Gorteak, Cadizko Konstituzioa eta Fernando VII.aren Erregealdia

Historia3,41 KB

GORTEAK ETA CADIZKO KONSTITUZIOA

Frantsesen aurkako gerra bete-betean zela, Batzar Goren Zentralak 1810ean Cadizen Gorteak biltzeko deia egin zuen, erregea kanpoan zeukatenez gero, herrialdea nola gobernatu erabakitzeko. Cadiz hiri liberala zen bertan bildu zelako burgesia merkataria, atzerriko merkatariak eta gerratik ihesi joandako liberal eta erreformista ilustratuak. Gainera, hiria britainiarren itsas armadak babesten zuen.

Cadizko Gorteetan erdi mailako klaseak, intelektualak (funtzionarioak, militarrak, abokatuak, merkatariak) bildu ziren, baita noblezia eta kleroko kide batzuk ere. Diputatuen artean absolutistak, erreformistak, ilustratuak eta liberalak zeuden, baina liberalen ideiak nagusitu ziren. Gorte horiek Erregimen Zaharra suntsitzeko oinarriak jarri zituzten, eskubide asko onartu baitzituzten, besteak beste, berdintasun juridikoa, inprimatzeko askatasuna, hezkuntzarako eskubidea; zentsura kendu zuten, baita jaun eskubideak, barneko muga zergak, gremioak eta inkisizioa ere. Dena den, Gorteetan zeuden nobleek eta kleroak estatua konfesionala izan zedin eta pribilegiodunek beren lurren jabe izaten jarrai zezaten lortu zuten. Herritar gehienak, hala eta guztiz ere, Erregimen Zaharraren aldekoak izaten jarraitzen zuten: batzuk monarkia absolutua babesten zuten eta besteak monarkia erreformistagoa; eta ia denek egiten zuten sutsuki katolizismoaren alde iraultzaileen laikotasun eta antiklerikalismoaren aurka, beraz herritar gutxi batzuk soilik zeuden printzipio liberal iraultzaileen alde. Herritarren arteko eten hori oso agerian geratu zen XIX. mendean zehar.

Cadizko Konstituzioa

Cadizko Gorteen lan aipagarriena 1812ko Cadizko Konstituzioa izan zen, Espainiako lehena. Konstituzioak ondorengo printzipioak aldarrikatzen zituen: nazioaren subiranotasuna (gorteetan ordezkatua), botere banaketa, ordezkaritza gizonezkoen zeharkako sufragio unibertsalez hautatutako diputatuen eskuetan egotea… Independentzia Gerra eta Cadizko legeekin, liberalismoa ezartzeko prozesu konplexuari hasiera eman zitzaion. Prozesu hori XIX. mendean zehar luzatu zen eta tirabira zein liskar ugari sortu zituen. Zentralizatze eta legeak bateratzeko ahaleginak eragin berezia izan zuen Hego Euskal Herriko lurraldeetan, erregimen liberalean txertatzeko marko berri bat adostu behar izan baitzuten eta horretara egokitu.


FERNANDO VII.aren ERREGEALDIA (1813-1833)

Leipzig-en porrot egin ondoren, Napoleonek Espainiaren neutraltasuna behar zuen Erdialdeko Europan borrokatu ahal izateko. Ondorioz, lehen aipatu dugun bezala (ik. 4.4. puntua), 1813ko abenduan frantsesek eta espainiarrek Valençay-ko Ituna sinatu zuten, eta, beronen bidez, Napoleonek Fernando VII.a Espainiako erregetzat onartu zuen. Fernando VII.aren erregealdian hainbat etapa izan ziren: 1814 eta 1820 artean, absolutismoa berrezarri zen; 1820tik 1823ra liberalek agintea eskuratu zuten eta erregeak erregimen konstituzionala onartu behar izan zuen; azkenik, 1823tik 1833ra absolutismoa eta Erregimen Zaharra berrezarri ziren.

FERNANDO VII.aren ITZULERA eta SEIURTEKO ABSOLUTISTA (1814-1820)

1814 eta 1820 artean Fernando VII.ak Erregimen Zaharreko printzipioak berrezarri zituen. Hori egin ahal izateko aitzakia gorteetako diputatuen heren batek sinaturiko Pertsiarren Manifestua deritzanak eman zion. Manifestu horretan monarkia absolutura eta aurreko ordenara itzultzeko eskatzen zitzaion erregeari.

Deskargatu

PDF Word HTML