Gerra Zibilaren ekinaldi militarrak (1936-1939)
Gerra Zibilaren ekinaldi militarrak
Altxamendu militarra eta gerraren hasiera
1936ko uztailaren 17an, Gobernuaren kontra altxatu ziren Melilla, Ceuta eta Tetuango soldadu taldeak. Franco Kanarietako komandante militarrak bat egin zuen estatu kolpe harekin. Penintsulan, gudarosteko talde batzuk ere matxinatu ziren; beste batzuk, berriz, Gobernuari leial jarraitu zitzaizkion. Lurraldea bitan zatitu zen. Santiago Casares Quiroga Gobernuko presidenteak dimisioa eman zuen, egoerari aurre egin ezin ziolako, batetik, eta langile erakundeei armak banatzearekin ados ez zegoelako.
- Espainia errepublikanoa: 21 probintzia hiriburu biltzen zituena (Madril, Bartzelona, Valentzia eta Bilbo, horien artean) eta 14.000.000 biztanle. Eremu horretan zegoen industria astun eta ehungintza industria guztia eta meatzaritza.
- Espainia nazionala: 29 probintzia hiriburu biltzen zituena (Sevilla eta Zaragoza, besteak beste), baita Marokoko babesletza ere, eta 11.000.000 biztanle. Gaztelako labore ekoizpena eta Galiziako azienda.
Gudarostea zatitu egin zen, eta erasoko guardia eta guardia zibila ere bai. Buruzagi profesional gutxiago gelditu ziren alderdi errepublikanoan. Aire armada Errepublikaren esku gelditu zen, eta itsas armadaren parterik handiena ere bai. Indarren korrelazioa estatu kolpea eman zutenen aldekoa zen, kontuan harturik Afrikako gudarostea, eta handik gutxira, Alemaniako Condor Legioak eta Italiako Corpo Truppe Volontarie taldea ere aldeko izan zituztela. Errepublikanoek arma sobietarrak lortu zituzten, eta haiekin bat egin zuten Nazioarteko Brigadetako taldeek.
Madrilen sartzea
Gatazkaren lehen hilabetean, zutabe gerra nagusitu zen. Milizia katalanek, Bartzelonan garaipena lortu ondoren, zutabeak antolatu zituzten Aragoi aldera hedatzeko. Altxatuen estrategia militarraren oinarria Madril hartzea izan zen. Afrikako gudarosteak Gibraltarko itsasadarra zeharkatzea lortu zuen. Handik, Extremadura alderako hedapena hasi zuten. Okupatutako hirietan, izuaren politika bideratu zuten, bereziki gogorra izan zen Badajozen. Urriaren hasieran, nazionalen zutabeak Madril hiriburura hurbildu ziren, Franco buru zutela, eta azarorako unibertsitate hirian sartuta zeuden, “Ez dira pasako” oihukatuz. Gobernu errepublikanoa Valentziara lekualdatu zen. Nazionalen jarraitzaileen kontrako sarraskia gertatu zen Paracuellos del Jaraman. Madrilen sartzeko ahaleginean huts egin zuelarik, hiriburua isolatzen saiatu zen, ondoren, Franco. Jaramako guduaren bidez, errepublikanoek Valentziarekin komunikaziorik ez izatea lortu nahi zuen, baina frontea ez zen ia batere mugitu.
Iparraldeko ekinaldia
Nazionalen buruzagitzak ekinaldi bat prestatu zuen iparraldean. Izan ere, inguru hartan Errepublika bakartuta zegoen, sakabanatuta, eta erdialdekoa baino okerrago hornituta. Defentsaren eginkizuna Euzko Gudarostearen esku gelditu zen, 1936ko urrian antolatu zen gudaroste hura, Euskadiko Autonomia Estatutua onartu zenean. Condor Legioak Gernika suntsitu zuen 1937ko apirilaren 26an. Bilboko “Burdinazko gerrikoa” zeritzon defentsa sistema konplexua deuseztatuta gelditu zen, eta 1937ko ekainaren 19an hiria hartu zuten altxatuek. Ekinaldiaren hurrengo urratsa Santander hartzea izan zen; abuztuaren 26an gelditu zen nazionalen mende. Errepublikanoek Belchiteko erasoa abian jarri zuten, baina huts egin zuten han ere, eta militar altxatuek Asturiasko meatze eremuan aurrera egin ahal izan zuten. 1937ko urriaren 21ean amaitu zen iparraldeko ekinaldia. Nazionalek bereganatu zituzten Kantauriko kostaldeko baliabide estrategikoak.
Teruel, Ebroko gudua eta Katalunia
Gudaroste frankistek aurrea hartu, eta Aragoi eta Castellon iparralderantz jo zuten. Franco Valentziara sartu zelarik, Gobernu errepublikanoak kontraerasoa agindu zuen, frankisten arreta desbideratzeko. Gudaroste errepublikanoko talderik bikainek Ebro ibaia zeharkatu zuten 1938ko uztailaren 25ean. Ebroko gudua deritzo ekinaldiari. Francoren mesederako izan zen, nagusi baitzen artillerian eta airean, eta erasoari erantzun zion. Gudaroste errepublikanoak gizonik onenak galdu zituen, eta ezin izan zuen berrezarri han galdutako materiala. 1938ko abenduaren 23an, Kataluniaren gaineko erasoa hasi zen. Urtarrilaren 26an, Francoren osteak Bartzelonan sartu ziren, eta otsailaren 10ean, Frantziako mugaraino iritsi ziren.
Gerraren amaiera
Segismundo Casado koronelak estatu kolpea eman zuen 1939ko martxoaren 5ean, Valentziako Gobernu errepublikanoaren kontra. Francorekin negoziatu zuen, baina Francok errenditzea beste aukerarik ez zion utzi. 1939ko martxoaren 28an, gudaroste nazionala garaile sartu zen Madrilen, erresistentziarik gabe. 1939ko apirilaren 1ean, gerrako azken adierazpena egin zuen Francoren kuartel nagusiak.