Fernando VII.aren Agintaldia: Absolutismoa eta Liberalismoa
Bide batez, konstituzio hau defendatzeko, hiri askotan Milizia Nazionala sortu zuten, liberalismoa armekin defendatzeko taldeak.
Konstituzioa, beraz, Espainiako Erresuma modernizatzeko eta indartzeko tresna bat izan zen. Ia inoiz ez zen indarrean egon, 1812an atera zutenean gerra baitzegoen eta Fernando VII.ak, 1814an Espainiara itzuli zenean, ez baitzuen onartu. Kontuan hartu behar da penintsulako herri gehienak liberalismoaren aurka zeudela. Baina Espainiako klase agintarien sektore zabal batentzat Cadizko Konstituzioa erreferente bat izan zen, derrigorrez bete beharreko programa bat erresuma modernizatzeko eta indartzen ari ziren Frantziaren eta Ingalaterraren parean jartzeko. Espainia estatu indartsu bihurtzeko tresna ezinbestekotzat jotzen zuten.
Independentzia Gerra bukatu zenean ez ziren ausartu konstituzio hau indarrean jartzen. Herriak herri-lurren salmentarekin, merkatarien aberasteko gogoarekin eta zerga gehiagorekin lotzen zuen Cadizko Konstituzioa. Erregimen Zaharrera itzuli nahi zuen. Baina 1820an Riego kapitainak estatu-kolpea eman zuen eta Cadizko Konstituzioa indarrean jarri zuten hiru urtez (1820-1823). Izan ere, Espainian, iraultza liberalaren aldeko estamentu aktibo eta indartsuena armada izan zen, burgesia klase ahula baitzen.
Fernando VII.aren Agintaldia
Valençayko Itunarekin (1813) Fernando VII.ak erregetza berreskuratu zuen. Bere erregealdian honako hiru aldiak bereizten dira:
Seiurteko absolutista (1814-1820)
Absolutismoa berrezartzea
1815etik aurrera absolutismoa ezarri zen Espainian. Gorteetako diputatuen herenak Pertsiarren Manifestua sinatu zuen, gobernu absolutista aldarrikatuz. 1814ko maiatzean Fernando VII.ak estatu-kolpea eman zuen eta Cadizko Gorteek prestatutako lege liberal guztiak indargabetu zituen. Erregimen Zaharra ezarri zuen honako ideiak berrezarriz: gizarte estamentala, jauntxoen erregimena, Inkisizioa, Jesuitei Espainiara itzultzen utzi zien eta elizak bere garrantzia eta eragina berreskuratu zituen.
Bestalde, foruak erabat indarrean jarri ziren; Foru erakundeek antzinatik zuten aginpidea eskuratu zuten.
Krisi ekonomiko larria
Erregimen Zaharreko arazoak ez ziren konpondu. Nekazaritzako, industriako eta merkataritzako arazoak areagotu egin ziren Independentzia Gerraren ondorioz. Ogasunak ez zuen nahiko diru-sarrerarik eta zergak gero eta handiagoak zirenez, Martin de Garay ogasun ministroa kleroari eta nobleziari zergak ordainarazten saiatu zen, baina pribilegiatuek ez zuten inola ere onartu.
Oposizio liberala
Fernando VII.aren aurka matxinadak izan ziren. Garaipena lortu zuen matxinada 1820koa izan zen: Rafael de Riego komandanteak eta Antonio Quiroga koronelak emandako matxinada.
Hiruurteko liberala (1820-1823)
Rafael Riegok eta Antonio Quirogak emandako altxamendu arrakastatsuaren ondoren, matxinada militarra Iberiar penintsulako hainbat tokitara zabaldu zen eta Fernando VII.a 1812ko Konstituzioa zin egitera behartu zuten. Honek foruen abolizioa ekarri zuen. Muga-zergak kostaldera eraman ziren.
Konstituzionalismo liberala
Liberalen artean bi joera nabarmentzen dira:
- Asaldatuak: iraultza erradikalaren alde egiten dute. Sufragio unibertsala eta erregearen zeregin bakarra betearazlea izan behar duela aldarrikatzen dute.
- Moderatuek: erregeak erreformetan esku hartze handiagoa izatearen aldekoak ziren, haren zeregin betearazlea zabaldu eta sufragio mugatua nahi zuten.
Moderatuek zuten gobernuan aginte gehien, baina asaldatuek aginte paralelo bat antolatu zuten, elkarte abertzaleetan eta elkarte sekretuetan.
Kontrairaultza indartzea
Nobleak, kleroa, lur-jabeak eta erregimen absolutistaren aldeko erregezaleak liberalen aurkako oposizio armatua antolatzen hasi ziren. Erregeak laguntza eskatu zion Aliantza Santuari (Europako nazio absolutisten arteko koalizioari) eta 1823an, San Luisen Ehun Mila Semeak armadak Cadizen liberalak garaitu zituen eta Fernando VII.aren aginpide absolutista berrezarri zuen.
Hamarraldi Gaitzesgarria (1823-1833)
Errestaurazio absolutista
Ideia liberalak zituen susmoa hartzen zioten edonoren aurkako zapalkuntza izugarria zen. 1812ko Konstituzioa indargabetu zuten berriro ere eta Erregimen Zaharrera itzuli ziren. Absolutismoaren berrezarpenarekin euskal lurraldeetan Foruak, Batzarrak eta Foru Aldundiak ezarri ziren eta muga-zergak berriro ere barnealdera eraman ziren.
Absolutismoaren porrota
Fernandok ezin izan zion zorrari aurre egin, izan ere, pribilegio estamentalei eutsi zien, ikaragarrizko krisi ekonomikoa eraginez. Europan, aldiz, eskandalu bihurtu zen liberalen aurkako zapalkuntza gogorra. Liberalentzat amnistia eskatu zen, baina hau oso mugatua izan zen. Bestalde, erregezale amorratuak, 'apostoliko' ere deituak, neurri gogorrak ezarri nahi zituzten, Inkisizioa adibidez. Gainera, Fernandoren anaia Karlos Maria Isidroren alde jartzen hasi ziren hauek.
Ondorengotza auzia
Felipe V.ak emandako Lege Salikoaren arabera, emakumeek ezin zuten erregearen ondorengo izan. Baina Fernando VII.ak bere emaztea haurdun zegoela jakitean 'Berrespen Pragmatikoa' ezarri zuen, eta honen bidez emakumeek erregina izateko eskubidea izan zezaketen. Horrela, bere alaba Isabeli tronurako ondorengo izatea ahalbidetu zion. Karlos Maria Isidro ez zegoen ados. Izan ere, Santzio Pragmatikoarengatik izan ez bazen, bera zen erregearen ondorengoa. Horrela, aurrez aurreko bi talde sortu ziren:
- Alde batetik, karlistak (Karlos Maria Isidro errege nahi zutenak), absolutismo monarkikoaren aldekoak.
- Bestaldetik, liberalak Isabelen alde egin zuten. Adin txikikoa zenez, bere ama Maria Kristinaren alde egin zuten.
Fernando 1833an hil zenean, karlistak matxinatu egin ziren eta Karlistaldia hasi zen.