Frankismoaren Garapena eta Agonia: Ekonomia, Gizartea eta Oposizioa (1953-1975)
1. Erregimenaren finkatzea
1953an Vatikanoarekin eta Estatu Batuekin sinatutako hitzarmenek, eta 1955ean NBE-n sartzeak, lasaitasun pixka bat eman zioten Frankoren gobernuari.
1.1. Opus Deiko teknokraten ekonomia-erreforma
Frankok, Carrero Blancoren aholkuz, gobernu berria eratu zuen 1957an. Opus Deiko zenbait kide sartu ziren bertan, katoliko hutsen ordez. Kide horiei teknokrata esaten zitzaien. Ekonomian irekitasunaren aldekoak ziren eta politika eta gizarte-gaietan, kontserbadoreak. Zerga-erreforma abian jarri zuten; dolarrak 46 pezeta balio zituen, estatuaren diru-sarrerak handitzeko asmoz. Ondoren, pezeta debaluatu zen, nazioartean sinesgarritasuna lortzeko.
1.2. Lege berriak
Erregimenaren instituzionalizazioa prozesu geldo eta etengabea izan zen, eta erregimenak egoeretara egokitzeko aukera izan zuen, etapa bakoitzeko gobernuen eta erregimenaren beharren arabera.
- 1957: Estatuko Administrazio Zibilaren Araubide Juridikoaren Legea. Gobernuaren eta estatuaren jarduerak bereizi ziren, baina Frankok botere guztia bere esku mantendu zuen.
- 1958: Hitzarmen Kolektiboei buruzko legea, lan esparrua industria-errealitatera egokitzeko.
- 1963: Orden Publikoko Auzitegia sortu zen. Delitu politikoak zibilen esku utziko ziren.
- 1966: Fragak Prentsa Legea aurkeztu zuen.
- 1967: Gizarte Segurantzaren legea. Gizarte-estaldura handitzeko eta nolabaiteko ongizatea lortzeko. Estatua eraikitzen hasi zen, baina Europarekin alderatuta atzerapen handiarekin. Zerga-sistemak iruzur orokorra tolerantzia zuen.
- Geroago: Erlijio Askatasunari buruzko legea, erlijio guztien berdintasuna eta praktika askatasuna aitortuz. Hala ere, katolizismoak pribilegio guztiak mantendu zituen.
- 1969: Ondorengotza Legean xedatutakoarekin, Frankok Joan Karlos Borboikoa izendatu zuen oinordeko.
- 1970: Hezkuntza Lege Orokorra. Derrigorrezko eskolatzea 14 urterarte luzatu zen.
- 1971: Lege Sindikala.
- Geroago: Mugimenduaren eta Kontseilu Nazionalaren Legea eta, azkenik, Lege Organikoa, erreferendum bidez onartua. Nazioartean bere irudia hobetzeko helburuarekin.
Joan Karlosek legeei leialtasuna zin egin zien eta Frankori, mugimenduaren oinarrizko printzipioei.
2. Desarrollismoa: ekonomia-hazkundea eta gizarte-aldaketa
2.1. 1959ko egonkortze plana
1959an egonkortze plana sortu zen eta erregimenaren autarkia-aldia amaitu zen. Nazioarteko erakundeei kontsultatu zitzaien eta onespena jaso zuten. Helburu nagusia ordainketa-balantza orekatzea zen. Horretarako:
- Ekonomia egonkortzea: inflazioa murrizteko, interes-tasak igo, banku-kredituak murriztu eta soldatak izoztu ziren. Defizit publikoa mugatzeko, zerga-erreforma egin eta gastu publikoa murriztu zen.
- Ekonomiaren barne-liberalizazioa: estatuko erakunde esku-hartzaileak ezabatu eta prezio finkoak arautu ziren.
- Kanpo-liberalizazioa: atzerriko inbertsioak erakarri, truke-kanbio bakarra ezarri, pezeta debaluatu eta oztopoak kendu ziren.
