Filosofiaren Historia: Sofistetatik Santo Tomasera

Filosofia eta etika14,83 KB

Sofistak: Eszeptizismoa, Erlatibismoa eta Legeak

K.a. V. mendean, demokrazia zen nagusi Atenasen, eta batzar politikoetan hitz egiteko eskubidea aitortzen zitzaien herritarrei. Hiritarrek foruetan eztabaidatu, entzun eta erabakiak hartzen zituzten; horregatik, hitzaren erabilera egokiak garrantzi handia hartu zuen. Testuinguru horretan sortu eta nagusitu ziren sofistak. Sofistak ez ziren atenastarrak; beraz, ez zuten hiriko batzarretan parte hartzeko eskubiderik. Hala ere, kultura jasokoak ziren, eta erretorika-eskolak nahiz elkarrizketarako teknikak saltzen zizkieten aberatsei.

Sofisten arabera, naturak ez zuen ikerketa-gai izan behar, eta horregatik gizakiari eman zioten garrantzi gehiena. Arazo berriak planteatu eta plazaratu zituzten: antropologia, hizkuntza, zuzenbidea, politika eta morala. Errealitatea ikertu ordez, gizakia ikertu behar zela zioten.

Eszeptizismo epistemologikoa

Sofistek zentzumenen garrantzia azpimarratu zuten; izan ere, zentzumenetatik datorkigun informazioa pertsonaz pertsona aldatzen da, norberaren baitan. Horregatik, norberaren esperientziari eman zioten garrantzia. Haien arabera, ez dago pertsona guztien gaineko egirik, eta ondorioz, ezin daiteke ezagutu. Hau da, pertsona adina errealitate daude.

Erlatibismo morala

Sofisten arabera, arau moralak bakoitzaren araberakoak dira; hau da, ez dago denontzat berdin izango den kode moral unibertsalik. Beraz, ondo dagoena eta gaizki dagoena pertsonak berak erabakitzen du.

Legeen konbentzionaltasuna

Ez dago sistema politiko unibertsalik. Izan ere, herrialde bateko legeak eta sistema politikoa bertako kulturaren, erlijioaren eta herritarren nahiaren araberakoak dira. Bertan bizi direnentzat onuragarri nahiz komenigarri diren arau eta legeak hautatzen dira, eta hauek errespetatzeko konpromisoa hartzen da. Horregatik, ezin daiteke leku guztietan sistema politiko bakar bat ezarri; hori dela eta, zenbait sistema politiko desberdin daude martxan munduan.

Sofisten iritziz, elkarrizketetan solaskideak konbentzitzea jokaera arrakastatua da, eta ondorioz, bertutetsua. Platonek ikusmolde hau kritikatu zuen, honen bidez interes pribatuak lehenesten baitira egiaren eta zuzentasunaren gainetik.

Sokrates: Antierlatibismoa eta Maieutika

Sokratesek ez zuen ezer idatzi, eta beraz, berari buruz dakigun guztia hurrengo filosofoengan izan zuen eraginagatik da. Aristotelesen arabera, bi izan ziren Sokratesen ekarpenak: argudiaketa induktiboa eta definizio unibertsala. Horrez gain, bizitzaren zein heriotzaren aurrean jardunbide eredugarria utzi zuen ondorengo filosofoentzat.

Antierlatibismo morala

Sokratesek definizio unibertsalak egon badaudela zioen, gauzen artean zerbait komuna dagoen aldetik. Bere ustez, egia bilatu beharrean norberaren interesen araberako pentsamoldeak ontzat harturik, erlatibismoan erortzen ari ziren atenastarrak. Honi aurre egin nahian, Sokratesek zuzentasunari eta edertasunari definizio zehatzak emateak berebiziko garrantzia duela erakutsi zuen; inori irakatsi ahal izateko, lehenengo iritzi guztien gainetik dagoen morala ezagutu behar dela esanez.

Intelektualismo etikoa

Sokratesek ongia jakintzaren menpe jartzen zuen. Bestela esanda, inork ez du gaizkia egiten nahita, baizik eta jardunbide zuzena ezagutzen ez duelako. Era horretan saiatu zen Sokrates erlatibismoa gainditzen: ezagutza eta etika batuz, alegia. Balore moral unibertsalak defendatzen zituen, ikas zitezkeenak.

