesiaren ordena (plano erregularra), higienea eta onura ekonomikoa islatzen dituena. Zabalguneak sortzeko unean, koadrikula itxurako plano erregularrak hartu ziren. Lurzoruaren erabilera nagusia burgesen etxebizitzak eraikitzeko zen. Denborarekin, zabalguneek aldaketak izan zituzten eta bilbea trinkotu zen, eraikin bertikalak agertu ziren. Lurzoruaren erabilerei dagokienez, eginkizun tertziarioak ezarri ziren.

Lorategi-Auzoak

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen lehen herenean sortuak. Espainian ideia naturalistak eta higienistak hedatu zirelako sortu ziren lorategi-auzoak. Familia bakarreko etxebizitzak zituzten lorategi-auzoak ziren. Hasieran proletarioentzat zuzenduak izan ziren, baina errentagarritasun txikia zutenez, enpresa pribatuek erdiko klaseetara bideratu zituzten.

Periferia

Gerra Zibilaren osteko depresio ekonomikoak eraikitze-jarduera eskasa ekarri zuen. 1960tik aurrera, Espainiako hiri nagusiek hazkunde handia izan zuten, nekazari asko hirietara joan zirelako. Beraz, hiriek eraikitako ingurua handiagotu zuten, periferiak sortuz.

Periferiako Egoitza-Auzoak

  1. Txabolen auzo marjinalak.
  2. Sustapen ofizialeko etxebizitzen auzoak.
  3. Sustapen pribatuko etxebizitza-poligonoak: 1960tik aurrera sortuak, bilbe irekia dute, bloke edo dorreetan antolatua, eta etxeen arteko espazioa lorategi eta aparkalekuetarako erabiltzen da.
  4. Etxe-uharte itxiko auzoak: 1980-1990 hamarkadetan garatuak. Dentsitate txikiagoa dute, eta patioari erabilera kolektiboa ematen zaio.

Deskargatu

PDF Word HTML