Hasieran bizi-baldintzak okerrera egin zuten. Ondorio negatiboak: soldaten izozketa, zenbait zerga igotzea, langabezia handitzea eta lan-orduak murriztea. Ondorio positiboak: inflazioari eustea, industria-esportazioen hazkundea eta ordainketa-balantza orekatuagoa.
2.2. Hazkunde-faktoreak
- Garapen-planak: 1962an Garapen Planerako Komisariotza sortu zen, Lopez Rodoren zuzendaritzapean. 1962tik 1975era hiru plan jarri ziren martxan, eta hirugarrena petrolio-krisiak eten zuen.
- Planen eraginkortasun txikiaren arrazoiak: planak industriara bideratu ziren eta automobilgintza, siderurgia eta sektore kimikoak azkar hazi ziren. Azpiegitura-gabeziak konpontzeko helburua zegoen, baina trenbide eta errepideetako garraio-hobekuntzak ez ziren nahikoak izan. Produktuen banaketan eta merkaturatzean eta enplegu-sorkuntzan huts egin zuten. Analistek diote garapen-planak garrantzitsuak izan zirela hazkunderako, baina ez erabakigarriak.
- Planen arrakasta-gakoak: 1960tik aurrera ekonomia-ziklo ona, merkatu liberalizatua eta sektore giltzarriak atzerriko inbertsioari irekitzea. Gainera, trukeak ugaritu zirenez, Espainiak eta EEEk lehentasunezko hitzarmena sinatu zuten.
- Emigrazioa eta turismoa: asko emigratu zuten lanera, eta familiei dirua bidaltzen zieten. Emigratzaileen diru-bidalketak eta turismoaren diru-sarrerak funtsezkoak izan ziren ordainketa-balantza orekatzeko.
- Atzerriko inbertsioa: funtsezkoa izan zen. Industria errentagarrienetan inbertitu zuten eta teknologia berriak iritsi ziren.
2.3. Ekonomia-hazkunde handia
1960ko hamarkadatik Frankoren erregimenaren amaiera arte, nazio-errenta hirukoiztu zen eta BPGa urteko %7ko erritmoan hazi zen. Espainia herrialde industrializatua bihurtu zen, nekazaritza-ekonomiatik industriara igarota.
2.4. Aldaketak gizartean eta pentsaeran
Garapenak espainiarren ohiturak eta pentsaera aldatu zituen.
Migrazio-prozesua
Biztanleria hazi zen, jaiotza-tasak gora egin zuen eta heriotza-tasa gero eta txikiagoa zen. Migrazioa areagotu zen, eta errenta baxuko landa-biztanleak lan-baldintza hobeen bila joan ziren. Bi bide nagusi izan zituzten: alde batetik Euskadi, Katalunia, Valentzia eta Madrilera, Andaluziatik eta Extremaduratik; bestetik, Europako herrialdeetara (Frantziara, Alemaniara...). Kanpo-emigrazioa irteera-balbula bat izan zen, ez baitzen denentzat enplegua sortzeko gai. Emigrazio Institutu Nazionala eta Emigranteen Antolamenduari buruzko Legea sortu ziren, eta emigratzaile gehienak itzuli egin ziren. Migrazioak ondorio nabarmenak izan zituen: landa-eremu ugari despopulatu ziren eta hiriak bizkor hazi ziren, askotan modu desordenatuan. Ondorioz, familiak banatu ziren, eta gabeziak eta deserrotzeak sortu ziren.
Gizarte-egitura berria
Nekazaritzan oinarritutako ekonomiatik industrian eta zerbitzuetan oinarritutakora igaro zen gizarte-egitura:
- Nekazaritza-jornalariak: emigrazioaren eraginez gutxitu ziren.
- Industriako eta zerbitzuetako langileak: gehien hazi zen taldea izan zen. Langile-mugimenduaren presioari esker, bizimodua hobetu zuten.
