Heidegger, Izatea eta Zientzia

Filosofia eta etika7,01 KB

Pentsamenduaren Abiarazlea: Harridura

Pentsamenduaren abiarazlea: harridura. Zientzia izaki zehatzen batek harritzen du. Filosofia, berriz, Izateak berak. Horregatik galdetzen du “zergatik dago zerbait eta ez ezer ez?”. Filosofiaren pentsaerak ekarri du zientzia.

Identitate eta kontraesan hastapenak: gizaki bat gizaki bat da eta ezin da aldi berean tigre bat izan; a a da eta ezin da aldi berean b izan. Identitate eta kontraesan printzipio filosofikoek, Aristotelesek adieraziak, filosofia magiatik bereizi eta zientzia oinarritu dute, berriki arte bai, bederen.

Heidegger: Izatea eta Izakiak

Heideggerrek Izatea eta izakiak bereizten ditu: Izakia baden edozer da: mahaia, prozesu kimikoa, oroitzapena, internet, asintota, Big-Bang-a... Badira, izan; eremu desberdinei dagozkie, baina honetan bat datoz: mahaia bada, prozesu kimikoa bada, oroitzapena bada... Izatea, berriz, edozein izaki izatera dakarrena da, agertzera. Izatea izakietan aldi berean agertu eta ezkutatu egiten da.

Zientzia eta Ezereza

Zientziak izakiak ulertu nahi ditu; baina edozein izakiren ezaugarri garrantzitsu bat da ezerezetik datorrela eta ezerezera doala (gizakia bera: berari baimenik eskatu gabe bota zuten mundura eta laster hilko da; ezerezetik ezerezera doa, hortaz, eta ezerezaren gainean dago zintzilik). Zientziak, ordea, ez du ezereza aztergai, ez du osotasuna kontuan hartzen.

Egia: Metafisikoa vs. Aletheia

Egia Metafisiko Zientifikoa

Egia metafisiko zientifikoa: adaequatio rei et intellectus, Jainkoari edo Jakintza Absolutuari legokiokeen egia betierekoa, egia ontikoa, zientifikoa, gardentasun perfektua, presentzia presentea. Ez du denbora-dimentsioa aintzat hartzen.

Aletheia: Egia Ez Metafisikoa

Egia ez metafisikoa: aletheia, desestaltzea, inoiz ez osoa, denboraren araberakoa. Presentziara etortzeak denbora eskatzen du. Aletheia tankerako egiak, presentziarekin batera absentzia ere aintzat hartzen du, hondo ikusgaitzaren gainean nabarmentzen zaigu ikusgarria: gizakiak ezin ditu aldi berean kuboaren 6 aldeak ikusi, soilik 3; beti gelditzen zaigu zerbait ilunpean. Ezin klarionaren muina ezagutu; berriz eta berriz ebaki genezake, ezer barik gelditu arte, baina inoiz ezingo dugu klariona osorik ikusi. Itsasontzia aurrera, baina ezin zeruertza zeharkatu: jakintza filosofiko-zientifikoari denboraren, ikusgaitzaren eta ezerezaren dimentsioa falta zaio. Presentziara etortzeak denbora behar du.

Egiaren Agertzea

Egia, hortaz, ilunpetik geldika-geldika agertzen zaigu, eta soilik adi baldin bagaude, gogoa erne eta prest. Egia ez zaio ehiztariari agertzen, baizik eta artzainari, Izatearen zaindariari.

Bizimodu Autentikoa vs. Inautentikoa

Gizakiaren esku dago: aukeratu dezake bizimodu inautentikoa, izakia azalpen erlijiosoek edo zientifikoek agortzen dutela uste duenarena, Izateari itxirik, Izatea ahazturik; edo bizimodu autentikoa, ezinbestez hil behar duela kontuan hartu eta bien bitartean Izatearen enigmaz arduratzen dena.

Angelus Silesiusen Adibidea

Angelus Silesius: “Zergatirik gabe da arrosa, loratzen delako loratzen da, ez da bere buruaz ardura, ez dio bere buruari galdetzen ikusiko ote duten”. Arrosa ez du agortzen ez Jainkoak egina dela uste izateak, ezta ere arrosari buruzko azalpen zientifikoak.

