Frankizia eta Lizentzia: Enpresa Hedapenerako Gakoak
Frankizia
Kontratu honen bidez, enpresa batek (frankiziatzaileak) beste bati (frankiziatuari) produktu edo zerbitzu bat merkaturatzeko eskubidea ematen dio, esparru geografiko zehatz baten barnean eta ordainsari ekonomiko batzuen truke. Frankizia-kontratuaren ezaugarri nagusiak hauek dira:
- Frankiziatua da negozioaren jabea eta, beraz, inbertsioak egiten dituena.
- Frankiziatzaileak izena, marka, presentazio eta diseinu komun bat ematen dizkie denda frankiziatuei. Gainera, dagokion know-how eta laguntza teknikoa ematen ditu.
- Frankiziatuak frankizia horren esklusibitatea du eremu geografiko mugatu batean.
- Frankiziatuak frankiziatzaileari ordainketa ekonomikoak egin behar dizkio.
Frankiziatzailearentzat, frankiziaren bidez hazkunde eta garapenerako aukerak asko handitzen dira. Frankiziatuak, berriz, bere independentzia guztia galdu gabe, frankiziatzailearen abantailak aprobetxatzeko aukera lortzen du. Hori dela eta, frankizia oso erabilia da nazioarteko merkatuetan banaketa- eta merkaturatze-sareak ezartzeko.
Lizentzia
Kontratu honen bidez, lizentziatzaileak lizentziadunari eskubide mugatu bat ematen dio bere eskubide industrialak erabiltzeko. Horien barnean patenteak, marka komertzialak, diseinuak, egile-eskubideak, know-how eta informazio teknikoa egongo lirateke, besteak beste. Eskubide horren truke royalty edo kanon bat ordaindu beharko du lizentziadunak. Lizentzia-kontratua oso erabilia da nazioartean, honela eskubideen jabea den enpresak ingurune berrietan esplotazio-arriskua ekiditen duelako. Bestalde, lizentziadunak, merkatua hobeto ezagutzen duenez, eskubide horiekin lan egiteko aukera izango du.
Zergatik eman lizentzia bat?
Gaur egun lizentzia erabilienetakoen artean teknologiako lizentziak daude. Arrazoi horietan sakonduz, lizentziatzailearen aldetik, lizentzia bat ematea interesgarria izan daiteke zenbait arrazoiengatik. Besteak beste:
- Kostuak eta arriskua elkar banatzen direnez, produktuaren erabilera komertziala ziurtatzeko erabil daiteke.
- Teknologiek gero eta babes ahulagoa dutenez, lizentzia interesgarria izan daiteke, behintzat etekin ekonomiko bat ateratzen zaiolako.
- Merkatua zabaltzeko eta merkatuan teknologia berri bat estandarizatzeko erabil daiteke. Adibidez: VHS bideoa, CD, Pentium, Blu-ray.
- Baliabide ekonomikoak lor daitezke, royaltiez gain, lizentziatzaileak eskaintzen duen laguntza edo asistentzia teknikoko zerbitzuekin.
- Arazo legalak dauden merkatuetan sartzeko erabil daiteke.