Giza Nutrizioa: Aparatuak, Digestioa eta Funtzioak
Nutrizioaren bidez, organismoek mantenugaiak bereganatzen eta erabiltzen dituzte. Gure gorputzeko zenbait aparatu aritzen dira lanean nutrizio prozesuan:
- Digestio aparatua: Elikagaiak digeritzea eta substantzia soilago bihurtzea du funtzio.
- Arnas aparatua: Gas trukean aritzen da, oxigenoa lortu eta karbono dioxidoa kanporatuz.
- Zirkulazio aparatua: Odolaren bidez, oxigenoa eta elikagaien substantzia baliagarriak gure gorputzeko zeluletara garraiatzen ditu.
- Iraitz aparatua: Odolak garraiatzen dituen hondakin substantziak kanporatzen ditu.
Digestio Aparatua: Anatomia eta Funtzioak
Digestio Aparatuaren Anatomia
Digestio aparatua bi atal nagusik osatzen dute:
- Digestio hodia: Ahoa, hestegorria, urdaila, heste meharra eta heste lodia.
- Digestio Guruinak: Guruin erantsi batzuk dira eta zenbait substantzia jariatzen dituzte, elikagaiak degradatzeko beharrezkoak direnak: listu guruinak, gibela eta pankrea.
Digestio Funtzioak
Digestio prozesuak hainbat funtzio nagusi ditu:
- Ahoratzea: Elikagaiak ahotik digestio hodira sartzen dira; ahoan elikagaiak txikitu eta listuarekin nahasten dira.
- Digestioa: Elikagaiak eraldatu eta mantenugai izeneko substantzia soilago bihurtzen dira. Bi mota daude:
- Mekanikoa: Elikagaiak moztu, txikitu eta nahasi egiten dira.
- Kimikoa: Elikagaiak eraldatu eta konposatu soilagoak eratzen dira.
- Xurgapena: Digestioan lortutako mantenugaiak digestio-hodiaren pareta zeharkatzen dute; horrela, gorputzeko atal guztietara iristen dira odol hodietan zehar.
- Egestioa: Digeritu gabeko substantziak edo elikagaien substantzia ez-baliagarriak kanporatu egiten dira.