- Erdi-klasea: gora egin zuen. Lehen jabe txiki nekazari, eskulangile eta merkatariz osatua zegoen; gerora profesional liberalek, funtzionarioek eta soldatapeko langile espezializatuek osatu zuten.
- Goi-klasea: oso gutxi ziren (nekazaritza-jabeak, administrazioko elitea...), baina indar politiko handia zuten Frankoren erregimenean.
Gizarte modernoago bat
Espainia hiritarrak Espainia landatarra ordezkatu zuen. Langile-klase berri bat sortu zen, eta ekonomia- eta politika-baldintzak hobetzeko borrokatu zen. Eskolatze-mailak gora egin zuen, eta horrek kultura hobetu zuen. Bizi-maila hobetzearekin batera pentsaera-aldaketak etorri ziren. Erlijioak gizartean zuen eragina gutxitu zen; Vatikanoko II. Kontzilioari esker, espainiar asko Elizatik urrundu ziren. Emakumeen rola aldatu zen, kalean lanean hasi baitziren. Jarrera moralean eta familia-harremanetan ere aldaketak izan ziren.
Gizarte kontsumista eta irekia
Ekonomia-maila hobetu zen eta hozkailuak, garbigailuak eta antzekoak eskuratu ahal izan zituzten. Telebista elementu nagusia bihurtu zen. Kontsumismoa indarrez sartu zen. SEAT 600 auto ospetsuaren merkaturatzeak eragin handia izan zuen gizartean: bizimodua aldatu zen, bidaiatzeko eta oporretara joateko aukera zabaldu zen, eta Espainia Europara hurbiltzen hasi zen. Liberalizazio politiko xume eta etengabeak erregimenetik kanpoko kultura sortzeko aukera eman zuen. Espainiako intelektualek kultura eta zientzia bultzatu zituzten. Gizartea frankismoaren oinarrietatik urrundu zen.
Balantzea: herrialde industrializatua, baina ez garatua
Frankoren erregimena diktadura izan zen hasieratik amaierara. Industrializatu bazen ere, desoreka handiak zeuden oraindik, nekazaritza-eremu zabalak baitziren industriaz eta turismoaz gain. Bizi-mailak hobera egin zuen, baina zerbitzuak urriak ziren eta biztanleen zati handi baten kultura-maila oso baxua zen. Teknika-berrikuntzak atzerritik inportatu behar izaten ziren.
3. Oposizioa eta errepresioa
1960ko hamarkadan frankismoaren aurkako oposizioa sektore guztietara hedatu zen. Ezkerraren oposizioaz gain, erregimenaren barruan ere oposizio mota bat sortu zen. Gizarte-desadostasunari dagokionez, ekonomia-hazkundeak ez zuen erregimena sendotu, aitzitik, hondatuz joan zen. Ondorioz, alde batetik langile-mugimenduak agertu ziren. Industria-gune nagusia CCOO sindikatuaren inguruan hazi zen. Sindikatu hura ideologia komunistakoa zen, nahiz eta beste sektoreetara irekia egon. Beste erakunde batzuek sindikalismoarekin lankidetzan jardun zuten.
Bestetik, ikasleen protestak egon ziren. SEU 1965ean desagertu zen eta haren ordez beste erakunde batzuk agertu ziren, esaterako ASU. 1969an Bartzelonako ikasleek errektoretzari eraso zioten, eta ondoren Ruano ikaslea hil zen; teorikoki bere buruaz beste egin zuen, baina poliziaren esku zegoen. Horren ondorioz, Unibertsitatea frankismoaren aurkako gune bihurtu zen, errepresioa salatzen baitzuten. Horiez gain, eskuin muturreko eta ezker muturreko taldeen arteko borrokak ere izan ziren.
Eliza ere erregimenetik urrundu zen. Elizaren hierarkiarekiko harremanak hoztu ziren. Erregimeneko politikariei ez zitzaien batere gustatu espainiar eliza gero eta jarrera independenteagoa izatea.
