Faxismoa: Ezaugarriak eta Italiaren Kasua
Mugimendu Faxisten Ezaugarri Orokorrak
- Antiliberalismoa: Sortutako sistema parlamentarioaren eta liberalismoaren aurkakoak ziren. Askatasun indibidualek nazioa ahultzen dutenez, hauen desagerpena defendatzen dute.
- Totalitarismoa: Taldearekiko menpekotasuna defendatzen dute; horren ondorioz, estatu korporatibo eta autoritarioa defendatzen dute. Ez da aniztasun politikorik egongo (askatasuna, sindikatuak...). Faxisten helburua klase borroka desagertzea da.
- Muturreko Nazionalismoa: Lehen Mundu Gerraren porrotak eta nahigabeak (Alemania, Italia...) nazionalismo honen pizgarri izango dira. Arrazaren eta nazioaren mitoak inperialismoaren eta lurralde hedapenaren oinarri bihurtuko dira.
- Antikomunismo Bortitza: Ezin dugu ahaztu faxistek, eredu ekonomiko gisa, kapitalismoa defendatzen dutela. Italian eta Alemanian, kapitalista handiek faxistak babestu eta lagunduko dituzte eredu sozialistaren hedapenaren aurkako borrokan.
- Alderdi Bakarra: Gizartea eta estatu erakundeak alderdi bakar baten mende egongo dira. Alderdia eta estatua nahastu egiten dira, erabat bat etorri behar dute. Faxistek sarri erakunde paramilitarrak sortu zituzten, boterera iristeko eta bertan irauteko.
- Arrazakeria: Arrazaren kontzeptua mitifikatu eta gizaki batzuk besteak baino hobeagoak direla defendatuko dute: fisikoki, moralki eta mentalki. Horren adibide dugu arraza arioaren mitoa Alemania nazian.
- Erabateko Lidergoa: Lider bakarra dago: botere guztia kontrolatzen duena eta sarri mitifikatua dagoena. (Horren ondorioz, izen hanpurus horiek erabiltzen dituzte: Führer, Duce, Caudillo...). Lider hau estatuaren eta alderdiaren buru dago.
Faxismoa Italian
Krisi Ekonomiko eta Soziala
Gerra ondorengo produkzio eta inbertsioen beherakadak, langabeziak nekazaritzan eta inflazioak industrian... gatazka sozialak indartuko dituzte: grebak industria eta nekazal guneetan, altxamenduak...
Krisi Politikoa
Alderdi politiko liberalek gerra osteko egoera zaila kudeatzeko eta bideratzeko gaitasun eza erakutsi zuten. Horrek, sistema parlamentarioarekiko kritikak areagotu zituen eta sistemaren aurkako oposizio politikoa indartu, bai ezkerreko espektro politikotik (komunistak, sozialistak...), bai eskuinetik (faxistak).
Krisi Morala
Garaileen artean Italia egon arren, ez zuen espero adina etekinik lortu. Horrek sumindura sentimendu bat piztu zuen jendearengan, gerrak eragin zituen zauritu eta hildako kopuru handia kontuan hartuta.
Mussolini Agintera
Benito Mussolini (1883-1945): Tradizio sozialistako familia xume batean jaio zen. Giro anarkista eta sozialista batean hezi zen. Bere karrera politikoa alderdi sozialista barruan hasi zuen. Klase Borroka aldizkariaren argitaratzaile eta alderdiko Avanti kazetaren buru izan zen (1912-1914). Gerraren alde azaldu zenean, alderditik bota zuten. Horren ondorioz, faxismoaren bidea azkar egin zuen.
1919an Fasci Italiani di Combattimento edo Alkandora Beltzak izeneko mugimendua sortu zuen. Berehala ekin zioten alderdi eta sindikatu komunista eta sozialisten aurkako ekintzei (buruen aurkako atentatuak, egoitzak erre...), maiz enpresa handien nagusiek babestuta eta finantzatuta.
1921ean Fasci-ak Alderdi Nazional Faxista bihurtu ziren, kapitalista handien eta sektore kontserbadoreen dirulaguntzaz; izan ere, azken hauek "arrisku gorriaren" beldur ziren.