Gipuzkoako eredua eta industrializazioaren ondorioak
2c. Gipuzkoako eredua
XX. mendearen hasieran, Gipuzkoak ere bere industrializazio prozesua hasi zuen. Probintzia horrek, berriz, ez zion Bizkaiako ereduari jarraitu: ez industria sektoreari, ez enpresa tamainari, ez eta kokapen geografikoari dagokionez ere.
1841etik aurrera, Espainiako barnemerkatua ireki zenetik, Gipuzkoan mota askotako industriak sortzen hasi ziren:
- papergintza
- metalurgia
- ehungintza
- arrantza-industria
- elikagaien industria
- altzarien industria
Neurri txiki eta ertaineko enpresak ziren, eta Debako, Urolako eta Oriako bailaretan eta Hernanin, Pasaian eta Irunen kokatu ziren. Bizkaian baino askoz atzerriko kapital gutxiago inbertitu zen. Gipuzkoako merkatariak, lur-jabeak eta indianoek jarri zuten kapitala.
1898tik aurrera, azken kolonietatik itzulitako kapitalei esker, Gipuzkoako industrializazioa bizkortu eta finkatu egin zen.
2d. Industrializazio berantiarra
Araban eta Nafarroan industrializazioa oso murriztua izan zen. Modernizazio-saioak diputazioek bultzatu zituzten, kostako probintzietan ez bezala. 1950eko hamarkadaren bukaeran hasi zen eta 1960ko hamarkadan izan zuen unerik garrantzitsuena.
2. Industrializazioak sortutako gizarte ondorioak
XIX. eta XX. mendeen bitartean, Bizkaia batez ere, eta Euskal Herria orokorrean, gizartea nekazari eta tradizional izatetik moderno eta industrializatua izatera pasa zen. Horrek aldaketa sakonak eragin zituen.
Industria-prozesu honek oihartzun handia izan zuen gizartean. Langileen beharra asko handitu zen urte hauetan. Finantza-ahalmen handiko oligarkia ere sortu zen. Bi talde hauen arteko ezberdintasunak Nerbioi ibaiaren bi ertzetan ikus zitezkeen: eskuinaldean, enpresa-gizon aberatsen etxeak; ezkerraldean, lantokietatik hurbil, bizi-auzo handiak, industriako langileenak.
Etorkinek bizimodu gogorra izan zuten meazuloen barruan eta kanpoan: soldatak txikiak, gaixotasunak eta heriotza-tasa altua. Horrenbestez, sozialismoari eta anarkismoari atxiki zitzaizkieten —klase borrokari, alegia.
XX. mendearen zehar, zailtasun eta krisi handiekin, baina Euskadiko industria garatu eta zabaldu egin zen, Espainiako lurralderik industrializatuenetarikoetako bat izanik eta lurraldeari aberastasuna ekarriz.