Gizakiaren Dualismoa Agustindar Filosofian
Gizakiaren Dualismoa Agustindar Filosofian
Antropologia Agustindarra
Gizakiari buruzko agustindar filosofiak eredu dualistari jarraitzen dio.
Dualismoaren Kontzeptua
Jainkoak bere irudi eta antzeko egin zuen gizakia. Gizakia izaki konposatua da, arima hilezkor eta gorputz hilkorrez osaturiko izakia; hau da, kreazioaren gailurra da. Gizakia gorputz hilkor eta mundukoiz baliatzen den arima arrazoiduna da. Bi substantziak osatzen dute gizakia: arimak eta gorputzak, baina ariman dago lehentasuna. Platonen eragina nabaria da gai honetan.
Arimaren Hilezkortasuna
Arima hilezkorra den giza arima materiazko gorputza animatzen duen printzipio immateriala da. Arimaren materia-gabetasuna eta bere substantzia izaerak hilezkortasunaren froga argiak eta garbiak dira. Agustin Hiponakoak Platonek erabiltzen duen argumentu berbera erabiltzen du, apur bat aldatuta. Platonen aburuz, arima bizitza-printzipioa da, eta bizitza heriotzarekin ezin batera daitekeenez, arima ezin daiteke hil. San Agustinen ustez, aldiz, arima Bizitzaren parte da, eta bere esentzia Bizitza den Printzipiotik hartzen du, eta, ondorioz, hilezkorra da.
Platoneniko desberdintasunak
Arimaren sorrerari buruz, Agustinek ez du onartzen Platonen pentsamendua. Platonek, arima gorputzarekin bat egin aurretik ideien munduan aurrez existitzen zela dio. Agustinen pentsamendua gai honi dagokionez bi etapatik igarotzen da:
- Lehen etapan, tradukzionismoa onartzen du, hau da, gurasoek sortzen dute seme-alaben arima; kandela batek beste bat pizten duen bezala. Horrela hobeto azal daiteke jatorrizko bekatuaren transmisioa.
- Bigarren etapan, kreazionismoa onartzen du, hau da, Jainkoak banan-banan eta zuzenean gorputz bakoitzean jartzeko sortzen ditu arimak, sorrera hori zer unetan gertatzen den esaten ez badu ere.
Arimaren Garrantzia
Arimak gorputza piztu, zaindu eta gobernatu egiten du. Arimari esker bihurtzen da materia bizidun eta eratu. Arima hilezkorra da; gorputza, ordea, hilkorra, munduaren amaieran berpiztuko bada ere.
Bekatuaren Kontzeptua
Agustinentzat gizakia bekataria da, bekaturako jatorrizko joera du, eta bekatua askatasuna gaizki erabiltzearen ondorio da. Erdi Aroko kristau-pentsamenduan, eta Agustin horren lekuko dugu, jatorrizko bekatuagatik, gorputzak arima menperatuta du. Gizakia ezin da bere indar hutsez salbatu, eta kanpotik datorkion graziaren beharra du.