Faxismoa, Nazismoa eta Bigarren Mundu Gerraren Historia
Faxismoa: Ezaugarri nagusiak
Faxismoaren oinarria pentsamolde antidemokratikoa eta antikomunista zen. Buruzagi ahalguztidun batek zuzentzen zuen estatua modu totalitarioan, eta askatasunak deuseztatu ziren.
- Alderdi bakarra ezarri zen.
- Estatuak ekonomian parte hartzen zuen, herrialdea autosufizientea izatea lortzeko (autarkia).
- Estatuak gizartea menderatzen zuen (hezkuntza, komunikabideak).
- Indarkeria eta militarismoa gurtzen zituzten.
- Talde armatuak sortu ziren estilo militarrarekin: himnoa (alkandora beltza), ikurrak, banderak eta kontzentrazio handiak.
Hitler boterera iristea eta erregimen totalitarioa
Hitlerrek legez eskuratu zuen boterea, 1930eko hamarkadaren hasieran Alemanian zegoen krisi eta indarkeria egoerak lagunduta.
- 1933ko urtarrilean, Hindenburgek (errepublikako presidentea) Hitler izendatu zuen kantziler (gobernuburua).
- Hilabete gutxian, naziek botere osoa eskuratu zuten. Lehenbizi, oposizioko alderdiak desegin zituen.
- Komunista batek Reichstagari (Parlamentua) su eman ziola aitzaki hartuta (1933ko otsailaren 28), komunistak kontzentrazio-esparruetan kartzelatu zituzten.
- Gobernu naziak egoera aprobetxatu zuen alderdi politiko eta sindikatu guztiak, nazia izan ezik, legez kanpo uzteko.
- 1934ko ekainean, aurkari politikoak hiltzea agindu zuen Labana Luzeen Gaua delakoan.
- Abuztuan, Hindenburg hil egin zen, eta Hitler Errepublikako presidente bihurtu zen. Hitlerrek hiru kargu nagusi zituen: estatuburua, gobernuburua eta alderdi bakarreko presidentea.
Nazismoaren ideologia eta arrazismoa
1923an, Municheko estatu-kolpean porrot egin ondoren, Hitler kartzelatu zuten, eta bertan Mein Kampf (Nire borroka) idatzi zuen, bere ideiak azalduz.
Faxismo eta nazismoaren ezaugarri amankomunak hauek ziren: buruzagia gurtzea, estatuaren nagusitasuna, indarkeria eta gazteria gorestea. Baina nazismoaren berezko ezaugarria arrazismoa zen.
- Hitlerren ustez, alemaniarrak arraza ariokoak ziren. Arraza arioa “behe mailako” herriei nagusitu behar zitzaien (latindarrak, eslaviarrak, ijitoak eta juduak).
- Hitlerren arabera, arrazen arteko nahasketa eta biztanleria judua zegoelako zegoen Alemania gainbeheran.
- Politika antisemita sistematikoa ezarri zen. 1938an Kristal Hautsien Gaua izan zen: naziek dozenaka judu hil zituzten, dendetan lapurtu zieten, sinagogei su eman zieten eta 26.000 judu kontzentrazio-esparruetan giltzapetu zituzten.
Barne politika: Kontrola eta propaganda
Führerrak, buruzagi ukaezinak, zuzentzen zuen estatua. Biztanleria kontrolatzeko polizia-estatua ezarri zuten. Polizia aparatuaren burua Himmler zen. Bi taldek osatzen zuten:
- S.S. (guardia pertsonala)
- Gestapo (polizia sekretua)
Erregimen naziari eusteko garrantzitsua zen propagandaren erabilera. Arduraduna Goebbels zen. Gazteek nahitaez sartu behar zuten Hitlerren Gazteetan, hezkuntza politiko eta militarra jasotzeko.
Kanpo politika: Espantsionismoa eta berrarmatzea
Pentsamolde nazia espantsionista zen. Alemaniak Versaillesko Itunean ezarritako mugetatik kanpo hedatu behar zuela defendatzen zuen.
- Berrarmatze-plan handia martxan jarri zuen eta nahitaezko soldadutza ezarri zuen berriz. Goering armada indartsu eta moderno bat prestatzeaz arduratu zen.
