Habermas: Lana eta Elkarrekintza Teoria Kritikoan
Habermasen Teoria Kritikoa eta Gizarte Modernoa
Jürgen Habermasen kezkaren iturri nagusia garapen industrial, ekonomiko, zientifiko eta teknologikoak gizaki modernoaren bizimoduan, pentsaeran eta moralaren arloan izan dituen ondorioak dira. Teoria Kritikoaren ildotik, mendebaldeko gizarte modernoaren gizakien arazoez arduratzen da, gizakiari bere egoeraz gogoeta eginaraziz. Haren ustez, "arrazionalizatzea" ezkutuko menderakuntza politiko baten forma zehatz bihurtuko da.
Gizartearen Osagai Nagusiak
Habermasen ustez, gizartearen osagai orokor nagusiak hurrengo biak dira:
- Elkarrekintza: Hizketaren eta ekintza komunikatiboaren inguruan jokatzen den "biziaren mundu" humanoa da. Elkarrekintza gizakien arteko harremanean oinarritzen da, eta bi subjektu agenteek ulertuak eta onetsiak izan beharko dute.
- Azpisistema: Esparru ekonomiko eta administratibo-politikoa da. Beraz, ekintza instrumentalaren eta estrategikoaren esparrua da. Habermasek "lana" izena eman dio helburu bat lortzeko gauzatzen den ekintza horri.
Ekintza Motak eta Garapen Faktoreak
Gizakiak bi ekintza mota burutzen ditu:
- Ekintza instrumentala: Tresna baten erabilpenetik hasi eta zerbait ekoizteko edo ikertzeko metodoraino doa.
- Ekintza estrategikoa: Hautaketa arrazionala da, jakintza analitiko batean oinarritua.
Lanaren eta elkarrekintzaren arteko bereizketa horren bidez, bi faktore azaltzen dira: batetik, naturaren kontra daraman borrokaren bidez (lana) lortzen duen garapen materiala; eta bestetik, arazoen konponketa eta gizarte-harremanen (elkarrekintza) fruitu den garapen instituzionala.
Arrazionalizazioa eta Sakontasun Demokratikoa
Habermasek ohartarazten gaitu: gizarte modernoak aurrerapen tekniko handiaren eta egitura instituzionalaren (elkarrekintza) egokitze pasibo nahiz menperatuaren artean dagoen desoreka bizi du. Arrisku-egoera hori normaltzat hartzea da arazoa. Horrela, ez da soilik gure garaiko aurrerapen zientifiko-teknikoetan nagusitzen den garapen funtzional, instrumental eta estrategikoaren prozesuarekin edo arrazionalizatzearekin bakarrik garatu behar.
Bada egitura instituzionalari dagokion arrazionalizatzea ere, komunikazio linguistikoaren bidez aurreratzen dena eta bere garapen praktikoak dituena. Aurrerapena komunikazio-prozesuen hedapenaz neurtzen da, mugarik edo trabarik gabeko eztabaida publikoaren bidez. Beraz, sakontasun demokratikorako baliagarria den eta kritikaren erabilpena egiten duen arrazoimena berreskuratu behar da.