Genetika, Bioteknologia eta Zelula Amak
Informazio Genetikoaren Adierazpena
Informazio genetikoa mezu zifratu bat da; hau da, gene batek proteina-kate bat zuzenean sintetizatu beharrean, DNAk duen informazioa deskodetu egin behar da. Prozesu horretako molekula bitartekaria RNA mezularia (RNAm) da.
Transkripzioa
RNA mezulari molekula bat eratzen da, DNAzko helize bikoitzaren harizpi baten osagarria den base nitrogenatuen sekuentzia duena. RNA mezulariaren katea baseen osagarritasun-arauei jarraituz sintetizatzen da. Prozesu honetan, adeninaren (A) base osagarria uraziloa (U) da, eta ez timina (T).
Itzulpena
Proteina bat sortzen da, RNAm-aren base nitrogenatuen sekuentziak determinatutako aminoazido sekuentzia duena. Zelula eukariotetan, sortu den RNAm-a nukleotik ateratzen da mintz nuklearraren poroen bidez eta erribosomekin elkartzen da. Erribosomek hiru nukleotidoko multzotan irakurtzen dute mezu genetikoa: multzo horiei kodon deritze. Kodon bakoitza proteinen hizkuntzara itzultzen joango da eta RNAt-aren base-sekuentziak zehazten du zer ordenatan gehituko diren aminoazidoak katean proteina osatzeko.
DNAren Erreplikazioa
Zelularen bizi-zikloan zehar, DNA kate bakoitzak bere buruaren kopia bat egiten du zelula guztiei bere informazioa transmititzeko. Erreplikazioa gertatzeko, kate berriak sortuko dituzten nukleotidoak behar dira, bai eta prozesuan entzimak ere behar dira.
Erreplikazioaren hasieran, bi kateen base nitrogenatu osagarriak lotzen dituzten hidrogeno-loturak hausten dira eta kateak banatzen hasten dira beste kate bat sintetizatzeko. Entzima jakin batzuek nukleotidoak lotzen dituzte, eta horrela bi DNA kate berri sintetizatzen dira. Erreplikazioaren emaitza bi DNA molekula berdin-berdin dira.
DNAren Egitura
Base nitrogenatuak barnealdean daude; pentosek eta azido fosforikoak, berriz, kanpo-eskeletoa osatzen dute.
DNA molekula bi helize-formako katez osatuta dago, eta kateak paraleloan daude.
Baseak elkarren osagarriak dira. Adenina (A) timinarekin (T) elkartzen da beti, eta guanina (G), berriz, zitosinarekin (C).
Bi kateei elkartuta eusteko, base nitrogenatuen artean hidrogeno-loturak erabiltzen dira.
Giza Genomaren Ezaugarri Nagusiak
Gure genomak 3.000 milioi nukleotido inguru ditu, eta proteina kodetzen dituzten 25.000 gene inguruz osatuta dago. Geneen tamaina oso aldakorra da (27.000 base pareko geneak).
DNAren zati txiki batek, %2k baino gutxiagok, kodetzen ditu proteinak. Oraingoz ez da ezagutzen DNAren beste zatiak zer funtzio duen.
Gizakiak elkarren oso antzekoak gara. Pertsona guztien geneen %99,9 berdinak dira. Gainerako %0,1a da banakoen arteko desberdintasunak eragiten dituena.
Pentsatzen zenaren kontra, gene bakoitzak proteina askoren sintesian parte hartzen du, eta ez bakarrarenean.
Bioteknologiaren Erabilerak
Medikuntzan
Substantziak lortzea, gaixotasunak diagnostikatzeko eta terapia genikoa.
Ingurumenean
Bioerremediazioa: mikroorganismo birkonbinatuak erabiliz lurzoruko edo uretako konposatu kutsagarriak degradatzean datza (adibidez, marea beltzak garbitzeko).
Nekazaritzan
Organismo transgenikoak lortzea.
Klonazioa eta Zelula Amak
Elkarren artean berdin-berdinak diren organismo, zelula edo molekulak sortzeko erabiltzen den teknika da klonazioa. Sexu gabeko ugalketa duten organismoentzat, klonazioa prozesu naturala da eta sarri gertatzen da.
Klonazio Motak
Ugalketa-klonazioa
Ugalketa-klonazioaren helburua banako berdin-berdinak lortzea da. Transferentzia nuklear somatikoa da klonazio mota honetarako gehien erabiltzen den metodoetako bat.
Klonazio Terapeutikoa eta Zelula Amak
Ehunak edo organoak klonatu eta gaixotasunak sendatzeko edo organoen transplanteak egiteko erabiltzean datza teknika hau.
Zelula Amak diferentziatu gabeko zelulak dira, ez dute funtzio jakinik eta eraldatu egin daitezke. Zelula ama bat zatitzen denean, zelula berri bakoitzak zelula ama izaten jarrai dezake edo beste mota bateko zelula bihur daiteke.
Zelula Ama Motak
Enbrioi Zelula Amak
Zelula pluripotentzialak dira, hau da, gorputzeko zelula guztiak sor ditzake. Garapen-egoera goiztiarrean dauden enbrioietatik lortzen dira. Gizakietan, jada ez dago horrelakorik garatzen hasi eta bosgarren egunean.
Zelula Ama Helduak
Zelula heldu hauek zelula mota jakin batzuk soilik sortzeko gai dira. Gorputzeko ehun gehienetan daude, hala nola azalean, odol-sistemetan eta hezur-muinean.
Zelula Ama Induzituak (iPS)
Hauek ere zelula helduak dira, berez zelula ama ez direnak baina laborategietan birprogramatu direnak enbrioi-zelula ama pluripotentzial bihurtzeko.