- Austria inbaditu eta Alemaniari anexionatu zitzaion (Anschluss).
- Txekoslovakia okupatu zuen, Sudeteak inbadituz.
- Herri-lan handiak egiteko politika jarri zen martxan eta enplegu asko sortu ziren. Autarkia zen helburu nagusia, horretarako industria berri asko sortu ziren.
Bigarren Mundu Gerrarako bidea (1929-1939)
1929ko krisiak ondorio politiko eta sozial larriak izan zituen. Japoniak, Italiak eta Alemaniak kanpo politika erasotzaileak eta espantsionistak hasi zituzten, nazionalismo basatia eta aberriarekiko harrokeria bultzatuz.
- 1931: Japoniak Mantxuria inbaditu zuen eta Mantxukuo protektoratua ezarri. Nazioen Elkarteak erakundetik bota zuen (1933).
- 1933: Hitler Alemaniako kantziler hautatu zuten. Bere politikaren oinarriak: Versaillesko Ituna baztertzea, lurraldearen mugak hedatzea eta berrarmatzea. Urrian Nazioen Elkartea utzi zuen.
- 1935: Italiak Etiopia inbaditu zuen koloniak handitu nahian. Nazioen Elkartetik bota zuten.
- 1936: Erroma-Berlin ardatza sortu zen, Alemania eta Italiaren arteko lankidetza-politika. Hitlerrek Antikomintern Ituna sinatu zuen Japoniarekin, Sobietar Batasunaren aurka.
- 1938: Alemaniak Austria inbaditu zuen eta geroago Txekoslovakia (Municheko Konferentziaren ondoren Sudeteak eta gero osoa).
- 1939: Hitlerrek Polonia nahi zuen. Inbasioa prestatzeko, Alemaniak ez erasotzeko itun sekretu bat sinatu zuen SESBekin. Honen arabera, Polonia banatuko zuten eta SESBk Finlandia eta Baltikoko estatuak lortuko zituen.
- 1939ko irailaren 1ean: Alemaniak Polonia inbaditu zuen. Horrela hasi zen Bigarren Mundu Gerra.
Bigarren Mundu Gerra: Ardatzaren ofentsiba (1939-1941)
Alemaniako armadak hilabete batean inbaditu zuen Polonia, blitzkrieg izeneko taktika militarraz (indar erasotzaile guztia fronteko puntu batean biltzean datza).
- Danimarka, Norvegia, Frantzia (Holanda eta Belgika) inbaditu zituen. 1940ko ekainean alemaniarrek Paris okupatu zuten.
- Frantziako lurraldea bi zatitan banatu zen: Atlantikoko aldea alemaniarren agindupean eta gainerakoa Pétain jeneralaren gobernupean (Vichyko Frantzia), baina Hitlerren agintearen mende.
- Hitlerrek Britainia Handia inbaditzea erabaki zuen, eta Britainia Handiko Gudua izan zen ondorioa. Alemaniarrek galdu zuten.
- Afrikako iparraldean, italiarrek zailtasunak izan zituztenez, Alemaniak tropak bidali zituen haiei laguntzeko: Afrika Korps.
- Ekialdetik, Hitlerrek SESB inbaditzea erabaki zuen, komunismoa etsai nagusitzat baitzeukan (1941-06-22).
- Ozeano Barea: Japonia zen potentzia nagusia. 1941eko abenduaren 7an, Japoniako flotak Pearl Harbor eraso zuen (AEBk Ozeano Barean zuen base militarra). Ondorioz, AEB Bigarren Mundu Gerran sartu zen.
Ekialdeko eta Erdialdeko Europa osoa Alemaniaren interesen mende geratu zen. Esplotazio ekonomikoa eta errepresio politikoa ezarri zituzten. Aurkariak eta juduak lan-esparruetan sartu zituzten esklabo bezala lan egiteko, eta sarraskitze-esparruetan milioika pertsona hil zituzten.
Aliatuen garaipena eta gerraren amaiera (1942-1945)
1942tik aurrera, zenbait porroten ondorioz, gerraren norabidea aldatu egin zen:
- Stalingrad: Alemaniarrek Kaukasoko petrolio-erreserbak nahi zituzten. Volga ibaia kontrolatzeko funtsezkoa zen, baina huts egin zuten.
