Faxismoa Italian: Mussoliniren botere eskuratzea eta ezaugarriak
Mussolinik boterea eskuratzea
Italian krisi ekonomiko larria zegoen eta alderdi politiko tradizionalek ez zuten jakin egoera zail horri aurre egiten. Biztanleriaren zati handi bat muturreko alderdien alde jartzen hasi zen: alderdi komunista ezkertiarra zen bat, eta Fasci Italiani di Combattimento alderdi eskuindarra bestea. Benito Mussolini zen azken alderdi horren buru.
Aldekoak izan arren, Mussolinik aulki gutxi lortu zituen 1919tik 1921era bitarteko hauteskundeetan. Hori dela eta, boterea indarrez lortzea erabaki zuen. Horretarako, bere alderdiko kide asko bildu zituen Italiaren erdialdeko hainbat herritan, eta handik ibiltzen hasi eta Erroman elkartu ziren. Erromarako Martxak (1922ko urriaren 27tik 28ra) bere helburua lortu zuen, eta Viktor Emanuel III.a erregeak gobernua eratzea eskaini zion Mussoliniri. Mussolinik botere osoa lortu zuen.
Mussoliniren gobernua: faxismoaren ezaugarriak
Faxismoaren erregimenak sei ezaugarri nagusi zituen:
- Oinarria pentsamolde antidemokratikoa eta antikomunista zen.
- Buruzagi ahalguztidun batek (Duce delakoa) zuzentzen zuen estatua, modu totalitarioan. Askatasunak deuseztatu egin ziren. Alderdi bakarra zegoen (alderdi faxista), beraz, ez zegoen hauteskunde askerik.
- Halaber, estatuak ekonomian esku hartzen zuen, herrialdea autarkikoa izatea lortzeko. Hala ere, enpresari pribatuei ere laguntzen zien.
- Estatuak gizartea menderatzen zuen. Edozein oposizio gogor zapaltzen zuten, eta horrez gain, hezkuntza eta komunikabideak kontrolatzen zituzten, iritzi publikoa moldatzeko.
- Nazionalismo basatia eta espantsionista ezarri zuten. Nazionalismo horrek Italiarentzat inperio koloniala sortzea eskatzen zuen.
- Indarkeria eta militarismoa gurtzen zituen. Izan ere, erregimenaren asmoa ez zen aurkaria konbentzitzea, baizik eta nola edo hala desagerraraztea. Aurkari politikoei eta langileei aurre egiteko talde armatuak sortu ziren, eta talde horiek estilo militarra zuten: uniformeak (alkandora beltza), ikurrak (fasces delakoa), banderak eta kontzentrazio handiak.
Nazismoan ezaugarri hauei arrazismoa gehitu zitzaien.