Hegel-en Dialektika Teoria: Arrazionala eta Errealitatea
Hegelen ustez, mundua bere osotasunean arrazionala da eta munduaren ezagupenak ere arrazionala izan behar du. Oinarrian, bada, dena izango litzateke arrazoiaren, lege arrazionalen, ondorioa. Bai mundu fisikoa, bai kulturaren mundua, arrazoiaren garapenaren emaitza dira. Hegelen esanetan: «Arrazionala den oro erreala da eta erreala den oro arrazionala».
Errealitatean, abiapuntua espiritua (arrazoia) da. Mundua espiritutik, arrazoitik, sortuko da (idealismoa); bai mundu fisikoa, bai kulturaren mundua (erlijioa, artea…). Mundua, beraz, bere osotasunean arrazionala da.
Ezagutzeko prozesuan, halaber, abiapuntua espiritua (arrazoia) da; eta ez guregandik kanpo dagoen mundu fisikoan edo kulturalean omen dauden objektuak, ezta kanpoan dauden objektu batzuen ezagupen sentigarria ere. Horregatik, munduaren bilakaeraren egiazko ezagupena lortu nahi badugu, arrazoiaz baliatu beharko dugu, eta ez sentimenez. Nolabait esateagatik, arrazoiz-koa dena arrazoiaz ezagutuko dugu.
Heraklitoren pentsamendua, alegia, «errealitatea aurkakoen arteko borroka dela» onartuz, Hegelen ideia nagusia da errealitatea dinamikoa dela eta kontraesanean dagoela. Gauzen existentzia mugimenduan, aldaketan, murgilduta gertatzen da, eta ez era estatikoan. Gauzek euren baitan kontraesana daramate, eta kontraesan hori da mugimenduaren eta aldaketaren era-gilea, existentziarena, eta, era berean, arrazoi dialektikoaren azalpen bidea.
Eta horretarako, egiaren tratamendu dialektikoa defendatzen du. Kontua ez da gaia zer den definitzea behin eta betiko, baizik eta gai bakoitza bere aldaketan, bere mugimenduan ulertzea. Arrazoiketa dialektikoaren bi ezaugarriak honako hauek dira:
- Ezagupenaren gaia osotasunari lotuta ulertu behar da, ez bananduta: zatikako ezagupenaz arduratu beharrean, gaiak eta prozesuak osotasunaren ikuspegitik aztertuko dira. Gai konkretuen ezagupena ez da ezer, ezagutu nahi dena ez bada testuinguru sozialaren harremanetan integratua hartzen.
- Bizitzaren produktua den osotasun hori (errealitatea) kontraesana da: errealitatearen gauza guztiak prozesu dialektikoaren elementuak dira.
Prozesu horretan aztertzen den kontzeptu bakoitzaren baieztapena tesia da —lehenengo une horrek ukapena darama barnean—, eta kontraesalea, antitesia. Horietatik, sortuko da sintesia (egoera berria: ukapenaren ukapena), tesia eta antitesia batasun orokorrago batean bilduko dituena. Dialektikan, sintesiak, nolabait, tesirako itzulketa ordezkatuko du, baina itzulketa hori antitesiak hornitu duen aberastasuna erantsita etorriko da. Sintesian, tesian eta antitesian negatiboa dena baztertuko da eta positiboa dena hartuko.
Adibide bat: haziak bere baitan bizia biltzen du, eta izaeran darama bere izate propioren ukapena; hazia da, baina landarea izatera (eta, beraz ez-hazia) behartuta dago. Landare izanik, bizidun berria aurrekoaren gainditzea da, egoera berriari egokitua, irauteko hobeto hornitua.