Oposizio politikoaren protagonista nagusiak alderdi politikoak izan ziren. Horien artetik aktiboena alderdi komunista izan zen. PSOEn banaketa egon arren, Suresneseko Biltzarrean bere burua antolatzen hasi zen 1974an. 1960ko hamarkadan Indar Demokratikoen Batasuna eratu zen, ezkerreko erakundez osatua. Erakunde terroristak ere sortu ziren, FRAP kasu.
1962an, Europako Mugimenduaren IV. Biltzarrera erregimenaren aurkako oposizioa gonbidatu zuten. Bertan demokrazia aldeko adierazpena egin zuten. Baina mugimenduaren prentsak Munichen hitzarmen maltzurra esan zion biltzarrari. Francok krisi hori aprobetxatu zuen gobernu berria eratzeko, itxura ona emateko, baina porrot egin zuen. Ondoren, Juan Cramaurren exekuzioa eman zen.
Mugimendu nazionalista: Katalunian, Kataluniako Ezker Errepublikanoak eta Kataluniako Konbergentzia Demokratikoak Kataluniako Biltzarra eratu zuten, joera nazionalistarekin. Euskadin, berriz, ETA sortu zen, EAJtik banandutako nazio-askatasunerako mugimendu iraultzailea.
4. Frankismoaren agonia
4.1. Hausturak erregimenaren barruan
Erregimenaren barneko tentsioak areagotu ziren, eta hainbat eztabaida sortu ziren. Bertan honako joerak zeuden: irekitasunaren aldekoak, immobilistak eta kontserbadoreak. 1969an MATESA eskandalua izan zen; enpresa horrek ehungintzarako makinak ekoizten zituen. Prentsa-lege berriei esker eskandaluaren berri eman zen eta agerian geratu zen teknokraten eta falangisten arteko botere-borroka. Ondorioz, Frankok gobernu berri bat eratu behar izan zuen, non Carrero Blanco zen boteretsuena.
4.2. Erregimenaren eboluzionatzeko ezintasuna
Eboluziorako ezintasuna nabarmen agerian geratu zen Burgosko prozesuan, non ETAko zenbait kide kondenatu zituzten. Azkenean, diktadoreak kondenatuak indultatu zituen. 1974an UMD sortu zen armadan. 1973an Carrero Blanco gobernuko presidente izendatu zuen, baina ETAk hil zuen atentatu batean. Ondoren, Arias Navarro izendatu zuen gobernuko presidente. Otsailaren 12an bere programa azaldu zuen eta erregimena irekiko zela agindu zuen (otsaileko 12ko espiritua). Baina Arias Navarrok porrot egin zuen, krisi bat zegoelako petrolioan, ordena publikoan eta baita terrorismoan ere. Portugalen Krabelinen iraultzaren ondorioz, gobernuak terrorismoaren aurkako lege berri bat onetsi zuen.
4.3. Frankoren heriotza
1975ean ETAko bi kide eta FRAPeko hiru exekutatu zituzten. Caudilloren jarraitzaileek berriro goraipatu zuten Oriente plazan. Geroago GRAPOk lau polizia hil zituen Madrilen. 1956an Marokoko Protektoratuak independentzia lortu zuen. Fronte Polisarioak Sahararen independentzia aldarrikatu zuen, eta Hassan II.ak Martxa Berdea deritzon mugako eremuen inbasio baketsu eta sinbolikoa egin zuen. Espainiak ez zuen ondo erreakzionatu eta, gerraren beldurrez, azaroaren 14an Madrilgo ituna sinatu zuen. Espainiar Sahara Marokori eta Mauritaniari eman zieten. Franco 1975eko azaroaren 20an hil zen, bere lanak jarraituko zirelakoan. Baina Frankorik gabe, frankismoa ezinezkoa zen.