Fotosintesia eta Zelula Ugalketa: Prozesu Biologikoak
Fotosintesiaren Ilunpeko Fasea
Fotosintesiaren ilunpeko fasea kloroplastoetan gertatzen da, eta ez dago argiaren eraginpean. Calvinen zikloa deritzon bide metabolikoa ematen da. Argipeko fasean sortutako ATP eta NADPH molekulak CO2 erreduzitu eta glukosa sortzeko erabiltzen dira. Sortutako glukosa energia sortzeko eta zelula autotrofoek behar dituzten konposatu organikoak sintetizatzeko erabiltzen da.
Ugaltze Funtzioa: Zelula Zikloa
Zelula amak bere nukleoan daukan informazio genetiko guztia zelula kumeei transmititzen die.
Ziklo zelularra zelula batean gertatzen diren gertaera-multzoari deritzo, zatiketa eta bikoizketa (erreplikazioa) barne hartzen dituena. Ziklo zelularraren iraupena zelula motaren araberakoa da, eta bi fase nagusitan banatuta dago: interfasea eta zelularen zatiketa (mitosia eta zitozinesia).
Interfasea
Interfasea zelula sortzen denetik zatitzen hasi arteko aldia da. Hiru fase ditu:
- G1 fasea: Zelula osatu berria hazi egiten da, eta organuluak ugaritzen dira.
- S fasea: ADNa bikoiztu egiten da, eta material genetikoaren bi kopia sortzen dira.
- G2 fasea: Zelula zatitzeko behar diren egiturak sintetizatzen dira. Fase honen ostean, zelularen zatiketa hasten da: mitosia eta zitozinesia.
Mitosia
Mitosia zelula amaren kromosoma kopuru bera duten bi nukleo kume berdin-berdinak sortzen dituen zatiketa zelularra da. Lau fasetan bereizten da:
- Profasea: Kromatidak trinkotu, eta kromosomak sortzen dira. Nukleoaren mintza eta nukleoloa desegituratu eta desagertu egiten dira.
- Metafasea: Kromosomak zelularen ekuatore-planoan kokatzen dira, eta zentrioloek sortutako ardatz-zuntzetara lotzen dira zinetokoroei esker.
- Anafasea: Ardatz-zuntzak laburtu egiten dira, eta kromosoma bakoitzaren bi kromatida ahizpak banandu egiten dira, zelularen aurkako poloetara mugituz.
- Telofasea: Zitozinesia hasten da, eta nukleoaren mintza berriz garatzen da. Kromatida bakarreko 2n kromosoma dituzten bi nukleo kume sortzen dira.
Zitozinesia
Zitoplasma zatitzeko prozesua da, mitosiaren amaieran gertatzen dena.
- Animalia zeluletan: Aktinazko eraztun bat sortzen da, eta zelula estutzen du erdibitu arte.
- Landare zeluletan: Fragmoplastoa izeneko egitura batek erdibitzen du zelula.