Frantziako Iraultza: Konbentzioa, Izualdia eta Direktorioa
Konbentzio Nazionala eta Erradikalizazioa (1792-1793)
Oraindik politika sistema berria antolatzen ari zirela, Iraileko Hilketak gertatu ziren. Sans-culotte-ek eraso egin eta preso zeuden aristokrata eta erlijioso guztiak hil zituzten.
Asanblea berri bat eratu zen, menditarrez osatuta. Bertan, Jakobinoak eta Girondinoak nagusitu ziren. Girondinoak errepublikano moderatuak ziren, eta Jakobinoak, berriz, oso erradikalak. Konbentzioak Luis XVI.a epaitu zuen eta 1793an gilotina bidez exekutatu zuten.
Gainerako potentziek gerra deklaratu zioten Frantziari, eta gainera, matxinada erregezale eta ultrakatolikoa piztu zen La Vendée eskualdean. Horrelako giroan, iraultza erradikalizatu egin zen, eta gerra irabazteko armada handitu zuten, jendea masiboki errekrutatuz.
Jakobinoen Diktadura eta Izualdia (1793-1794)
Iraultzak porrot egingo zuen beldur, sans-culotte-ek estatu-kolpea eman zuten Girondinoen aurka, eta Jakobinoek, Robespierrek zuzenduta, botere guztia bereganatu zuten.
Konstituzio Demokratikoa eta Diktadura
Jakobinoek konstituzio demokratiko berria egin zuten, eta bertan, herriaren subiranotasuna eta gizonen sufragio unibertsala onetsi zituzten. Baina botereen banaketa oso ahulduta zegoen; horregatik, Robespierre diktadore gisa aritu zen.
Erregezale batek Marat hiltzeak eta ingelesek Toulon hiriari erasotzeak eragin zuten Jakobinoen Izualdia. Konstituzioa bertan behera utzi zuten eta Susmagarrien Legea onartu zuten. Honen ondorioz, 50.000 pertsona inguru hil zituzten.
Robespierre krisi ekonomikoa geldiarazten saiatu zen, baina ez zuen lortu, eta apurka-apurka boterea galtzen joan zen. Beste atxiloketa batzuk egiten saiatu zen, baina azkenean, epaitu eta exekutatu egin zuten.
Direktorioa eta Napoleonen Gorakada (1795-1799)
Diktadurarik berriro ez izateko, gobernu moderatua eratu zuten, eta III. Urteko Konstituzioa sortu zen:
- Erregimen liberala ezarri zen, subiranotasun nazionala eta botereen banaketan oinarrituta.
- Erregimen moderatua zenez, sufragio zentsitarioa ezarri zuten.
- Botere legegilea bi ganberatan banatu zen.
Botere betearazlea bost kideko Direktorio baten esku geratu zen. Gobernua oso ahul zegoen, eta erregezaleak monarkia berrezartzen saiatu ziren, baina Napoleonek matxinada menderatu zuen. Ekintza horren ondorioz, oso ospetsu bihurtu zen.
Napoleonek Italian Lehen Koalizioa suntsitu zuen. Gero, estatu-kolpea eman zuen, bere burua kontsul izendatuz eta Direktorioa boteretik kenduz.