Maieutika: Sokratesen metodoa

Maieutika zen Sokratesek erakusteko erabiltzen zuen metodoa, hau da, elkarrizketaren bidez gogoetatzeari ekitea; horrela, definizio unibertsalera (egiara) iritsiz. Horretarako bi urrats jarraitzen zituen:

  • Ironia: Ezjakinaren itxura eginez, elkarrizketan parte hartzen zuen eta solaskideen hasierako jakinduria kritikatzen zuen. Horrela, Sokratesek ideia desegokiak baztertu nahi zituen.
  • Maieutika: Ezagutza gure barnean dagoela defendatzen zuen Sokratesek, eta barneko edukiak kanporatzea zen haren helburua. Beraz, informazio hori ateratzen laguntzea zen Sokratesen xedea.

Giza auziei buruzko elkarrizketan oinarritutako horrelako metodo filosofikoa erabilita, hainbat kontzeptu moralen gaineko ikerketa sakonak egitera heldu zen, eta horregatik, hainbat herritarren ahulezia morala agerian utzi zuen. Hori dela eta, heriotzara kondenatu zuten, eta ihes egiteko aukera izan bazuen ere, uko egin zion; hiriaren legeei men egin nahiago izan baitzuen zigorra bete baino.

Platon: Ideien Teoria eta Dualismoa

Datu biografikoak eta testuinguru historikoa

Platon Atenasen jaio zen, K.a. 427. urtean; garai hartan, demokraziaren gainbehera zegoen Atenasen. Goi-mailako familia batetik zetorren eta politikarako zaletasuna zuen. Arteak eta letrak ikasi zituen, eta baita karrera militarraren oinarrizko hezkuntza jaso ere. Hogei urte zituela, Sokrates ezagutu zuen eta bere taldekide egin zen. Honek benetako jakinduria ezagutzeko bidea erakutsi zion, hau da, sofisten erretorikaren aurka bideratu zuen.

Baina, K.a. 399. urtean, Sokrates epaitu eta heriotzara kondenatu zuten; honek eragin handia izan zuen Platonengan, eta handik aurrera egiaren eta justiziaren bilaketan aritu zen. Sokratesen heriotzaren ondoren, Platonek Atenasetik alde egin zuen eta hainbat bidaia egin zituen; matematika ere ikasi zuen. Geroago, Sirakusara heldu zen, eta Dionisio I.a erregeak gizartea antolatzen eta gobernatzen laguntzeko eskatu zion; baina porrot egin zuen eta esklabu bezala saldu zuten Platon. Bere lagun batek erreskatea ordainduta, Platon Atenasera bueltatu eta Akademia sortu zuen; bertan, politikariak eta gobernariak izango zirenak hezten zituzten askatasun osoz, eta goi-moralak irakasten zizkieten. Aristoteles Platonen ikasle izan zen. Platon K.a. 347. urtean hil zen arren, bere akademiak lanean jarraitu zuen bere pentsamendua mantenduz.

Platonen pentsamendua: Ideien teoria

Platonek dualismo ontologikoa defendatu zuen; hau da, bere ustez, errealitatea bi mundutan banatuta dago: mundu sentikorra eta ideien mundua.

  • Mundu sentikorra: Zentzumenen bidez ezagutzen da eta bertan gauza materialak daude. Ideia baten forma hartu duten materia zatiak dira. Hauek ez dira benetakoak, ideien kopia inperfektuak baizik; eta horregatik, jaio ondoren aldatu, apurtu eta hiltzen dira. Beraz, mundu hau akastuna da, aldakorra eta faltsua, eta ezin daiteke bertatik ezagutza ziurrik lortu.
  • Ideien mundua: Badago erreala den mundu bat. Ideien mundu hori arrazoimenaren bitartez ezagutzen da; bertan ideia unibertsalak daude, egiazkoak eta desagertuko ez direnak. Ez dira materia, beraz, aldaezinak dira, perfektuak eta betikoak.

Testu hau haitzuloaren mitoan islatu zuen Platonek: goiko aldean ideien mundua kokatzen zuen, bertan daude ongia (eguzkia), ezagutza gorena, zientzia... Behealdean, berriz, mundu faltsua (sentikorra) dago; mundu honetan bizi diren pertsonak engainatuta bizi dira eta barne-ibilbide bat egin behar dute benetako errealitatea ezagutzeko.