(Zergatik dabiltza hain gaizki frantsesak? Luc Ferry Hezkuntza Ministro ohiak etengabe jartzen du Silesiusen esaldi ospetsu hori Rimbauden ahotan: takian-potian, Hezkuntza Ministroak berak... kontuz mintzatzeko erraztasunak eragin dérapage-ekin, gizakia baita Izatearen artzaina eta hizkuntza bere etxea!)

Modernitatearen Kritika

Benetako Giza Bizitza

Benetako giza bizitza, Izatearen enigmari zabaltzen zaiona, eta ez onto-teologiaren edo teknozientziaren bidez enigma hori ulertutzat jotzen duena. Baina tentuz, gure garaia onto-teologiaren eta filosofiaren burutzea baino ez den teknozientziaren garaia da, eta Izatea ahaztuta dago.

Filosofia, Zientzia eta Teknologia

Zientzia teknologikoa ez zaio filosofiari eta metafisikari kontrajartzen; zientzia teknologikoa filosofiak abiarazitako pentsaeraren burutzea da; filosofiak ekarri du zientzia teknologikoa. Heideggerren ustez, zientzia teknologikoa ekarri duen filosofia klasikoa jauntxokeria da funtsean, kutsu inperialista bortxatzailea dario.

Heideggerren Pentsaera Berria

Heideggerrek metafisikoa izango ez den pentsaera poetiko berri baten hazia erein nahi du, natura bakean utziko duena.

Heidegger eta Nazismoa

Iritzi Nagusia vs. Errealitatea

Iritzi nagusia: filosofo handia ezin da nazi izan; nazia ezin da filosofo handi izan.

Ordea, Heidegger aldi berean filosofo handi eta nazi.

Bestelako Gogoetak

Txillida eta Hizkuntzak

Txillida. Hizkuntzen hierarkizatzea.

Giza Subjektibitatea

Gure munduan giza subjektibitatea naturari eta Izateari ezartzen zaio.

Nahiaren Nahia (Nietzsche/Heidegger)

Nahiaren nahia: Heideggerren Nietzsche II: botere-nahia ez da beste zerbaiten nahia, baizik nahiaren nahia, bere burua indartzeko nahiaren nahia, bizia biziagotu nahia.

Ilustrazioaren Idealak Baztertuta

Ilustrazioaren idealak baztertuta: dagoeneko ez da aurrerapena, askatasuna edo zoriona nahi, baizik eta helburu argirik gabe gelditu den ekimena bera indartu, enpresen jardunean bezala liberalismo globalean. Enpresa denak estresatuta gero eta traste teknologiko distiratsuagoak egin nahian, ez ditzaten lehiakideek irentsi. Xedea ahaztu duen botere-nahi konpetitiboa, irautera eta irabaztera mugatua.

Politikaren Egoera

Bizitza politikoan ere askatasuna eta zoriona bezalako Ilustrazioaren helburu handiak ez dira gogoratzen. Kasurik onenean kudeaketa bilakatu da politika, ekonomiak aurrera egin dezan da helburu bakarra. Inork ez daki zein den politikaren oinarrian legokeen zibilizazio-proiektua.

Zientzia Garaikidea

Zientzietan ere antzeko zerbait: Einsteinen erlatibitate orokorra eta mekanika kuantikoa dira azken unibertso-ikuskera handiak. Orduz geroztik, biak adostea da helburu nagusia, Hawkingen liburuak erakusten duenez, baina ez dute lortzen. Eta bestela esperimentu txikiak dauzkagu teknikaren zerbitzura, zientzia teknozientzia bilakatu da.

Subjektibitatearen Metafisika

Subjektibitatearen metafisika indibidualista: AEB, kapitalismoa, ekoizpen-tresnak esku pribatuetan.

Subjektibitatearen metafisika kolektibista: sobietarrak, behartutako industrializazioa, ekoizpen-tresnak publiko.

Bi-bietan, ordea, gizakia jaun eta jabe, zientzia teknologikoaren eta, beraz, filosofia subjektibistaren ondorio, “produkzio” kategoriapean; Izatearen ahaztean jausirik.

Irtenbidea: Izatea Zaintzea

Irtenbide bakarra, metafisika eta subjektibitatea ardatz duen edozein pentsaera gainditzea, alegia, Izatea zaintzeari eustea; gizakia baita Izatearen artzaina. Eta hori munduan soilik egin lezake Alemania bihotz eta motor lukeen Europa nazionalsozialistak.

Deskargatu

PDF Word HTML