Gizakia: Animalia Kultural eta Soziala
Animalia Kulturala
Ez da erraza esatea giza izaera zer den, baina hori finkatzeko, lehendabizi ezaugarri biologikoak aztertzea komeni da. Ezaugarri biologikoak aztertzerakoan, konturatuko gara gizakiak berezkoa duela muga horiek gainditzeko eta kulturari irekitzeko premia.
Gizakiaren izaera biologikoak kulturari bidea ireki dio: hizkuntzari, moralari, zuzenbideari... Gizakia, beraz, animalia kulturala da. Kultura moldatzeko modu eraginkorra da, eta mekanismo ugari ematen dizkigu, hala nola:
- Teknika
- Hizkuntza sinbolikoa
Horri esker, gizakia munduan orientatzeko, konplexutasuna murrizteko eta arriskuei aurre egiteko konfiantza bereganatzeko gai da. Gauzak asmatzeko eta gauzei aurrea hartzeko gaitasunari esker, gizakiak kulturaren mundua sortu du.
Giza izaerak bi alderdi ditu: biologikoa eta kulturala. Biak elkarri lotuta daude: gizakiaren berariazko ezaugarri biologikoei esker sortu da kulturaren mundua, eta alderdi kulturalak gure ezaugarri biologikoen moldatzeko gaitasuna areagotzen du. Moldatzeko gaitasun handi horren ondorioz, aldaketa itzelak izan ditu, baina ez dakigu zenbaterainoko eragina duten gizakiaren eboluzio biologikoan.
Gizakia, Izatez Gizartekoia
Bai, gizakia izatez gizartekoia da. Aristoteles dugu jarrera horren defendatzaile nagusia eta lehena. Haren ustez, gizakia animalia politikoa da, zoon politikon, hau da, animalia soziala, bere espezieko beste batzuekin bizi dena.
Gainera, izatez gizartekoia da, beharrezkoa baitu gizartea, eta gizartearen bidez jasotzen duen kultura, berezkoak dituen gaitasunak garatu ahal izateko. Aristotelesen ustez, premiaz eta gabeziaz betetako izakia da gizakia, eta gizartearen baitan bakarrik ase daiteke. Perfekzioa eta zoriona lortzeko gai da, baina gizartearen barnean soilik.
Horregatik, giza izaerak ezinbestekoa du gizartean bizitzea, eta gizatiarrak ez direnak soilik bizi daitezke gizarterik gabe: animaliak eta jainkoak. Aristotelesek esaten zuen gizakiak direla gizartean bizi daitezkeen bakarrak; izan ere, gizartearen oinarria eta baldintza morala da, eta izaera morala gizakiek soilik dute. Ongia, gaizkia, bidegabekoa eta bidezkoa dena bereizteko arrazoimena behar da, eta hori gizakiak baino ez du.