Frankismoa: Oposizioa eta Nazioarteko Harremanak

Historia5,61 KB

Erbesteratutako oposizioa eta barnealdeko erresistentzia

Frankoren erregimenak izan zuen lehen oposizioa gudari errepublikano ohiek osatu zuten. Haietako askok ihes egin zuten eta mendialdeetan hartu zuten babes. Han gerrillari gisa jardun zuten, beren ideal politikoek bultzatuta, nahiz eta beste batzuk bidelapurretan aritu.

1944 eta 1953 artean maki gerrillari taldeak sortu ziren, gehienak komunistak, eta landa zein mendialdeetan ekintza isolatuak egin zituzten. 1944ko Aran bailarako erasoa izan zen garrantzitsuena, baina porrot egin zuen. Haien aurka eta laguntzaileen kontra zigorrak ezartzeko Bidelapurreta eta Terrorismoa Erreprimitzeko Legea sortu zen.

Garai horretan lan-arloko erreibindikazioak ere ugaritzen hasi ziren, eta pixkanaka grebak antolatzen hasi ziren. Adibidez, Katalunian 1946an eta Euskal Herrian 1947an grebak egin ziren. Greba horiek sistema politikoaren aurkako protestak izan ziren. 1951n gatazkak areagotu egin ziren, eta poliziak hainbat fabrika okupatu zituen, langile asko kanporatuz.

Bestalde, Errepublikako gobernua erbestean ere hainbat ekintza egiten saiatu zen, baina ez zuten eraginkortasun handirik izan, gobernuko kideen artean desadostasunak zeudelako. Gainera, Errepublikako gobernuak uste zuen aliatuek (AEB, Erresuma Batua eta Sobietar Batasuna) Alemania nazia eta Italia faxista garaitu ondoren Espainian ere Franco kendu eta errepublika ezarriko zutela.

Monarkikoen helburua, berriz, monarkia berrezartzea zen. Horretarako Luxanako Adierazpena idatzi zuten. Adierazpen horretan Francoren erregimena legez kanpokotzat jo zuten eta monarkia berrezartzea eskatu zuten, espainiarren arteko adiskidetzea lortzeko. Sozialistek ere bat egin zuten itun horrekin, baina ordurako monarkikoak erregimenarekin akordio batera iritsiak ziren.

Nazioarteko politika: isolamendutik integraziora

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Espainia nazioartean isolatuta geratu zen, gerran izandako jarrera aldakorrengatik. Ofizialki neutroa izan zen, Frantziaren eta Britainia Handiaren inportazioak behar zituelako, baina Alemaniaren eta Italiaren aldeko joera izan zuen. Hala ere, Dibisio Urdina Sobietar Batasunaren aurka bidali zuen, Alemaniaren alde borrokatzera.

1943an Mussolini erori zenean, Espainiak neutraltasun-ituna sinatu zuen, Ameriketako Estatu Batuen blokeo ekonomikoaren beldur zelako. Horrela, Ardatzeko herrialdeei (Italia eta Alemania) bizkarra eman zien eta aliatuei (Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Sobietar Batasuna) mesede egiten hasi zen.

Nazioarteak ez zuen Francoren erregimena onartu, faxistatzat jotzen zuelako. Espainia Nazio Batuetatik baztertu zuten eta Marshall planetik kanpo geratu zen. Hala ere, blokeoa ez zen erabatekoa izan.

Egoera berria eta nazioarteko onarpena

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Frankok egoera ikusita Espainiaren irudia aldatzen saiatu zen. 1945etik aurrera irekitasunaren aldeko joera agertu zen: inportazio batzuk baimendu ziren, estatuaren esku-hartzea murriztu zen eta nekazaritzan hobekuntzak egin ziren produkzioa handitzeko.

1950ean Espainiak nazioarteko onarpena lortzen hasi zen, eta merkataritza-harremanak sinatu zituen Frantziarekin eta Erresuma Batuarekin.

Gerra Hotzean, Estatu Batuek Penintsula Iberiarra estrategikotzat jo zuten eta frankismoaren antikomunismoa baloratu zuten. 1953an bi herrialdeek akordioa sinatu zuten: AEBek laguntza ekonomikoa eman eta base militarrak ezarri zituzten Espainian. Horrela, Frankok bere erregimena sendotu eta nazioarteko irudia hobetu zuen.

1953an Espainiak Vatikanoarekin konkordatua sinatu zuen. Elizak diktadura babesten bazuen ere, Aita Santuak ez zuen ordu arte ofizialki onartu. Hitzarmenaren bidez, Francok erregimen katolikoa sendotu zuen, eta elizak abantailak lortu zituen ekonomian, legeetan eta hezkuntzan.

1955ean Espainia Nazio Batuen Erakundean onartu zuten, eta beste erakunde batzuetan ere sartu zen, hala nola FMI eta UNESCOn. 1958an Espainia OECE erakundean sartu zen. Erakunde horretan sartzeko baldintza bat ekonomia-liberalizazioa bultzatzea zen, eta horregatik Francok autarkia eta interbentzionismoa alde batera uzteko konpromisoa hartu zuen.

Modernizazio ekonomikoa eta teknokratak

Une horretatik aurrera merkatu kapitalistak garatzeko pausoak ematen hasi ziren. Frankok erregimena egoera berrira moldatu zuen: eragin faxista batzuk alde batera utzi zituen eta gobernu berria osatu zuen. Aldi berean, erregimenaren izaera katolikoa indartu zuen eta falangistak gobernuko ministerioetatik baztertzen hasi zen.

Frankok irekiera ekonomikoaren beldur zen, ideologia berrien arriskuagatik. Testuinguru horretan Opus Deiko teknokratak agertu ziren, ekonomian adituak, eta 1957-1959 artean modernizazio ekonomikoa bultzatu zuten erregimen politikoa aldatu gabe. Horretarako liberalizazioa eta arrazionalizazioa sustatu eta Egonkortze Plana onartu zen.

1950eko hamarkadan merkatuaren irekiera txiki bat gertatu zen: esportazioak eta inportazioak handitu ziren, eta Ameriketako Estatu Batuen laguntza ekonomikoari esker inbertsio berriak egin ahal izan ziren. Hazkunde ekonomiko geldo bat suposatu zuen.

Deskargatu

PDF Word HTML