Platonek ideiak hierarkia batean sailkatzen zituen: Ongia da garrantzitsuena, eta honek laguntzen du beste ideia guztiak ezagutzen. Bigarren mailan etika eta estetika daude (zuzentasuna eta justizia). Ondoren, objektu matematikoak; eta azkenik, zentzumenen munduko izakiei eta objektuei buruzko ideiak.

Ezagutzaren teoria: Zientzia eta iritzia

Platonen ustez, bi ezagutza mota daude: doxa (iritzia) eta episteme (zientzia) edo noesia.

  • Doxa: Zentzumenetatik edo mundu faltsutik jasotzen dugun ezagutza da. Horren barruan bi maila daude: ilusioa (artea, pintura, literatura...) eta sinesmena (mundu aldakorraren azterketa).
  • Episteme: Ideien mundutik jasotzen den ezagutza da, benetakoa. Noesiaren barruan bi maila daude: arrazoimena (zientzia formulak, matematika) eta ezagutza maila gorena (ongia).

Platonek, ezagutza eskuratzeko ikasketa-prozesu bat egin behar dela zioen: dialektika. Norberak barrura begiratuz eta arrazoimena erabiliz egin behar duen ibilbide malkartsua da. Platonen ustez, ezagutza betidanik jakin duguna gogoratzean datza (erreminiszentzia), gure arimak aurreko bizitza batean ideien mundua ezagutu baitu.

Ongiaren kontzeptua

Ongia ezagutzaren azken mailara iritsi zarela adierazten duen sinboloa da. Mundu ulergarriaren parte da eta dialektikaren bidez ezagutzen da. Ongiak argitasuna sinbolizatzen du. Haitzuloaren mitoan eguzkia bezala irudikatzen da. Platonen ustetan, ongia ezagutzen duen pertsona hiriaren agintea bereganatzeko gai izango da, justizia eta zuzentasunaren kontzeptu unibertsalak ezagutuko dituelako.

Dualismo antropologikoa: Gorputza eta arima

Platonek gizakia bi zatitan banatzen zuen: gorputza eta arima. Gorputza hilkorra da eta mundu sentikorraren parte. Arima, ordea, hilezkorra eta jainkozkoa da. Platonek arima transmigratu egiten dela zioen, hau da, gorputz batetik bestera pasatzen dela.

Arima hiru zatitan banatzen zuen, hegodun gurdiaren alegorian azaldu bezala:

  • Zati irritsua: Zaldi beltza, sabelean kokatua (plazerra, mina).
  • Zati oldarkorra: Zaldi zuria, bihotzean kokatua (indarra, kemena).
  • Zati arrazionala: Gurdi-gidaria, buruan kokatua (arrazoimena, jakinduria).

Bertuteak eta hiri ideala

Hiria antolatzeko Platonek arimaren hiru zatiak hartzen zituen kontuan. Hiru gizarte-maila bereizten zituen:

  1. Produktugileak: Nekazariak eta eskulangileak (neurritasuna).
  2. Zaintzaileak: Gudariak (kemena).
  3. Gobernariak: Filosofoak, ongiaren ideiara iritsi direnak (jakinduria).

Justizia lortzeko, bakoitzak bere zeregina burutu behar du. Horrez gain, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzen zuen eta jabetza pribatuaren zein familiaren muga batzuk proposatu zituen goi-mailako taldeentzat, ustelkeria saihesteko.

Aristoteles: Hilemorfismoa eta Politika

Platonen ideien teoriaren kritika: Hilemorfismoa

Platonek eta Aristotelesek eszeptizismoa baztertu zuten; beraientzat errealitatea adigarria da. Baina Aristotelesek mundu fisikoan oinarritu zuen ezagutza. Platonek ez bezala, kontzeptu unibertsalen funtsa errealitatean bertan dagoela defendatzen zuen.

Aristotelesek substantzia eta akzidentearen arteko bereizketa egin zuen. Lehen substantzia inguratzen gaituen errealitate konkretua da. Aldaketa azaltzeko teoria hilemorfikoa proposatu zuen: izakiak materiaz eta formaz osatuta daude. Aldaketa prozesuan hiru une bereizten zituen:

  1. Oraingo izatea (forma).
  2. Mantentzen den subjektua.
  3. Izan daitekeena (potentzialitatea).

Aristotelesen ustez, arima bizitzaren printzipioa da eta gorputzarekin batera hiltzen da; beraz, Platonen erreminiszentzia baztertzen du. Zoriontasunari dagokionez, Aristotelesek uste du bizitzan zehar ondo jokatuz lortzen dela, ohituraren bidez.