- El Alamein: Afrika Korps Egipto konkistatzen saiatu zen petrolioa kontrolatzeko. Rommel jeneralak gudua galdu zuenez, Afrika Korps-en amaiera izan zen.
- Midway eta Koral itsasoa: Ozeano Barean, japoniarren ofentsiba geldiarazi zuten aliatuek.
1943ko otsailean, aliatuek japoniarrak geldiarazi zituzten Guadalcaneko Guduan, eta erasoari ekin zioten Mac Arthur jeneralaren igel-jauziak izeneko taktika erabiliz. Helburua aurrera egitea eta base militarrak sortzea zen.
Aliatuek, Alemaniak erantzuteko gaitasunik ez zuela eta Errusiaren hedapena mehatxu handia zela oharturik, Normandiako Lehorreratzea hasi zuten 1944ko ekainaren 6an. Helburua mendebaldean fronte bat irekitzea zen, Berlinera errusiarrak baino lehen heltzeko. 1944ko abuztuaren 26an Paris askatu zuten.
- 1945eko apirilaren 30ean, Hitlerrek bere buruaz beste egin zuen, eta maiatzaren 2an, Berlin konkistatu zuten sobietarrek. Europan gerra amaitu zen.
- Ozeano Barean, AEBek aurrera egiten jarraitu zuten Iwo Jima eta Okinawa uharteak okupatuz.
- Truman presidenteak bonba atomikoak erabiltzeko agindua eman zuen, eta bonbek Hiroshima (1945/08/06) eta Nagasaki (1945/08/09) suntsitu zituzten.
- Japoniak errendizioa sinatu zuen 1945eko irailaren 2an.
Bakearen antolaketa eta hitzarmenak
Aliatuak zenbait konferentziatan bildu ziren estrategiak eta bakerako baldintzak adosteko:
- Yaltako Konferentzia (1945eko otsaila): Stalin, Roosevelt eta Churchill bildu ziren. Alemania armadarik gabe gelditu zen eta lau zatitan banatuko zuten (AEB, SESB, Britainia Handia eta Frantzia). NBE (Nazio Batuen Erakundea) sortzea proposatu zen.
- Potsdamgo Konferentzia (1945eko uztaila): Naziek egindako gerrako krimenen arduradunen aurkako epaiketak hastea adostu zen. Poloniaren mugak Oder eta Neisse ibaien artean ezarri ziren.
- Parisko Bakea (1947): SESBek Poloniako ekialdea, Baltikoko estatuak (Estonia, Letonia eta Lituania) eta gainerako Ekialdeko Prusia hartu zituen.
Gerraren ondorioak eta mundu berria
Gerraren ondorioak izugarriak izan ziren:
- Aliatuek kontzentrazio-esparruak aurkitu zituzten, non sei milioi judu hil ziren (Holokaustoa).
- Europa Erdialdean komunikabide-sarea desagertu zen, eta industriaren ekoizpena gerra aurrekoaren bostena zen.
- Gerraren eragilea, neurri handi batean, 1929ko ekonomia-krisia izan zen. Etorkizunean halako egoerarik gerta ez zedin, bi erakunde eratu ziren: Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta Nazioarteko Berreraikuntza eta Garapenerako Bankua.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Mendebaldeko Europak erabat galdu zuen munduko politikaren nagusitasuna, Sobietar Batasunaren eta AEBen mesedetan. Laster beren arteko tirabirak hasiko dira, Gerra Hotza delakoa sortuz.
Nazio Batuen Erakundea (NBE)
1945eko ekainean, 50 herrialde baino gehiagoko ordezkari-bilera bat egin zen San Franciscoko Konferentzian. Bertan NBEko fundazio-gutuna idatzi zuten, erakundearen lau helburu nagusiak zehaztuz:
- Pertsonen eskubideak babestea.
- Bakeari eustea.
- Herrien determinazio librea (deskolonizaziorako ateak irekiz).
- Herrien arteko lankidetza (osasuna, hezkuntza, lana, zientzia eta kultura).