Ezagutzaren Teoriak eta Mailak: Filosofiaren Ikuspegiak

Filosofia eta etika5,05 KB

Ezagutzeko Moduak

Dogmatismoa: Ezagutzen dutela ziur dauden pertsonen sineskortasuna adierazten du. Izan ere, gure ezagutzazko ahalmenak horretarako gai direlakoan daude pertsona horiek.

Eszeptizismoa: Honen ustez, ezinezkoa da ezagutza fidagarriak eskuratzea, inoiz ez baitago nahiko frogarik zerbait egiazkotzat hartzeko.

Subjektibismoa eta Erlatibismoa: Unibertsalki baliozkoak diren egiak lortzeko aukerarik ez dagoela uste dute. Subjektibismoaren ustez, egiazkoa zer den jakitea subjektu bakoitzaren esku dago. Erlatibismoaren ustez, aldiz, zerbait egiazkotzat edo gezurrezkotzat jotzea kultura, garai edo giza talde bakoitzaren esku dago.

Pragmatismoa: Egiazkoa eta baliagarria parekatzen ditu. Hau da, baliagarria dela iritziz gero, egiazkotzat jotzen du.

Kritizismoa: Dogmatismoaren eta eszeptizismoaren arteko jarrera da. Egiazko ezagutzak lor daitezke, baina betiere bi hauetako bat eginez gero:

  • Gure ezagutzazko ahalmenak noraino irits daitezkeen argitzen saiatu. Honi kritizismo kantiarra deitzen zaio, noraino ezagutu dezakedan jakiteko.
  • Gure ezagutzak errealitatearekin kritikoki egiaztatu. Honi, arrazionalismo kritikoa deitzen zaio.

Perspektibismoa: José Ortega y Gassetek proposatu zuen, eta hauxe zioen: errealitatea ezagutu daiteke, baina betiere ikuspegi ezberdinak batuz gero. Bere ustez, ikuspegiak batzea da egia. Izan ere, gutako bakoitza eta belaunaldi historiko bakoitza errealitatearen ikuspegi berri batez ohartzen da.

Egiaren Teoriak

Egia Egokitasun Gisa: Objektua (badena) eta subjektua (objektuari buruz zerbait irudikatzen edo esaten duena) ezberdintzen ditu. Egia bi elementu horien arteko bat etortze harremana da: harreman horri elkarrekikotasun edo egokitasun esaten zaio. Horixe da, hain zuzen ere, egiaz egiten dugun kontzeptua: zerbaiti buruz esaten denaren eta zerbait hori denaren arteko bat etortzea.

Egia Koherentzia Gisa: Hegelek landu zuen gehien egiaren teoria hau. Egiaren irizpidea koherentzia da. Horrek aurretik sistema bat egotea eskatzen du, bere printzipio edo arauekin. Aldi berean, izugarrizko garrantzia ematen dio testuinguruari. Beraz, egia edo faltsua ez da esaldi bakarra, baizik eta osotasuna, hau da, esaldiak duen lotura sistemarekin edota testuinguruarekin. Horregatik, esaldi bat egiazkoa izan daiteke egoera batean eta faltsua beste batean.

Egiaren Teoria Pragmatista: William James eta John Dewey filosofoek landu zuten bereiziki teoria hau. Pragmatistek honela diote: ideia bat egiaztatuko da, egiazkoa egingo da, baldin eta ekintzak bere baliagarritasuna edo eraginkortasuna agertzen badu. Baliagarria izango da arazoak konpontzeko eraginkorra dena, eta, baita ere, ondorio onuragarriak dituenean.

Egiaren Adostasunaren Teoria: Teoria hau Jürgen Habermasek garatu zuen, besteak beste. Teoria honen arabera, behar-beharrezkoa da elkarrizketa inguru bat egotea, proposizioen egia elkarlanean ezagutzeko. Egia elkarrizketaren ondorioa da. Ikus dezagun zein diren elkarrizketaren baldintzak: bi pertsona gutxienez, iritzi desberdinak, gai bat, komunikazioa: errespetua, hau da, bestearen argudioak entzuteko prest egotea, zureak emateko eta, garrantzitsuena, zure iritzia aldatzeko prest egotea bestearen arrazoiak zurea baino hobeak badira. Ondotik adostutako egia baieztatu egin beharko da. Egiak deliberazioaren ondorioak dira, eta beti eztabaidagarriak.

Ezagutzaren Mailak

Kanten irudiko, aurrez aipatutako alderdi subjektibo eta objektiboaren konbinaziotik hiru ezagutza maila sortzen dira: iritzia, sinesmena eta jakintza:

1. Iritzia: Subjektuak zerbaiti buruzko iritzia duenean, hori egiazkotzat jotzen da, baina ez du erabateko ziurtasunik izaten.

  • Ikuspegi objektiboari dagokionez, ez du besteek nahitaez onartzeko moduko justifikaziorik aurkitzen. Justifikazio bat objektiboki baliozkoa izango da baldin eta justifikazio hori aztertzen duen izaki arrazional orok ezinbestean onartu badu.
  • Ikuspegi subjektiboari dagokionez, subjektua ez da ausartzen esandakoa ziurtzat jotzen. Beraz, “nire ustez” eta antzeko formulak erabiltzen ditu, baina ez “ziur nago” eta antzekoak.

2. Sinesmena: Subjektuak, zenbaitetan, erabat ziur egoten da pentsatzen duena egia dela, baina guztiek onartuko luketen justifikaziorik ez badu, hori egia dela sinesten du: sinesmen bidez ezagutzen du. Ziurtasun subjektiboa izango da. Sinesten dugunak ez du justifikazio objektibo nahikorik izaten.

3. Jakintza: Zentzu hertsian, oinarri subjektiboak eta objektiboak dituen iritzia da. “Nik badakit…” dioenak erabateko ziurtasun objektiboa du esandako horretan, eta besteak objektiboki konbentzitzeko moduko arrazoiak ere baditu. Ez luke inolako zentzurik zerbait badakigula esan eta barrutik gezurra edo gezurrezkoa dela pentsatzeak. Besteen aurrean horri buruzko arrazoiak emateko gai izatea da zerbait jakitea.

Deskargatu

PDF Word HTML