Frankismoaren sendotzea eta nazioartekotzea (1945-1959)
ERREGIMENA SENDOTZEA
Bakartuta egotetik nazioartera
· Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean (1945), indar garaileak frankismoa desegiten ahalegindu ziren. Horretarako, nazioartean diktadura isolatzea erabaki zuten: Espainia ez zen NBEn onartua izan, ia herrialde guztiek beren enbaxadoreak atera zituzten Espainiatik, eta Frantziak Espainiarakin zuen muga itxi zuen.
· Egoera aldatu egin zen Gerra Hotzarekin. AEBek antikomunistatzat hartu zuten erregimen frankista; horregatik, aliatua izan zitekeen. Bakartuta edukitzeko jarrera arindu egin zen: 40ko hamarkadaren amaieran, Frantziako muga ireki egin zen, eta berriro ere enbaxadak ezarri ziren. 1953an, bi itun sinatu ziren: bata, Konkordatua, Aita Santuarekin; bestea, Espainaren eta Estatu Batuen arteko Adiskidetasun Ituna. Itun horren esku, AEBetako base militarrak Espainian ezar zitezkeen, laguntza ekonomikoaren truke. 1955ean, Espainia frankista NBEn onartu zuten.
Faxismoa baztertzea, baina diktadurari eustea
· Nazioarteko egoera berriaren ondorioz, Francok aldaketak egin behar izan zituen gobernuan. Falangistek indarra galdu zuten, eta ministerio eta goi-kargu gehienak katolikoen eta monarkikoen esku geratu ziren.
· Erregimeneko alderdirik faxistenak ezabatu egin zituzten, erregimenak onargarriagoa eman zezan: erromatar erako agurrak nahitaezkoa izateari utzi zion, FET y de las JONS Mugimendu Nazional bihurtu zen, eta sistema politikoa arautu egin zen; azken hori demokrazia organikotzat hartu zen. Baina, berez, diktadura gogorrak iraun zuen.
· Giro politiko berriaren eraginez, oposizioak lehenengo ekintzak antolatu zituen. 1956an, istiluak izan ziren Madrilgo unibertsitatean, eta grebak, Asturiasen eta Katalunian.
Aldaketa ekonomikoak, teknokraten etorreraren eraginez
· 50eko hamarkadan, ekonomia pixkanaka hazten hasi zen; horri esker, miseria arindu eta errazionamendua kendu zen. Hala ere, Europako herrialdeetatik gutxien garatutako bat zen oraindik Espainia. Atzerapen ekonomiko horren arrazoia politika autarkikoari eustea zen.
· 50eko hamarkadaren amaieran, Opus Dei talde katolikoarekin lotutako pertsonak iritsi ziren gobernura. Haiek ekonomia garatzeko irizpide teknikoak ezarri zituzten, eta, horregatik, teknokratak deitu zitzaien.
· Agintari berriek egonkortze-plan bat prestatu zuten 1959an, eta enpresa pribatuak sortzea eta atzerriko inbertsioen sarrerak erraztu zituzten. Horrez gain, muga-zergak ere jaitsi egin zituzten, atzerriko produktuak garestitzen baitzituzten, eta autarkia alde batera utzi zuten. Ordutik aurrera, Espainiako ekonomia inguruko herrialdeen sistema kapitalistara hurbildu zen.