Aristotelesen teoria politikoa

Aristotelesen ustez, gizakia animalia politikoa da (zoon politikon), gizartean bizi behar baitu perfekzioa lortzeko. Gobernuak bi motatakoak izan daitezke:

  • Zuzenak: Monarkia, aristokrazia eta errepublika (denon intereserako).
  • Okerrak: Tirania, oligarkia eta demagogia (interes pribaturako).

Praktikan, gobernu onena errepublika dela dio, erdiko bidea delako. Zuzentasuna lortzeko, ezagutzaz gain, bertute etikoak eta zuhurtzia beharrezkoak dira, ohituraz eta esperientziaz lortzen direnak.

San Agustin: Fedea eta Arrazoimena

Datu biografikoak eta testuinguru historikoa

San Agustin 354. urtean jaio zen Numidian. Hasieran manikeista izan zen, baina gero kristautasunera bihurtu zen, platonismoaren eta neoplatonismoaren eraginpean. 396an Hiponako apezpiku izendatu zuten eta 430ean hil zen. Greziako tradizio filosofikoa eta Eskritura Santuak elkartu zituen.

Jainkoaren existentzia eta ideia eredugarriak

Bi izaki bereizten zituen: absolutua (Jainkoa) eta kontingenteak (sortutakoak). Jainkoa egia, ongi eta izaki gorena da. Bere existentzia frogatzeko argudioak erabili zituen:

  • Argudio gnoseologikoa: Egia existitzen denez, Jainkoa (egiaren funtsa) existitzen da.
  • Argudio kosmologikoa: Munduaren ordena eta perfekzioa izaki perfektu baten lana da.

Askatasuna eta gaitzaren arazoa

Gizakia arimaz eta gorputzez osatua dago. Agustinentzat, bekatua askatasuna gaizki erabiltzearen ondorioa da. Gaitzari buruz hiru mota bereizten ditu:

  • Gaitz metafisikoa: Ez da izate bat, ongiaren falta baizik.
  • Gaitz fisikoa: Izaki ustelkorrak izatearen ondorio naturala.
  • Gaitz morala: Aukeramenaren erabilera okerra, Jainkoarengandik urruntzea.

Fedea eta arrazoimena

Agustinen ustez, fedeak eta arrazoimenak bat egin behar dute: "Sinesten dut ulertzeko, ulertzen dut sinesteko". Ezagutza maila gorena jakinduria da, Jainkoak gizakiaren baitan jarritako egia aldagaitzak aurkitzea (argiztapena).

Historiaren filosofia: Bi hiriak

Historia lineala dela dio. Munduko gizakiak bi taldetan banatzen ditu:

  1. Lurreko hiria: Beren burua Jainkoa baino gehiago maite dutenak.
  2. Jainkoaren hiria: Jainkoa norbere burua baino gehiago maite dutenak.

Santo Tomas: Eskolastika eta Bost Ibilbideak

Fedea eta arrazoimena

Santo Tomas XIII. mendeko filosofoa izan zen, eskolastikaren ordezkari nagusia. Aristotelesen eragin handia jaso zuen. Haren ustez, filosofia (arrazoimena) eta teologia (fedea) independenteak dira, baina ez dute gatazkarik izan behar, egia bakarra baitago. Filosofiak fedea indartzen laguntzen du.

Jainkoaren existentzia: Bost ibilbideak

Jainkoaren existentzia a posteriori frogatu behar dela dio, bost bideren bidez:

  1. Mugimendua: Munduan mugimendua dago; beraz, lehen motor mugigabe bat egon behar da (Jainkoa).
  2. Kausa eragilea: Kausa-kate baten hasieran lehen kausa bat egon behar da.
  3. Kontingentzia: Izakiak kontingenteak dira; beraz, izaki beharrezko bat egon behar da existentzia emateko.
  4. Perfekzio mailak: Gauzetan perfekzio mailak daude; beraz, izaki guztiz perfektu bat egon behar da erreferentzia gisa.
  5. Munduaren ordena: Naturak helburu bat du; beraz, adimen goren batek ordenatu behar du (kosmosa).

Deskargatu

PDF Word HTML